LABek azaldu duenez, beharrezkoa da etorkizunean Eusko Jaurlaritzak zuzenean esku hartzea industria-politika aldatzeko eta industria-ehunari eta lanpostuei eusten laguntzeko. Modu horretan, beharrezko ikusten duten trantsizio ekologikoa eraiki ahal izango dute. Mecanerren instalazioetan lan-baldintza duinak bermatuko dituen industria-proiektu bat finkatu gura dute, bertan lan egin duten langileen eskubideak kontuan hartuz eta "ekologia eta jendartean ekarpena egingo duen ekoizpena" erdigunean kokatuz.
Era berean, positiboki baloratu du ELA sindikatuaren jarrera aldaketa, izan ere, plan bat duela iragarri du. Hala ere, LABek bere harridura agertu du jakitean aldebakarreko bilera bat egin duela Industriagaz, "Mecanerreko hirugarren sindikatuak plana egiteko lehenengo prozesua oztopatu eta, ostean, prestigioa kendu dionean". Azaldu du ELA izan dela, hain zuzen, EEEa sinatzeko eta haren kausak diruaren truke abalatzeko prest egon den sindikatu bakarra.
Hala ere, LABek ELA gonbidatu du egindako plan hori langileen eta Mecanerren aldeko eragileen aurrean azaltzeko hurrengo maiatzaren 28an Urdulizen egingo duten asanbladan. "Espero dezagun sindikatu honek benetako borondate zintzoa izatea Mecanerren etorkizunaren alde lan egiteko protagonismorik gabe, orain arte defendatu dituzten interes korporatibistak alde batera utzita", adierazi du LABek.