Talde ekologistek zabaldutako adierazpen bateratuan nabarmendu dute ez dela batere "erraza" Mecanerreko langileek hautatuko alternatiba ekosoziala. Horregatik euren ahalegina goraipatu gura dute aurrera eramaten ari diren prozesuagatik: "Mugimendu ekologistatik eta akademiatik aspalditik gabiltza ohartarazten aberastasunaren metaketa amaigabearen eta materialen erabilera gero eta handiagoaren logika kapitalista bateraezina dela planetaren muga biofisikoekin". Hala, dei egin dute sindikalgintzatik babestera erronka horri aurre egiteko hartzen ari diren iniziatiba eta proposamen guztiak. "Langile guztiekin bat egin eta erakunde sindikalen eta sozialen arteko aliantzak bultzatu nahi ditugu", azpimarratu dute.
Euren elkartasuna adierazi duten eragile eta talde ekologistak hurrengoak dira: Iñaki Antiguedadek (Hidrogeologia- UPV-EHU); Ugo Mayorrek (Biokimika-Biologia- UPV-EHU); David Hoyosek ( Ekonomia-UPV-EHU); Izaro Gorostidik (Zientzia Politikoa-UPV-EHU); Iñaki Barcenak (Zientzia Politikoa-UPV-EHU); Joseba Azkarragak (Soziologia- UPV-EHU); Jauzi Ekosozialak; Gune Ekosozialistak; Sukar Horiak; Greenpeacek eta Ekologistak Martxan Bizkaiak.
Beren aldetik, LAB eta ESK sindikatuek jakinarazi dute egindako lana eta gero, amore ez emateko erabakia hartu dutela, "oraindik badagoelako partida jokatzeko". Otsailerako bi proposamen eztabaidatuko dituzte gaur bertan langileen asanbladan: alde batetik, greba-egun bi eta asteroko mobilizazioak egitea, kontsulta-aldira arte irailaren 1ean hasi zuten prozesuari eta borrokari ekarpena egiteko, eta, bestetik, Urdulizen manifestazio handi bat antolatzea Mecanerren deslokalizazioaren eta itxieraren aurka.
Bien bitartean, ELA sindikatuak deituta, Mecanerreko langileek greba mugagabeari ekin diote atzotik, otsailaren 7tik: "Jarraipen zabala izan du, eta enpresako hainbat ataletan gelditu da ekoizpena". Hala, sindikatuak adierazi du Stellantisek Urdulizko lantegia ixteko hartutako erabakiaren aurkako neurri gisa erabaki duela greba mugagabea, "enplegu erregulazioko espedientearen kontsultaldia hasteko hilabete falta denean". Bere esanetan, "greba hori ezin izan zen gainerako sindikatuekin adostu".