Zelan sortu zen Gure Esku Dago?
Modu desberdinean pentsatuta ere, hainbat lagunek elkarregaz lanean hastea beharrezkoa zela ikusten genuelako sortu zen Gure Esku Dago. Horren korapilatsua eta gatazkatsua izanda, erabakitzeko eskubidea oinarri bezala hartzea beharrezkotzat jotzen genuen: desberdintasunak errespetatuz, gai horren inguruan batzen gaituena nabarmendu eta elkarlana beharrezkoa zela sentitzen genuen, elkarren eskutik joateko. Hain zuzen ere, hori zen giza katearen erronka.
GEDren mugarrietako bat izan da giza katea.
Bai. Denon etorkizunerako horren garrantzitsua den erabakitzeko eskubidea defendatzeko, elkarregaz eskutik joateko gai ote ginen frogatu nahi genuen. Hainbeste urtetan banatuta eta haserretuta bizi ostean, posible ote zen ikusi gura genuen. Lortu genuena ikaragarria izan zen! Oso arrakastatsua izan zen giza katea; urrats garrantzitsua eman genuen. Eguna bera ez ezik, urte horretako elkarlana, jarrerak eta ikasi genuen dena ere altxor bat zela iruditu zitzaigun; alferrik galtzen utzi ezin genuen altxorra, alegia. Hurrengo urratsa elkarregaz lanean hastea izan zen: jakingo genuen ala ez, ez genekien; baina, horixe bera zen gura genuena.
Erabakitzeko eskubidea aldarrikapen bat izatetik benetako eskubide bat bihurtzeko, bide hori egikaritzeko, herritarrok zer egin behar dugun hausnartzea zen gure helburua. Gure ekarpena egin nahi genuen. Orduan konturatu ginen oso kultura demokratiko sakona dagoela; gizakiok ditugun oinarrizko eskubideetan, konstituzioetan eta hainbat dokumentu ofizialetan oinarrituta dago. Horiek erabiliz, guk ere ekarpen bat egiteko aukera geneukala konturatu ginen; eta, horrela, herritarron ibilbide propio hori antolatzen hasi ginen.
Zer balio dute erabakitzeko eskubidearen aldeko herri-galdeketek?
Besteak beste, Barrikan, Gorlizen, Lemoizen, Plentzian, Sopelan eta Urdulizen egin genituen herri-galdeketak, maiatzaren 7an. Lehen aipatu dudan ibilbide horretan, ondorioa atera genuen: herritarrok badaukagu zer egin erabakitzeko eskubidea gauzatzeko bide honetan. Hiru lan-esparru daude: lehenengoa, pedagogia egitea, euskal herritarrei erabakitzeko eskubidea ematen dien filosofia demokratiko sakon hori zabaltzea; bigarrena, erabaki nahi baldin badugu, aurretik galdera eta data adostu beharko ditugu. Eta hirugarrena, erabakitzen ikasi behar dugu; izan ere, erabakitzea kultura, mentalitate eta jarrera oso bat da. Hiru ardatz horiek lantzeko aukera oso polita ematen digute herri-galdeketek.
Zer ikasi zenuten Katalunian?
Kataluniara joan ginen eta, bertan, eztabaidak zeukan aberastasuna ikusi genuen; izan ere, galdeketa bat lurralde-esparru batera eroaten duzunean, eztabaida bat sortzen da normaltasun osoz. Ordura arte lokaztuta zegoen gai baten inguruan, normal hitz egiten hasten da: independentzia, burujabetza, erabakitzeko eskubidea zer diren... Horrez gainera, norberaren jarrera demokratikoetan eta kultura demokratikoan sakontzen da; besteak beste, zuk bezala pentsatzen ez duen jendeagaz lan egiten ikasten duzulako. Eta hori gutxi balitz, erabakitzeak zer zailtasun daukan ikusten duzu; izan ere, prozesu oso bat da, eta prozesu horretan denok irabazle izan behar dugu. Beraz, horretan, denok uzten dugu gure "motxila" albo batean. Jakina! Denok gura dugu erabakitzeko eskubidea erabili gure helburua lortzeko; baina, gai izaten ari gara norberaren lehentasunak albo batean uzten apur batez, eta gizarte osoarentzat onuragarria den bide bat egiten.
Galdera hautatzen denean argi eta garbi ikus daiteke hori dena. Herri batetik bestera galdera ezberdinak aurkituko ditugu: herri-galdeketa egitea proposatu duen talde anitz eta zabal horretako norbanakoak dauzkan helburu propioak albo batean utzi dituelako gertatzen da hori; bere herriarentzat erakargarriena izan daitekeen galdera proposatzen duelako, alegia. Batzuetan, independentziaren inguruan eztabaidatzen dute, galdera egiteko. Beste batzuetan, ostera, independentziaren aukera hori beste une baterako utzi dute; eta gizarte honek zertaz eta zergatik erabaki behar duen eztabaidatu nahi izan dute. Getxon, esaterako, oinarri demokratikoen inguruan antolatu dute eztabaida, pentsatu dutelako euren udalerrian erakargarria izango dela eztabaida maila horretan uztea.
Galdeketa baino, horretara heltzeko egon den prozesua da garrantzitsuena orduan?
Bai. Zalantzarik gabe, horrela da. Herri-galdeketek daukaten gaitasuna da herritar bihurtzen gaituztela; herria ezagutzen dugula. Jakin dakizuenez, horrelako herri-galdeketek Europako Kontseiluak emandako praktika onetan oinarritutako protokolo bati jarraitzen diote; urrats bakoitzaren zilegitasuna zaindu egiten da. Guk askotan esaten dugu erabakitzea oztopo-lasterketa bat dela: zilegitasun-maila bat lortu behar duzu, hurrengo fasean sartzeko. Beraz, lehendabiziko lana talde sustatzailean sentsibilitate, adin, sexu... ezberdinetako jendea batzea izaten da; hau da, gizarte horretan dauden ikuspegi ezberdinak ordezkatuta egon daitezela. Denon ikuspuntuek presente egon behar dute prozesu osoan; horrela lortzen duzu zuk eroan gura duzun eztabaida gizarte edo komunitate osora heltzea, inor ahaztu gabe. Hori lortuta, sinadura-bilketa bat egiten da, inork eztabaida monopolizatzen ez duela bermatzeko; ez da batzuen edo besteen interesa, baizik eta denok nahi dugun eztabaida bat. Denoi interesatzen zaigu; horregatik eskatzen da sinadura-kopuru bat. Horiek lortuta pasa zaitezke hurrengo fasera: galdera aukeratzea. Hori egiteko ere oso ariketa polita egiten da, landu egiten delako zer den erabakitzeko eskubidea, zer lor daitekeen, zelako ikuspuntu ezberdinak egon daitezkeen, noraino eraman dezakegun eztabaida une honetan, zer gauzak utz ditzakegun orain hurrengo fase baterako... Hori dena herritarrek egiten dute. Horren ostean, sartuko gara herri-galdeketaren antolaketan: herritarren eskubideak, botoa bakoitzarena eta sekretua izango dela, iritzi ezberdinak plazaratzeko aukera egongo dela... bermatu beharrekoak dira fase horretan. Herri-galdeketa batek izan behar dituen berme horiek denak herritarrok ari gara bermatzen.
Katalunian jazotakoak eragin dezake azaroaren 5ean jende gehiago joatea botoa ematera?
Bai, batez ere Kataluniakoa afera demokratikoa delako. Euskal Herrian ere erabaki nahi dugunez, oso hur ikusten dugu bertan egiten dabiltzan ariketa; batzuei gustatuko zaie erabiltzen ari diren formula, eta beste batzuei ez zaie horrenbeste gustatuko. Baina, denok konturatzen ari gara, azkenean, ez dela Kataluniaren afera bakarrik; Euskal Herriarena ere bada, baita Europarena ere. Hain zuzen ere, une honetan jokoan duguna gure etorkizuna erabakitzea da; eta erabakitzeko gaitasun hori gure eskuetan izatea, nahiz eta jakin beste batzuekin konpartitu beharko dugula. Baina, geuk erabaki nahi dugu geure etorkizuna, eta hori geure esku izan nahi dugu.
Gaur egun, ikusten gabiltza batzuk horren aurka daudela, eta oso ulergaitza egiten da jarrera antidemokratiko hori; are gehiago, asteotan, Kataluniako autonomiaren etenduragaz eta etengabeko mehatxuakaz. Gu behin eta berriz esaten ari gara erabakitzeko eskubideak berdintzen gaituela denok; azkenean, denok daukagu botoa emateko aukera: alde edo kontra. Parte hartu gura duenak bermatuta dauzka bere eskubideak; demokrazian, errespetuan, aniztasunean... sakontzen ari gara. Bestalde, eskubide hori bermatu beharko lukeen erakunde batetik, Espainiako Estatutik, mehatxuak baino ez zaizkigu heltzen: besteak beste, kartzela eta eskubideak murriztea. Guk uste dugu Kataluniari eta, oro har, demokraziari lagundu nahi dioten herritarrek egin dezaketen ekarpenik handiena dela azaroaren 5eko herri-galdeketetan parte hartzea. Kataluniatik ere horixe bera eskatzen digute.
Eta herri-galdeketak egin ostean, zeintzuk izango dira hurrengo pausoak?
Iaz beste ardatz bat abiarazi genuen: Herritarren Ituna. Hain zuzen ere, erabakitzeko eskubideari ibilbide ofiziala ipiniko dio horrek; eta sintonia berri bat ekarriko dio Euskal Herriari, elkarregaz lan egiteko. Herri-ituna ez du Gure Esku Dagok egingo; GED eragile bat baino ez da. Beraz, horretarako, konplizitateak josita egon behar dira jada. Ildo berean, ibilbide-orri bat lortu gura dugu, Euskal Herri mailako galdeketan data bat izan dezan, galdera bat izan dezan, edo behintzat data eta galdera adosteko bide bat irudika dezan. Kontuak horrela, nahiko genuke herri-itun hori behetik gora bultzatzea. Urte osoan dinamika bat egingo dugu geure buruari galdetzeko zergatik eta zertarako erabaki nahi dugun; erabakitzeko behar hori plazaratzeko. Horretarako, ahalduntze-fase bat egongo da; ez gara hutsetik hasiko. Horri begira, mintegi batzuk egingo ditugu bost hiriburuetan; horietan, gai nagusi batzuk ipiniko ditugu eztabaidagai, honetaz pentsatu duten hedabideakaz, adituakaz, gizarte-taldeakaz... Haiek planteatuko digutena da zeintzuk diren beraien arrazoiak esparru horretan erabakitzeko. Gero, dinamika sozial baten bitartez, herritarrakaz partekatuko ditugu arrazoiak: azken horretan idatzitako aktak eskualdez eskualde joango dira, herritarrak ere joan daitezen eztabaida elikatzen. Gure asmoa da 2.019 arrazoi biltzera heltzea; kopuru hori pentsatu dugu uste dugulako 2018ko hauteskundeakaz ziklo berri bat zabal daitekeela Euskal Herrian. Gero, herritar bakoitzak aukeratuko du gogoko dituen arrazoiak: hautetsontzietan jasoko ditugu, jai giroan; eta erabakitzeko daukagun beharra konpartituko dugu.