Mendizaleak eta jakin-mina dutenak goizeko 10:00etan aterako dira Larrabasterrako Urgitxieta plazatik. Handik, Munarrikolanda mendira joango dira, tartean erre ez zen ikurrina, kiskalitako basoa eta Burdin-gerrikoa ikusteko. Buelta Berangoko hilerritik egingo dute, herri horretako frontoian amaitzeko. Txangoa sei kilometroko ibilbidea dauka eta mendi-taldearen arabera jende denarentzat aurreikusita dago. Izen-ematea doakoa da, baina aurretik izena eman beharra dago, Uribekosta.eu webguneko inskripzio-orria betez eta honako bideetatik igorriz, barikuan gehienez jota: ekogune@uribekosta.org edo 946 762 872 faxa. Adingabekoen kasuan, guraso edo tutoreek egin beharko dute. Halere, domekan bertan ere tartetxo bat izango da azken orduko izen-emateak egin ahal izateko, 09:30etik 09:55era.
Ibilaldia amaituta, jan-edana izango da Berangoko frontoian, 11:15etik 12:30era, lehenengo mendizaleetatik azkeneraino Indarrak berreskuratzeko aukera izan dezaten. Gainera, nekatuta helduko direnek metroa izango dute handik gertu, etxera eroso bueltatzeko; festa giroan murgiltzea guragoko dutenek, ostera, Berangoko Ardo Eguna gozagai izango dute.