Mecanerren aldeko ekimenakaz elkarlanean arituko dira Jauzi Ekosoziala, Ekologistak Martxan eta Euskal Gune Ekosozialista taldeak

Nahia Martinez Gondra 2024ko ots. 29a, 10:13

Mecaner lantokiko beharginen aldeko adierazpen bateratua egin zuten martitzenean, otsailaren 27an, Jauzi Ekosoziala, Ekologistak Martxan eta Euskal Gune Ekosozialista talde ekologistek Urdulizen. Hala, langileek orain arte egindako lana eta borroka aitortu zuten erakutsitako "ausardia" nabarmenduz eta trantsizio ekologikorako bidea hautatu izana balioetsiz. Horregatik, sindikatuek unean-unean garatuko dituzten proposamenakaz lankidetzan arituko direla baieztatu dute, eta deialdia egin dute zapatu honetako Mecanerren aldeko manifestaziora batzeko: martxoaren 2an, arrastiko 17:00etan, Urdulizko udaletxean.

Jauzi Ekosoziala, Ekologistak Martxan eta Euskal Gune Ekosozialista talde ekologistek baieztatu dute alternatiba ekosoziala posiblea eta gainera "ezinbestekoa" dela sistema aldatzeko: "Enpleguaren defentsa eta ekoizpen iraunkorraren defentsa bateragarriak izateaz gain, biak beharrezkoak direla erakusten du, eta, beraz, maila lokaletik globalera elkarlanean bat egin behar dutela".

Gainera, adierazi dute Mecanerren itxierari aurre egiteko gizarte osoa batzea beharrezkoa dela: "Eskualdeko langileen, ekologisten eta gizarte-mugimendu eraldatzaileen arteko jarrera komun eta partekatuak bakarrik geldiaraz dezake enpleguaren eta gure gainerako bizi-baldintzen suntsiketa, gaur egun Mecanerri eragiten diona, baina mehatxua gizarte osora hedatzen dena".

Horregatik, talde ekologistek beharginen ekimenak babesteko deia egin dute, martxoaren 2an Urdulizen langileek egingo duten manifestaziorako gonbita eginez herritar eta eragile-sozial guztieti: "Egin dezagun guztion artean fabrika honetan hasitako esperientzia ekosoziala, etorkizuneko gure bizitzak hobetzeko laborategi bat".

Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakurleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun