Leioako metro-geltokia eta campusa lotzeko alternatiben bila dabil Eusko Jaurlaritza

Iker Rincon Moreno 2018ko mar. 1a, 10:23
Sabino Arana kalean tranbia irudikatzen duen montajea. HODEI TORRES

Sabino Arana kalea oinezkoentzat egitea onartu zuen Leioako Udalbatzak otsailaren 22ko osoko bilkuran. Aurreko egunean, tranbiaren proiektua atzeratzea adostu zuten Eusko Legebiltzarreko Ekonomiaren Garapen eta Azpiegitura Batzordean.

Sabino Arana kalea oinezkoentzat egiteko beharrezkoa den erreforma tranbiaren plataforma barik egitea adostu zuten udal-alderdiek. Aurreko egunean garraiobide hori izan zen berbabide Eusko Legebiltzarreko Ekonomiaren Garapen eta Azpiegitura Batzordean. Bilkura horretan tranbiaren proiektua atzeratzea adostu zuten: EAJk eta PSE-EEk alde bozkatu zuten, EH Bildu eta Ahal Dugu abstenitu egin ziren, eta PPk aurkako botoa eman zuen. Tranbiaren proiektuagaz zer egin erabakitzen duten artean, garraiobide publikoko beste alternatiba batzuk aztertuko ditu Eusko Jaurlaritzak: Leioako metro-geltokiaren eta EHUko campusaren arteko lotura ekonomikoki errentagarriagoa izatea eta herritarren onarpen handiagoa egotea dira helburuak; izan ere, 2006ko ikerketa-lana zaharkituta gelditu ei da.

Auzotarren mesfidantza

Otsailaren 14an emandako prentsaurrekoan, leioaztarren iritziaren berri eman zuen Mari Carmen Urbieta alkateak: "Sabino Arana kalea hobetzeko azken proiektua egin baino lehen Udalak bertako auzotarrakaz eta merkatariakaz egindako bileren ostean, mesfidantza handia antzeman zuen euren aldetik, garraio publiko hau bertatik pasatzen zelako". Horrek hainbat ondoz ondoko batzar ekarri ditu Eusko Jaurlaritzak zuzentzen duen proiektuaren erakunde-arduradunagaz, gaur egungo egoerari irtenbide bat bilatzeko asmoz, eta horrela, EHUko campusa eta metro-geltokia lotzeko ahalik eta biderik egokiena bilatzeko epe zehatzean.

Bitartean, Leioako EH Bilduko bozeramailea den Aritz Tellitu pozik dago, «tranbiari alternatiba bilatzearen aldekotasuna gero eta onartuagoa» dagoelako Leioako udal-taldeen artean. Esnatu Leioako zinegotzia den Jose Ignacio Vicenteren ustez, berriz, "Avanzadako errepideagaz gertatu zen legez, tranbiak bitan zatituko luke Leioa".

Erlazionatuak

Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakuleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun