Gotzone Butron: "Sekula ez da berandu edonolako arte-adierazpenari ekiteko"

Ander Zarraga 2025ko urt. 3a, 11:23

Gotzone Butronek aurreko abenduan jaso zuen Karmele Igartua Sorkuntza Bekaren saria Aretxabaletan. © MIREIA BIKUÑA/GOIENA

Karmele Igartua Sorkuntza Bekaren 14. edizioko lehen saria jaso du Gotzone Butron idazle urduliztarrak Kaiolatuak ipuinagatik. Epaimahaikide izan den Pako Aristi idazleak ipuinaren egitura, suspensea eta amaiera metaforikoa goraipatu ditu.

Guztira 17 lan aurkeztu ziren iazko 14. Karmele Igartua Sorkuntza Bekara, baina epaimahaiak Gotzone Butronen Kaiolatuak proposamena aukeratu zuen. Hala, Butronek 2.500 euroko dirusaria bereganatu eta Bergarako Idazle Eskolak 2025ean antolatuko dituen edozein modulutan parte hartzeko aukera eskuratu ditu. Kaiolatuak ipuina Idazle Eskolako idazten.com webgunean irakurri daiteke.

Hala deskribatu du du urduliztarrak bere lana: "Kaiolatuak metafora bat da, danok bizi garelako, nonoz, ahultasunen edo obsesioen menpe, baina sortzen diren aukerak, xumeak izanda ere, aprobetxatzen badoguz onik urten gaitezke, ipuinaren protagonistak bezala: bi musikari gazte eta harakin edadetu bat. Umorea ere badu ipuinak".

Azpimarratu duenez, Karmele Igartua Sorkuntza Beka "sari eder bat da, idaztea jarduera bakartia delako, eta errekonozimendu honek hauspoa ematen didalako aurrera egiteko". Horregaz batera, Igartuari bereari ere aipamen berezia egin gura izan dio Butronek, bera bezala, helduaroan idazten hasi zen emakume langilea zelako: "Neu be, berrogeita hamar urterekin hasi naiz idazten, halandaze, sekula ez da berandu edonolako arte-adierazpenari ekiteko".

Sardinerak ipuin ilustratuaren egilea, filosofian lizentziatua eta liburuzaina da Abusu liburutegian ere da, eta, laster, lan gehiago argitaratzeko asmoa duela iragarri du. Momentuz, aurreratu du narrazio liburu bat eta gaztetxoentzako ipuin bat egiten ari dela. "Horiez gain, bi album ilustratu lantzen ari gara Aitziber Raya ilustratzaile derioztarra eta biok, bata haur jaioberriei zuzendua, eta bestea, lehen irakurleei".

Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakurleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun