Gaur, martxoak 13, Urdulizko lantokiaren aurrean egindako agerraldian Mecanerreko batzordeko langileek argi adierazi dute Stellantisek ez duela lantokiaren etorkizunaz eta 148 langileez hitz egiteko asmorik: "Sindikatuek negoziazioa alternatibak bilatzeko eta Mecanerreko industria-jarduerarekin jarraitzeko irtenbide bat bilatzeko baliatu behar dela pentsatzen eta eskatzen dugun bitartean, Stellantis lehenengo minututik ari da itxiera eta horren baldintza jakin batzuetan negoziatzen".
Hala, deitoratu dute Mecaner "errentagarritasun ezagatik" ixtea aitzakia dela. "Stellantis-ek % 18 handitu zuen Espainiako estatuan 2023an izandako auto-ekoizpena eta bere mihiztatze-instalazioek Espainiako estatuko automobil % 100 elektrikoen % 90 ekoitzi dute, eta horrek esan nahi du ondo kokatuta dagoela etorkizun hurbileko ekoizpen-eraldaketetarako". Halaber, salatu dute multinazionalak deslokalizazioa irabaziak areagotzeko erabiliko duela, langileen proposamen eta alternatibei kasu egin gabe.
Horregatik, Mecanerreko LAB eta ESK sindikatuko langileek greba mugagabeari ekitea erabaki du; ELA sindikatuak urtarril amaieratik hartu zuen greba mugagabearen bidea. Langileek hori erabaki dute "Stellantisi eta Eusko Jaurlaritzari Mekanerrentzako alternatibak bilatzeko exijitzeko, bai eta lantegiaren itxiera saihesteko indarrak batzeko ere". Modu horretan, gogoratu dute lantegiaren etorkizuna oraindino ez dagoela erabakita eta erakundeei eskatzen jarraituko dietela "erantzukizuna eta konpromisoa" har ditzatela.