Nekane Balluerka Lasa da EHUko errektore berria

Iker Rincon Moreno 2016ko aza. 25a, 15:00

Goirizelaia eta Balluerka. © EHU

Nekane Balluerka Lasa hautatu zuten EHUko errektore atzoko hauteskundeetan. Emandako botoen % 66,31 lortu zuen katedradunak. Unibertsitateko kideek hautatzen dute errektorea, sufragio orokor haztatuaren bidez. Hauteskunde hauetan hautagai bakarra aurkeztu da, eta beraz, hautatua izateko, emandako botoen herena lortu behar zuen Balluerkak, egin beharreko haztapenak eginda.

Ondoko botoak eman ziren, sektoreka:

  • Lotura iraunkorra duten 2.198 irakasle eta ikertzaile doktoreetatik 1.643k bozkatu zuten (1.150  aldeko boto, 471  zuri).
  • Lotura iraunkorra duten 311 irakasle eta ikertzaile ez-doktoreetatik 205k bozkatu zuten (138 aldeko boto, 67 zuri).
  • Gainerako 2.965 irakasle eta ikertzaileetatik 852 bozkatu zuten (602 aldeko boto, 230 zuri).
  • 40.352 ikasleetatik 2.032k bozkatu zuten (1.074  aldeko boto, 873 zuri).
  • Administrazio eta Zerbitzuetako Pertsonaleko 1.879 kideetatik, 1.134k bozkatu zuten (714 aldeko boto, 411 zuri).

Baina botoa horrela haztatzen da: irakasle doktore iraunkorrei % 56,25 dagokie; irakasle iraunkor ez-doktoreei, % 7,50; gainerako irakasle eta ikertzaileei, % 2,09; ikasleei % 22,08; eta, azkenik, administrazio eta zerbitzuetako langileei, % 12,08.

Beraz, botoak haztatu ondoren, hauek dira emaitzak:

  • Irakasle eta ikertzaile doktore iraunkorrak: %39,91 alde eta %16,34 zuri.
  • Irakasle eta ikertzaile ez-doktore iraunkorrak: %5,05 alde eta %2,45 zuri.
  • Gainerako irakasle eta ikertzaileak:  %1,51 alde eta %0,58 zuri.
  • Ikasleak: %12,18 alde eta %9,90 zuri.
  • Administrazio eta Zerbitzuetako Pertsonala: %7,67 alde eta %4,41 zuri.

Hauteskundeak zirela-eta ikasle-mugimenduak manifestazioa egin zuen eguerdian Leioako campusean, "Ikasle borrokaz, geurea eraiki" goiburupean. Ertzaintzak manifestari bat atxilotu zuen eta istiluak jazo ziren. Bitarte horretan, kazetari bat zauritu zen. Guardia Zibilak, berriz, ikasleak manifestaziora zeramatzaten autobus bi gelditu zituen Gasteiztik Leioara bidean, eta hainbat lagun identifikatu.

Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakurleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun