Biharkoa "azkenengo mobilizazioa" izatea espero du Sarek, "mendekua eta gorrotoa atzean geratuko diren seinale". Bitartean, "bizikidetzaren aldeko pausoak eskatzen dituen herri honekin zer ikusirik ez duen jarrerak" salatzen jarraituko du.
Helburutzat du Sarek giza eskubideen gaia abenduaren 20ko hauteskundeetatik irtendako "aktore politiko berrien mahaian jartzea". Baita "betiko eragileen" agendan ere: "Nabaritu behar dute, gertu gainera, herri honek harriak mugitu nahi dituela".
Zapatuan ideologia desberdina duten pertsonak bildu gura ditu Sare herritarrak Bilbon eta Baionan, giza eskubideen defentsan. "Eta giza eskubideen defentsan sakondu nahi duten guzti-guztiek tokia dute larunbateko mobilizazioan". Teresa Toda bozeramailearen arabera, "nahiz eta alboan dagoenarekin bat ez egin, ezberdintasunak beste egun eta leku baterako utzi behar dira". Horrela jokatzeko prest daudenak "elkarguneko pertsonak" dira. Besteak beste, Rosa Rodero, Iñaki Lasagabaster, Fermin Muguruza, Juan Mari Olano, Gemma Zabaleta edota Inaxio Kortabarriak babestu dute biharko deialdia. Horiek izango dira pankarta eusten parte hartuko duten lagunetako batzuk.
Bihar 17:00etan, Casilla plazatik udaletxera abiatuko den manifestazioan goiburu komun batek batuko ditu manifestariak: 'Giza eskubideen, konponbidearen eta bakearen alde. Euskal presoak Euskal Herrira'. Hortaz, iazko ibilbide eta formatu aldaketaren ondoren, eredu klasikoa berreskuratuko du martxak. "Manifestazio bakarra, pankarta bakarra, lelo bakarra izango da", zehaztu du Teresa Todak. Amaieran, udaletxean, Zuriñe Hidalgo eta Xabier Eguzkitzek zuzenduko dute ekitaldia. Bertan parte hartuko dute zenbait musika taldek eta kirolarik ere.
Giza eskubideak
Nazio mailan ere, hiru algortar ezagunek manifestazioan parte hartzeko gonbita egin dute: Iñaki Zarraoa Getxoko alkate ohi eta Gure Esku Dagoren zuzendaritzako kidea, Laura Mintegi idazle, EHUko irakasle eta EH Bilduren legebiltzarkide ohia eta Gorka Espiau Agirre Lehendakari Centerreko kidea. Iñaki Zarraoaren ustez, "hemen eta munduan egoera txarrean gaude. Giza eskubideek gutxi balio dute, eta badirudi gobernu batek edozer gauza egin dezakeela. Horren kontra azaldu beharra dago, askotan normalak iruditzen zaizkigulako zenbait gauza, eta ez da normala hainbeste urtez jende hau kanpoan egotea, eta euren zaintza behar bezalakoa ez izatea. Humanidadearen izenean, egoerak aldatu behar du".
Diru-bilketa
Sare herritarrak neurri zorrotzak hartuko dituela iragarri du: manifestazioko gastuak ordaintzera "soilik" bideratuko den boluntarioek jasotako dirua bost pertsonak zainduko dute, "iazkoa errepika ez dadin". Izan ere, agindu judizial baten ondorioz iazko manifestazioan bildutako dirua Guardia Zibilak konfiskatu zuen.
Gaur arte iraun duen "zulo ekonomikoa" eragin zion Sare herritarrari iazko manifestazioan bildutako dirua konfiskatzeak. "Kaltea", Sarek zein mobilizazioan egon ziren enpresa denek pairatu dute. Manifestazioa bukatu eta 24 ordura Guardia Zibilak LABen Bilboko egoitzatik eraman zuen manifestazioko gastuak ordaintzera Sarek bideratu behar zuen dirua. Gaur Joseba Azkarragak gogoratu duenez, "bidegabea" eta "froga gabea" den erabaki judizial batean oinarritutako ekintza izan zen. Erabaki horren aurka Sarek aurkeztutako errekurtsoari oraindik orain "ez zaio erantzun", Azkarragak adierazi duenez.
Horregatik, aurtengoan, "gaizki ulertuak ekiditeko" eta "iazkoa ez errepikatzeko" diru-bilketa "bakarra" egongo dela iragarri du Teresa Todak. Petoa jantzita duten Sarekide boluntarioek manifestazioko hainbat gunetan diru-poltsak izango dituzte herritarren ekarpenak jasotzeko. Todak argitu duenez, "beste edozein diru bilketa Saretik at dago". Manifestazio amaieran, poltsa horiek bost pertsona entzutetsuk zainduko dituzte "finantziazio erakundeetara eraman arte". Manifestazioaren antolaketak sortutako gastuen fakturak ere bost pertsona horiek kudeatuko dituzte. Pertsona horiek dira Paul Rios Lokarriko koordinatzaile ohi algortarra, Nazario Oleaga Bizkaiko Abokatuen Kolegioko dekano ohia eta Juan Mari Bidarte, Juan Daniel Barandiaran eta Felix Cañada abokatuak. Neurri "zorrotz" hauek egoera "ez normal" baten ondorio dira Azkarragaren hitzetan.
Egun osoko egitaraua
Manifestazioa 17:00etan hasiko bada ere, goizeko 10:30etik aurrera izango da kultur eskaintza Bilboko Areatzan. Martxa hasi arte, Bilboko kaleetan trikitilariak, txistulariak eta batukada taldeak arituko dira giroa berotzen. Bestalde, Areatzan jarriko den karpan eta manifestazioko ibilbidean zehar kokatuko diren informazio guneetan salgai izango da Sare herritarraren materiala.
Herrietan egindako deialdiak
Algorta
Berango
Erandio
Itzubaltzeta/Romo
Leioa
Plentzia eta Gorliz
Uribe Kostako LAB
ATAren deialdia
Amnistiaren Aldeko eta Errepresioaren Aurkako Mugimenduak (ATA) bat egin du, ñabardurak ñabardura, Sareren eta Bagoazen deialdiakaz. "Gure helburua den Amnistiaren bidetik desbideratu gabe, mugimendu honek ezinbestekoak ikusten ditu preso politiko eta errepresaliatuen alde egiten diren ekimen guztiak". Kontuak hala, Uribe Kostako ATAk jakinarazi duenez, erakunde horrek Sareren manifestazioagaz osagarria den deialdi propioa egin du. Hitzordua Bilboko Zazpi Kaleetako Etxebarrieta anaien plazan (Unamuno) ipini dute, 20:00etan.