Festetan askatasunez bizi gura dutela berretsi dute egunotan Bilgune Feministako kideek. Iaz, besteak beste, Itzubaltzeta/Romo eta Algortako Portu Zaharrean sexu-erasoak jazo ziren. Emakumeen topaguneak gogorarazi duenez, aurten ere, «azken asteetan, Ibarra, Irun, Gasteiz... herriko festetan gertatutako erasoen berri izan dugu. Berezitasun bat izan dute eraso horiek: burundanga (eskopolamina) edo antzeko droga baten eraginpean eraso baitituzte». Halere, Bilgune Feminista ez dago ados, oro har, komunikabide gehienek eraso horiei zelan heltzen dieten: "Alarma soziala sortzea baino, jendea informatzea da gure helburua, informazioa boterea dela sinetsita baikaude". Ildo horri jarraituz, planteamendu pedagogikoagoa egin dute Bilgune Feministakoek: "aurretik ohartzeak eta jabetzeak aukera ematen digu parranda eta jai-giroan ondo pasatzeko, betiere ingurukoen zaintza eginez. Horrela, parranda aske egin ahalko dugu, nahi ez duguna egitera inork gu bortxatu gabe".
Drogak
Komunikabideek azpimarratutako burundanga drogaren kasuan, «garrantzitsua da gehiago ezagutzea substantzia bera» feministek diotenez; horretarako, "biziki gomendatzen" dute Bidasoaldeko Antxeta irrati euskaldunak Unai Perez de San Roman Ai Laket elkarteko kideari egindako elkarrizketa; HIRUKA.EUS-en ere entzungai dago hemen. Ai Laket elkarteak 14 urte daroatza jaietan droga-analisiak egiten, kontsumitzaileek jakin dezaten hartzen dituzten sustantziek zehatz zer duten, eta arriskuak gutxitzeko aukera izan dezaten. Perez de San Romanek azaldu duenez, 14 urtean milaka analisi egin dituzte, "eta inoiz ez da inor etorri eskopolaminarekin. Inoiz ez dugu analizatu. Asko hitz egiten da sustantzia horren inguruan, baina guk, behintzat, ez dugu ikusi". Bere ustean, alkohola da erasoakaz lotuen dagoen droga; "amnesia ere ekar dezake, dosifikazioaren arabera".
Burundanga edo eskopolamina "pentsa dezakegu oso arraroa dela, baina ez da horrela", dio Ai Laketeko kideak; "hainbat landaretan topa daiteke eskopolamina, tartean mandragoran, kontzentrazio txikietan bada ere. Aspalditik dago gurekin. Nahiz eta gaur egun beste droga asko ezagunagoak izan, seguru aski orain dela milaka urte horrelakoak erabiltzen zituzten gurean". Anestesikotzat ere erabili da medikuntzan. Gura izatekotan, eskopolaminaren eraginak antzeman daitezke: "ahoa lehortzen du; egarria ematen du; gero ekar ditzake zailtasunak hitz egiteko edo jateko; beste efektu nabaria da begietako niniak asko zabaltzen dituela, eta zailtasunak eragiten ditu ikusteko, argiak min ematen duelako, edo, kantitatearen arabera, itsututa bezala egon zaitezke tarte laburrean. Beste eragin batzuk izan daitezke: sukarra izatea, arritmia, konbultsioak, eta abar; kantitate handian, psikosia sor dezake, eta amnesia", azaldu du Perez de San Romanek.
Babes-sareak
Bilgune Feministak argi utzi gura izan du, eskopolamina "drogaren eraginpean egiten diren kontaktu, harreman sexual eta kontsumo behartuak erasoak direla, eraso sexualak". Halakorik ez jazotzeko, harreman-sare eta babes-sare feministen aldarria egin dute, eta "txosnagune edo jaigunean denon konpromisoa eskatu". Eskualdean, ildo berari jarraituz, Algortako Bilgune Feminista harremanetan hasi da hainbat eragilegaz, herri mailako planteamendua garatzeko. Lur Moragues Saitua Bilgune Feministako kideak aurreratu duenez, Mujeres Con Voz eta Haziak elkarteakaz eta hainbat emakumegaz lanean dihardute jaiei begira. Argibide gehiago emango dute, festak hurreratu ahala.
Autodefentsa
Dena den, babes-sareak nahiko ez balira, bestelako neurriak hartzea gomendatzen du Bilgune Feministak: "erasoei aurre egiteko gai garela eta autodefentsa feminista edozein momentutan erabiltzea guztiz zilegi dela azpimarratu nahi dugu". Ildo horretan, jaien aurretik ikastaroak antolatzera deitu dute. Gogorarazi dutenez, emakumeek ez dute "sasi-salbatzailerik behar, gu geu gai garelako!". "Instituzio zein komunikabideetan emakumeak subjektu pasibo gisa aurkezten zaizkigu beti: salbatzailearen, printze urdinaren zain dauden emakumeen modura. Gutxitan ikusi, ikasi eta gogoratzen ditugu euren burua defendatzen duten emakumeen erreferentziak, izenak, hitzak eta irudiak. Txikitatik, ipuinen, marrazki bizidunen, eskolako liburuen, iragarkien, zein bideo-jokoen bidez, bestelako erreferentziak barneratu izan ditugu, zeinetan, indartsuak, ausartak eta beren buruen jabeak beti besteak izan diren. Baina, errealitatea, ordea, guztiz bestelakoa da. Norbera gai da!".