Uribe Kosta jaietan 2016

Jaietan ere, parekidetasuna eta burujabetza: helburu!

Iñigo Fernandez de Martikorena 2016ko uzt. 11a, 09:31

Uribe Kostako Mankomunitatea osatzen duten udalerriek, jai- eta txosna-batzordeakaz batera, eraso sexistak eta sexualak saihestu gura dituzte, festetan ere bai. Gainera, drogen kontsumoa prebenitzeko eta arriskuak murrizteko kanpaina ipini dute martxan.

Ekainean Barrikan egin zuten legez, Sopelan, Lemoizen, Gorlizen, Berangon, Plentzian eta Urdulizen ere izango da informazio-kanpaina: jai-giroan berdintasunaren alde egiteko, erasoak ekiditeko, eta droga-kontsumoa prebenitzeko eta arriskuak murrizteko. Uribe Kostako Zerbitzu Mankomunitateko udalek abiatu dute Udal Gaztedi foroaren programa hori, Bizkaiko Foru Aldundiagaz eta jaietako eragileakaz elkarlanean. Informazioguneari jai-stand izena eman diote. Helburua da, ordea, jai-eremu osoa izatea Beldur Barik Gunea. Mankomunitateko zazpi udalek zabaldu dutenez, «jaietan ere egoera oso larriak gertatzen dira: bortxaketa-saiakerak, abusuzko egoerak sexu-harremanetan, eraso fisikoak, eta abar. Oharkabean pasatzen zaizkigunak ere badaude, jaiakaz guztiz normalizatzen baititugu, baina emakumeen askatasuna urratzen dute: besteak beste, ahozko gehiegikeriak (komentario sexistak, gutxiesgarriak, uzkurgarriak...), gehiegikeria fisikoak (ukituak, bestearen espazioaren urratzea ligatzerako orduan...)».
Jaiak modu positiboan bizitzeko, sexu-eraso eta jarrera matxista bako festak edukitzea «guztion erantzukizuna» dela uste dute kanpainaren antolatzaileek. «Gertaera txikienen aurrean erantzuten badugu, muturrekoagoak diren egoerak prebenitzen lagunduko dugu. Beraz, jaietan, sexu-eraso edo jarrera matxistarik ikusiz gero, beste aldera ez begiratzeko eta aurre egiteko deia egiten dugu; hau da, zure Beldur Barik jarrera adieraztea», diote kanpainaren bultzatzaileek. Horretarako, mutilen erantzuna «funtsezkoa» dela gogorarazi dute; «erasoen konplizea» izateari uzteko eskatu diete mutilei. Eraso sexista edo sexuala gertatuko balitz, zer egin ere aholkatu dute, egin kontu: «erasoa jasan duen emakumeagaz berba egin: erabakia berea da beti. Berak aukeratu eta erabaki behar du zer egin». Emakumeari eskura dauzkan baliabideak (Berdintasun Zerbitzua, Udaltzaingoa, 112 SOS Deiak eta Ertzaintza) gogorarazteko aholkatzen dute Mankomunitateko udalek.
Bestalde, Ai Laket-ek Testing delakoa egingo du, uztailaren 15ean, 23:30etik 02:30era, Larrabasterrako jaietan, txosnen inguruan. Arriskuak murrizte aldera, era selektiboan hartzen du esku Ai Laket-ek. Hala, interesa agertzen dutenei sustantzien gaineko informazioa ematen diete, eta substantziari ere analisia egiten diote, gura izanez gero.

Jai-standen egitaraua:

Larrabasterra: Uztailak 15, barikua
22:00 Larrabasterrako Urgitxieta plaza.


Armintza: Uztailak 16, zapatua
23:00 Armintzako farmaziaren aurrean.


Gorliz: Uztailak 23, zapatua
23:00 Gorlizko Eliz plazan.

Berango: Uztailak 24, domeka
23:00 Berangoko Santa Ana plazan.


Plentzia: Irailak 2, barikua
23:00 Plentziako Astillero plazan.


Urduliz: Irailak 17, zapatua
23:00 Elortza auzoko txosnetan.

info+: 946 579 282
berdintasuna@uribekosta.org

Erlazionatuak

Jaietan ere libre! Autodefentsa eta herri-sareak erabiliz

Iñigo Fernandez de Martikorena 2016 uzt 11 Uribe Kosta

Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakurleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun