Elkarrizketak

Inola Elkarte Feminista: "Urteurrenean omenaldia egin nahi diegu landa-eremuko emakumeei, zaintza eta baserriko lanak aurrera eramateagatik"

Nahia Martinez Gondra 2024ko eka. 7a, 09:59

Gimenez eta Uribaso Inola Elkarte Feministako kideak.

Urdulizko Inola Elkarte Feministak hiru hamarkada daramatza herrian feminismoa bultzatzen. Hori dela eta, gaur, barikua, egitarau berezia prestatu dute militantzia urte hauek ospatzeko. Zaloa Unibaso Larrondo eta Olga Gimenez kideakaz batu gara Inolako egoitzan elkarteak bizi duen bilakaeraz berba egiteko, baita urteurrenerako plangintza hurbiletik ezagutzeko ere.

Zer duzue prestatuta gaurko?

Olga Gimenez: Arrastiko 18:00etan baserritarrei omenaldia egingo diegu. Joan den azaroko greba feministan bizitzak eta zaintzak erdigunean jarri genituen. Horregatik, Urdulizen eta inguruko landa-eremuetan bizitza aurrera eramateko baserrian lan egin behar zuten. Lan hori nahiko ikusezina zenez, omenaldi bat egin nahi diegu emakume baserritarrei, egiten duten lanarengatik.

Iraganean, batzuk euren kontsumo propiorako egiten zuten lan hori, baina beste batzuk, Portugaletera, Algortara edota Plentziara joaten ziren euren produktuak saltzera. Hala, diru pixka bat ateratzen zuten beste produktu batzuk erosteko: azukrea, kafea, etab. Landa-eremuko sei emakume etorriko dira eta ideia da solasaldi informal bat egitea haiek kontatzeko nolakoa zen euren bizitza, zer nolako lanak egiten zituzten eta nola egiten zuten baserriko lanak baita umeen zaintza aurrera eramateko ere. Gaur egun, emakume baserritar gutxi daude baina haien errealitatea iraganakoekin alderatuta, guztiz ezberdina da. Orain, baserriko lanak egiteko makina modernoagoak daude, adibidez.

Zaloa Unibaso Larrondo: Hori eta gero, 19:30ean, Alazne Etxebarriaren "Hortik ere ateratzen da" bakarrizketa izango dugu. Horrela, umorearen bidez, ondo pasatzea ere bilatzen dugu.

Jendea espero duzue?

O.G.: Bai, hainbat lagun daude momentuz apuntatuta. Baina egia da konturatzen garela jendeari kostatzen zaiola horrelako gauzetara etortzea. Izan ere, azken hilabeteetan hainbat hitzaldi egon dira: jazarpen obstetrikoa, autolesioak nerabeetan, ziberbullynga... Gure ustez interesgarriak diren gauzak antolatzen ditugu, baina jendeari kostatzen zaio etortzea. Horregatik, bakarrizketa ere antolatu dugu, horrelako gauzetara jendea bai animatzen delako. Bazkideek lehentasuna dute etortzeko eta gero gonbidapena zabaltzen dugu herrira eta eskualdera.

Sartu zinetenetik nola aldatu da Inola 30 urte hauetan?

Z. U. L.: Duela 8 urte, aurreko zuzendaritza batzordeak utzi zuen, eta beste batzuk animatu ginen. Hasieran, sei ginen, eta orain, hiru. Beraz, pilo bat aldatu da. Elkartean hasi nintzenean, zumba egitera etortzen nintzen eta pila bat kide zeuden. Baina guk zuzendaritza hartu genuenean, formaltasun batean egokitu genuen elkartea eta kirolak kendu genituen. Pentsatu genuen horiek kiroldegian egin ahal zituztela eta ez hemen. Aldaketa hori egitean jende askok baja eman zuten.

Zer eskaintzen dio Inolak Urdulizi?

O.G.: Saiatzen gara jendeari eskatzen ekintzen balorazioak eta proposamenak ere onartzen ditugu. Tailer, aurkezpen edota hitzaldi bat egin nahi baduzu prest gaude horri toki bat egiteko. Guk hitzaldiak eta tailerrak antolatzen ditugu, lehen esan bezala. Martxoaren 8an eta Azaroaren 25ean ere ekintzak antolatzen ditugu. Egia da, hala ere, nahikoa ahul gaudela jendearen konpromiso faltagatik. Hitzaldiaren arabera, jendeari kostatzen zaio etortzea eta pena bat da, guk Emakunderi diru-laguntza eskatzen diogulako eta horri esker antolatzen dugulako dena. Herriko gunea gara, beraz, jendeak Inolako egoitza erabil dezake.

Zuei pertsonalki zer ematen dizue Inolak?

O.G.: Militantzia gune bat da, feminismoa erdigunean dagoena. Noizbehinka zaila da. Hau lehen emakumeen elkartea zen, betikoa. Gero, elkarte feminista izatera igaro zen. Hala, beste adin eta profil batentzako gunea bilakatu da eta aldaketa hori oso zaila izaten ari da. Neska gazteak etortzea asko kostatzen ari zaigu. Erronka bat da guretzako pentsatzea zer eta nola egin behar ditugun gauzak jendea erakartzeko.

Z. U. L.: Baina egia da azkenean taldea egitea lortu dugula eta lagunak egiten dituzula. 5.000 biztanle gara Urdulizen baina 40 bazkide inguru gara.

O.G.: Bai, ikasi ere egin dugu. Zerbait ez denean ondo ateratzen, hurrengorako hobetzen saiatzen gara. Gainera, harremanetan gaude ere Mankomunitateko Berdintasun zerbitzuarekin eta Urdulizko Udalarekin. Saiatzen gara ere euren proposamenak eta ekimenak bultzatzen.

Erlazionatuak

Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakurleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun