Korrika 20

Joseba Kanpo omenduko du Korrikak eguenean, lehenengo kilometroan

Iker Rincon Moreno 2017ko mar. 28a, 18:30
Joseba Kanporen alaba aurreko Korrikaren lekukoa eroaten, Urtsa Errazti Korrikaren sortzailearen ondoren.

Zirrara berezia izaten du Korrikaren lehenengo kilometroak edizio denetan; hala izango da aurton ere. Etzi, eguenean, 17:00etan irtengo da Korrikaren 20. edizioa Otxandiotik eta aurreneko mila metroak Joseba Kanpo Korrikaren sortzaile, Otxandioko jatorriko euskaltzale itzubaltzetarra zena omentzeko izango dira. Joseba Kanporen senideakaz batera, Korrikaren beste zenbait sortzaile izango dira hasierako kilometroan, 20. edizioko omenduak direlako.

AEK eta Korrikako kideek deitu dute Otxandiora hurreratzera, goizeko 10:30etik aurrera eta iluntzera arte izango baita zerez gozatu bertan.

Ekimenaren hasiera

Korrika munduan

Modu berean, Korrikaren mezua munduko hainbat hiritan zabalduko da Etxepare Instituagaz egindako elkarlanari esker. AEK erakunde euskaltzaleak gogoratu duenez, "jakina da Korrikaren irismena mundu mailakoa dela eta kontinente guztietan dutela gure lasterketa erraldoiaren berri, mezua zabaltzeko egiten duten hainbat ekintzak aditzera ematen duten moduan". Horien artean, azpimarratu dituzte Etxepare euskal institutuak bere unibertsitate-sarean antolatu dituen jarduera bereziak. Hogeigarren edizio honetan, egitarau bereziak gauzatuko dituzte hiri hauetako Etxepareren irakurlegoek: Leipzig, Cork, Szeged, Budapest, Venezia, Helsinki, Edinburgo, Liverpool, Santiago, Mexiko Hiria, Chicago eta Brnon.

Horretaz gainera, Etxepareren unibertsitate sarean antolatutako Korrika bideo-txapelketaren irabazlea jakitera eman du Institutuak, Mexikoko UNAM, alegia. Talde horretan Haizea Elizondo berangoztarrak hartu du parte, HIRUKAk jakin duenez. Saridunak AEKren udako barnetegietarako egonaldi bat irabazi du.

Etxepare Euskal Institutuaren unibertsitate-sareak bihartik aurrera antolatutako Korrikak

Universität, Leipzig (Alemania) – Martxoak 29, eguaztena

  • 14:00 Korrika Augustusplatz plazatik Thomaskirch elizara.

University College, Cork (Irlanda) – Martxoak 30, eguena

  • 16:30 BatZuk dokumentalaren proiekzioa eta mahai-ingurua.

University of Szeged, Szeged (Hungaria) – Martxoak 31, barikua

  • 16:00 Korrika Dóm plazatik Szegedeko Unibertsitatera.

Eötvôs Loránd University (ELTE), Budapest (Hungaria) – Apirilak 1, zapatua

  • 15:00 Korrika Deák Ferenc plazatik, Danubio ertzetik igarota, ELTEko Letren Fakultateraino.
  • Pintxo-potea.

Università Ca’ Foscari, Venezia (Italia) – Apirilak 1, zapatua

  • 11:00 Korrika Piazza San Marco plazatik abiatuta.

University of Helsinki, Helsinki (Finlandia) – Apirilak 1, zapatua

  • 12:30 Korrika Rautatientori plazatik Senaatintori plazara. Segidan, pintxo-dastaketa.
  • 14:00 "Gazta zati bat" dokumentalaren proiekzioa, University of Helsinki unibertsitatean.

University of Edinburgh, Edinburgo (Eskozia) – Apirilak 1, zapatua

  • 10:30 Korrika.
  • 11:15 Herri-kirolak, txistorra- eta sagardo-dastaketa, dantzari eta txistulariak.
  • 12:30 Kalejira eta poteoa.
  • 13:15 Herri-bazkaria (120 lagunentzako).
  • Bazkalostean euskal eta gaeliko kantak. Euskal dantzak eta ceilidh (Eskoziako dantza). DJak gauera arte.

University of Liverpool, Liverpool (Ingalaterra) – Apirilak 1, zapatua

  • 12:00 Korrika University of Liverpool unibertsitateko campusean zehar.
  • 13:30 Bazkaria.

Universidad de Chile, Santiago (Txile) – Apirilak 1, zapatua

  • 11:00 Korrika Arte Ederren Museoaren ataritik Santiagoko Euzko Etxera.
  • Bazkaria.

Universidad Nacional Autónoma de México (UNAM), Mexiko Hiria (Mexiko)  - Apirilak 2, domeka

  • 10:30 Korrika Chapultepec parkean.
  • 11:00 Euskal dantza tailerra Chapultepec parkeko Casa del Lago etxean.
  • 12:00 Txalaparta-tailerra.
  • 14:00 Korrika dela eta UNAM unibertsitateko ikasleek egindako bideoaren aurkezpena.
  • 15:15 Euskal kantaldia.

University of Chicago, Chicago (AEB) – Apirilak 2, domeka

  • 13:30 Korrika Millenium Park parketik.
  • 14:30 Bazkaria eta solasaldia.

Masarykova Univerzita, Brno (Txekiar Errepublika) – Apirilak 8, zapatua

  • 16:00 Korrika Nerudova tranbia geltokitik Svobody plazara (5 km).
  • Afaria.
Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakuleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun