Duela astebete eman zuen ebazpena Bizkaiko Lurralde Auzitegiak, eta Kukutzarekiko Elkartasun Taldeak horren balorazioa egin zuen atzo goizean. Azaldu dutenez, manifestazio eskubidea erabiltzeagatik "soilik" atxilotu zituzten 19 lagun horiek, eta lurralde auzitegiak horixe adierazi du. Horrez gainera, aurreko kondenei eusteko froga nahikorik ez zegoela argudiatu du: "ertzainen lekukotzak ziren kondena horien oinarri bakarra".
Iazko irailean epaitu zituzten Bilboko 3. Zigor Auzitegian 2011n Kukutza gaztetxea eraitsi zuten egunean atxilotutako 19 lagunak. Horretan, epaileak erruduntzat jo zituen, desordena publikoa eragitea egotzita. Hala ere, auzipetuek helegitea jarri zioten epaiari, eta orain hura baliogabetzea erabaki du Bizkaiko auzitegiak.
Hala, Bizkaiko Lurralde Auzitegiak hamazortzi lagun absolbitu eta beste bati espetxe zigorra lau hilabetera murriztu dio, "gehiegizko luzapenagatik".