Urdulizko Mecanerren greba mugagabearen aldeko apustua egin du ELAk

Nahia Martinez Gondra 2024ko urt. 30a, 13:56

Beharginek Mecaner aurrean egindako elkarretaratzea, iraileko artxibo irudia.

Urdulizko Mecaner enpresaren egungo egoera dela eta, inoiz baino gehiago lantokiaren greba mugagabearen premia ikusten du ELAk. Sindikatuaren esanetan, eurek hasieratik egin zuten greba mugagabea deitzearen alde, enplegua eta enpresaren bideragarritasuna defendatzeko asmoz. Hala, greba aldarrikatu du langileen eskubideak defendatzeko tresna gisa eta Urdulizko lantegia salbatzeko borroka areagotzearen alde.

ELA sindikatuak azpimarratu du "behin eta berriz" salatu duela itxieraren atzean dagoela planta deslokalizatzeko xedea. Hori dela eta, "hasiera-hasieratik" planteatu zuen greba mugagabea, baina adierazi du gainerako sindikatuak ez zetozela bat planteamendu horregaz. Orain, enplegu erregulazioko espedientearen kontsultaldia hasteko hilabete falta denean, "inoiz baino beharrezkoagoa" ikusten du greba: "Stellantis taldearen aurrean mobilizazioak indartzeko unea da, 148 langile kalean gera ez daitezen, enpresak  irabaziak izan dituen arren. Horregatik, ELAk bere apustua berresten du".

Era berean, ELAk erakundeei eskatu die politika publikoak aldatzeko eta irtenbide baten bila lan egiteko, enplegua suntsitu edo Mecanerreko plantillaren lan baldintzak okertu gabe. "Ezin da onartu Stellantisek Mecaner ixtea, enpresa bideragarria baita", deitoratu du sindikatuak. 

Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakurleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun