Torturaren kontrako aldarriak entzungo dira egunotan Uribe Kostan

Iker Rincon Moreno 2016ko ots. 10a, 13:30
2008ko abenduaren 28an ehunaka lagun batu zen Algortan, hainbat herritarrek jasandako "tortura basatiak" salatzeko.

Zapatu honetan, hilaren 13an, 35 urte beteko dira Joxe Arregi zizurkildarra Espainiako poliziaren komisarian jasotako torturen ondorioz Carabanchelgo (Madril) espetxean hil zela. Orduz geroztik, otsailaren 13a torturaren kontrako aldarria lau haizetara zabaltzeko eguna bilakatu da otsailaren 13an. Hori horrela, aurten ere egun horri begirako hainbat jarduera antolatu ditu Uribe Kostako ezker abertzaleak. Lehenengoa gaur izango da, eguaztenean, Algortan. Arrastiko 07:30ean "120 horas, la tortura contra Euskal Herria" dokumentala proiektatuko dute Abian kultur elkartean; ondoren Oskar Sanchez abokatuak berbaldia emango du.

Hurrengo saioa eguenean izango da, hilak 11, Itzubaltzeta/Romon. Branka kultur elkartean ere Algortan proiektatutako dokumentala aurkeztuko dute; ondoren, Oskar Sanchez abokatuagaz batera, Mitxel Sarasketa preso ohiak hitzaldia emango du.

Egun berean, Leioa Libre ekimenak "Atera gabeko arantzak. Garbitu gabeko zauriak" dokumentala aurkeztuko du, 19:30ean, Kultur Leioako entzungelan. Daborduko gonbidapenak jaso daitezke Kultur Leioan bertan, Udondo tabernan, San Bartolome auzoko kultur etxeko tabernan, Menoyon, Txopera Berrin, Reinetan, La Kazun, Ganekon eta Kurkudin. Torturak pertsonarengan daukan eragina dauka oinarritzat ikus-entzunezkoak: Olatz Barrenetxea Larrondo psikologo sopeloztarrak horretaz berba egiten du bertan eta Erika Bilbao bera elkarrizketatzen du horren inguruan. Leioaztarraren psikologoa da Barrenetxea. Berbaldia ere eskainiko dute biek.

Barikuan, hilak 12, berriz, Erika Bilbaok maiatzean izango duen epaiketa salatzeko eskualdeko manifestazioa egingo dute Leioan, 20:00etan, Boulevardetik abiatuta, "Torturarik ez! Erika libre" lemapean.

Azkenik, zapatuan, hilaren 13an, Algortatik Hanka indar okupatzaileen kontrako mugimenduak mobilizazioa deitu du. Lehenengo hitzordua 17:00etan izango da Txiki-Otaegi plazan (San Nikolas plaza); ondoren, 17:30ean Guardia Zibilaren kuartelera abiatuko dira, "torturatzaileak Euskal Herritik kanpora" joan daitezela aldarrikatzeko asmoz.

Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakuleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun