Uribe Kostako lehen sektorea

Saioa Alvarez: "Emakume baserritarrak ekintzaileak ere badirela ikusarazi nahi dugu"

Ander Zarraga 2024ko aza. 20a, 13:12

Sektoreko hainbat eragilek parte hartu zuten Derioko jardunaldian. © AMATERRA

Landa-eremuko giza-dinamizatzailea eta Bizkaiko emakume baserritarrentzako lan-planaren teknikaria da Saioa Alvarez. Bera Urdulizko Amaterra aholkularitza-enpresako kidea da, eta, joan den urriaren 15ean, Landa Eremuko Emakumeen Nazioarteko Egunean parte hartu zuen, Derion.

Nola laburbilduko zenuke urriaren 15ean Derion bizitakoa?

Aldarrikapen eta ospakizun eguna izateaz gain, gure lan-plana ere aurkeztu genuen. Emakume baserritarrak ekintzaileak ere badirela ikusarazi nahi dugu eta horien esperientziak mahai gainean jarri. Horretarako, adibidez, parte hartu zuten elkarteetako ordezkariek harro sentiarazten dien proiektu edo ekintzaren bat azaldu zuten. Oro har, nahiko pozik atera ginen danok, ez delako ohikoa kaleko eta landako emakume ekintzaileen arteko halako topaketak izatea, eta emakume ekintzaile moduan saretuta eta babestuta egotea zein garrantzitsua den ere sentitu genuen.

"Hemendik 10-15 urtera esplotazioen % 40 jubilatu egingo dira; hala ere, gutxika-gutxika jendea sartzen ari da, beraz, badaude baserrian lan egiteko interesa dutenak ere". Saioa Alvarez Bizkaiko emakume baserritarrentzako lan-planaren teknikaria da.

Zertan datza aurkeztu zenuten lan-plana?

Enpresa txiki bat gara eta lehen sektorearen inguruan aholkularitza-lanak egiten ditugu. Politika publikoetatik eragiten dugu eta, gure bezero nagusiak administrazio publikoak badira ere, gure azken helburua dira lehen sektorean ari direnak edo horretara sartu gura duten pertsonak. Guk bidea errazteko lan egiten dugu; administrazioak dituen tresnak martxan jartzen ditugu lehen sektorea dinamizatzeko. Iaz, Bizkaiko Foru Aldundiarekin hasi ginen lanean emakume baserritarren interesekoak ziren tailerrak egin gura zituztelako: zaintza-lanak, laguntzak, erreleboa, digitalizazioa... Horiei esker, emakume baserritarren beharrak identifikatu genituen, eta Aldundiagaz eta EmakumeEkin, Etxaldeko Emakumeak, Saskia eta Landa XXI elkarteakaz Bizkaiko emakume baserritarrentzako lan-plana ari gara garatzen. Oro har, egitasmo honen lan-ildo nagusiak dira informazioa, trebakuntza, babesa eta koordinazioa.

Gaur gaurkoz, zeintzuk dira lehen sektorean sartzeko identifikatu dituzuen oztopo nagusiak?

Eredua bera da arazoa. Emakumeek baserria aurrera atera arren, ikusezinak izan direlako eta ez direlako jabeak izan. Beraien eredua beti oinarritu da txikian, ekologikoan, dibertsifikatuan eta salmenta zuzenean. Horiei esker mantendu dira herrietako merkatu-plazak eta ingurumena zaintzen duten ereduak. Arazoa da eredu txiki hori folklorizatu egin dugula, eta ahaztu egin dugula emakume baserritarren eredu horrek, ingurumena, animaliak, pertsona nagusiak, umeak eta, oro har, baserria zaintzen dutela.

 

"Bizkaian 235 esplotazio profesionalek dute emakume bat titular moduan, bai nekazaritzan zein abeltzaintzan; hori guztien herena da, gutxi gorabehera"

Hori jakinda, zer da proposatzen duzuena?

Administrazioak dituen baliabideak erabiltzen ditugu edo sortzen ditugu egoerari buelta bat emateko. Familiako baserri tradizionalaren eredua aldatzen ari da eta garai berri hauetarako baliabideak sortzea da gure helburua. Baserri munduan sartzea ez da erraza, batez ere, kanpotik datozenentzako, baina gure helburua da bidea egitea.

Zein da Uribe Kostako ekoizleakaz egiten duzuen lana?

Besteak beste, guk Uribe eskualdeko Jata Ondo Landa Garapenerako Elkarteagaz egin dugu lan. Eskualdean salmenta zuzena egiten duten 30 bat ekoizle txiki elkarrizketatu genituen eta elkartearen webgunean zerrenda bat argitaratu genuen azalduz bakoitzak zer ekoizten duen eta non saltzen duen. Garrantzitsua da horiek ikusaraztea ekoizle horiek bestelako ikuspuntu bat daukatelako ingurumena zaintzearen, dibertsifikazioaren eta biodibertsitatearen inguruan.   

Erlazionatuak

Eskualdea ereiten

Iker Rincon Moreno aza 08 Uribe Kosta

Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakurleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun