Ehun industrialaren suntsiketaren erantzulea EAJ dela salatu dute Mecanerreko langileek

Izaro Garcia 2024ko apirilaren 10a

Gaur goizean, Bilboko Sabin Etxearen aurrean. © LAB

Gaur goizean, Urdulizko Mecanerreko langileak Sabin Etxearen aurrean bildu dira, Bilboko EAJren egoitzan. Hauteskunde kanpaina garaia dela eta, langileek salatu dute EAJri ahoa bete zaiola industriaz eta etorkizunaz hitz egiten. Horregatik, deitoratu dute orain dela unea "promesa elektoral horietatik kanpo ausardiaz pausuak emateko".

Eusko Jaurlaritzaren buru izan den EAJ alderdiari Euskal Herriko industria defendatzeko neurriak har ditzan eta trantsizio sozialki justua eta jasangarria ahalbidetu dezan neurriak hartzeko exijitu nahi izan diote gaur goizean Mecanerreko langileek.

Hala, deitoratu dute "ehun industrialaren suntsiketa eta lanpostuen desagerpenaren erantzukizuna eta ardura politikoa" EAJrena dela. Horregatik, beharginek ondorengoa exijitu diete: alde batetik, Euskal Herriko industriaren eta enpleguaren etorkizuna bermatuko duten industria-politikak egitea, eta, bestetik, industriaren eta automobilgintzaren trantsizio sozialki justua eta jasangarria aurrera eramateko neurriak hartzea. Azken hori posible egiteko, trantsizio batzordeak sortu beharko dituzte.

Hala, Mecanerren etorkizunari dagokionez, oraindino geroa erabakita ez dagoela baieztatu dute. Halere, itxiera saihesteko borondate politikoa behar dela nabarmendu dute. “Aukerak daude eta garaiz gaude, ardura zuena da”, adierazi dute enpresa-batzordeko ordezkariek.