Giza eskubideek mugarik ez dutela aldarrikatu du Mugak Zabalduz Karabanak

Testua: Iker Rincon / Bideoa: Hodei Torres 2018ko uzt. 14a, 09:52

Pertsona migratzaileen eta errefuxiatuen aldeko manifestazioa egin zuten atzo ehunka lagunek Gironako Salt herrian. Factoria Cultural Coma Cros-en batu ziren Mugak Zabalduz Karabanan parte hartzen dabiltzan kide denak, espainiar Estatuko txoko denetatik joandakoak. Hala, arrastiko 20:30ak pasatxo abiatu zuten mobilizazioa, bertako Banda Marcial 504 batukadaren doinuek gidatuta. Denera, 500 pertsona inguruk parte hartu zuten protestaldian, pertsona migratzaileen eskubideen aldeko oihuak ozen zabaltzeko herriko kaleetan.

Antolatzaileek gogorarazi zutenez, Salt herriko 30.000 biztanleen %37 inguru migratzaileek osatzen dute, eta horrexegatik aukeratu dute udalerri hori karabanari hasiera emateko. Girona Acull taldeak ondorioztatu duenez, “horrek esan gura du hiru pertsonatik batek ez duela bozkatzeko eskubiderik eta, ondorioz, politika xenofoboei aurre egin behar izaten diete”.

Manifestazioaren ondoren, afaria prestatu zuten udalerriko hainbat elkartek, bertako zein egun berezi horretara hurbildutakoentzat. Munduko askotariko lekuetako zaporeez gozatu eta tripak asebete ostean, euren aldarrikapenak jakinarazi zituzten Mugak Zabalduz Karabanan parte hartzen dabiltzan elkarteek. Besteak beste, gogorarazi zuten abiatutako karabana feminista dela, eta emakume migratzaileen egoera azaleratu gura izan zuten. Era berean, etorkinentzako bide “aske eta seguruak” aldarrikatu zituzten, baita Frontex erakundea desegiteko eta salbamenduko neurri berrien beharra ere. Horiez gainera, harrera-politika duinak eta eraginkorrak eskatu zituzten, Dublingo Erregelamendua bertan behera uzteko eskaeragaz batera. LGTBI kolektiboko migratzaileek jasaten dituzten erasoak ere salatu zituzten.

Bidean utzitako kideak gogora ekartzeko tartea ere izan zuten Salten bildutakoek. Izan ere, akorduan izan zuten Marije  aurtengo karabanan parte hartzeko asmoa zuena baina orain dela gutxi zendu zena; “Agur andreak” abestia eskaini zioten. Egunari amaiera emateko, Tropical Roots, Hora de Joglar eta DJ Merey taldeen kontzertuak izan ziren.

Ventimigliara bidean

Kontzertuak amaitu eta gaur goizeko 03:00ak aldera abiatu dira Ventimigliara (Italia)  Euskal Herriko eta inguruetako 130 kideak. Asmoa eguerdian bertara heltzea da, karabanako gainontzeko kideakaz eta Italiako hainbat txokotatik hurreratuko diren ekintzaileakaz manifestazioa egiteko, pertsona migratzaileentzako eta errefuxiatuentzako erresidentzia-baimen europarraren alde. Ekimen luzea izago da, 14:00etatik 20:00etara. Izan ere, gogorarazi dutenez, gaur Nazioarteko Elkartasun Eguna da Ventimiglian.

Erlazionatuak

Abian da Mugak Zabalduz Karabana

Testua: Iker Rincon / Bideoa: Hodei Torres 2018 uzt 13 Uribe Kosta

Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakurleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun