Itzubaltzetako Emakumeon Asanbladak azaldu duenez, aurten, urtero legez, herriko jaietara luzatu nahi izan dute feminismoaren aldarria. Horretarako, herritar denen inplikazioa bilatu dute, eraso matxisten kontrako borroka indartzeko. Hala, zenbait norbanako eta hainbat kolektibo bildu dira Itzubaltzetan Eraso Matxisten Kontrako Plataforma osatzeko.
Plataformaren premiazko ekinbidea izan da eraso matxisten kontrako babesgunea sortzea. Babesgune horretan, erasoren bat jasango duten emakumeek "herriaren sostengua eta elkartasuna" izango dituzte, eta "erasoren bat ikusi duen orok herri-salaketa bat aktibatzeko aukera" izango du, IEAk zabaldutakoaren arabera.
Halandaze, babesgunearen helburu nagusia da eraso pairatu dutenak entzun eta behar duten denean laguntzen ahalegintzea; babesgunea zabalik egoteko, hainbat partaide antolatuko dira txandatan hurrengo ordutegiaren arabera:
- Uztailaren 31an, martitzenean, Pinuetako oholtzaren atzealdean, 22:00etatik 06:30era.
- Abuztuaren 1ean eta 2an, eguaztenean eta eguenean, Xake plazan, 22:00etatik 6:30era.
- Abuztuaren 3an eta 4an, barikuan eta zapatuan, Xake plazan, 22:30etik 08:30era.
Itzubaltzetako Emakumeon Asanbladak gogorarazi duenez, "Itzubaltzetako herriak irmoki adierazi du ez duela inolako eraso matxistarik onartuko gure jaietan, gure esparruan; emakumeok baitugu jaiak askatasunez gozatzeko eskubide osoa".
Itzubaltzeta eta Pinuetako jaiak atzo, domekan, hasi ziren eta datorren domekan, abuztuaren 5ean, amaituko dira. Leioa eta Getxo arteko mugaren bi aldeetan ospatzen dituzte jaiak.