Hainbat autobus aterako dira zapatuan eskualdetik Altsasuko gazteen aldeko manifestaziora

Iker Rincon Moreno 2018ko api. 11a, 19:42

Algortako hainbat gaztek Altsasukoen alde egindako elkarretaratze bat. © ALGORTAKO ERNAI

Uribe Kostatik gutxienez hiru autobus antolatu dituzte zapatu honetan Iruñean egingo den Altsasuko gazteen aldeko manifestaziora joan ahal izateko. Ordu txikietako taberna-liskar batengatik terrorismoaz akusatutako zortzi gazteetatik hiruk 513 egun daroatza espetxean.

Joan den domekan, Plentziako eta Gorlizko ehun auzokidek baino gehiagok deitu zuen zapatu honetan, hilaren 14an, Iruñeako Golem zinematik aterako den manifestaziora joateko. Bertan ez ezik, Nafarroako hiriburura joateko asmoa agertu dute Algortan, Erandion eta Itzubaltzeta/Romon, gutxienez. Herri horietan autobusak antolatzen dabiltza. Hala, martxara joateko asmoa duenak honako lekuetatik pasa daiteke:

  • Algortako Hator taberna.
  • Altzagako La Plaza taberna (bihar arte, eguaztenera arte).
  • Astrabuduko Primera Linea taberna (bihar arte, eguaztenera arte).
  • Itzubaltzetako Etxe Merkea.
  • Itzubaltzetako Branka herriko-taberna.

Datorren astelehenean, apirilaren 16an, aipatutako Altsasuko zortzi gazteen aurkako epaiketa hasiko da Espainiako Auzitegi Nazionalean; Fiskaltzak 375 urteko espetxe-zigorra eskatzen du horientzat: 62 urte eta erdi batentzat, 50 urte seirentzat eta 12 urte eta erdi azkenengoarentzat.

Autobusen kartelak

Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakurleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun