Joseba Markaida PSE-EEren zinegotzi ohia zendu da

Iker Rincon Moreno 2018ko ira. 14a, 17:22

Markaida, 2011ko maiatzean, Berangoko Udalbatzan.

Joseba Imanol Markaida Bilbao politikari sozialista getxoztarra hil zen herenegun, eguaztenean, 64 urte zituela. Markaida bat-batean zendu zen, Algortan. Familiak jakinarazi duenez, azken agurra "senide artean" egingo diote.

Joseba Markaida Getxoko eta Berangoko zinegotzia izan zen, 2000tik 2003ra Getxon, eta 2003-2007 eta 2011-2015 legealdietan, Berangon, PSE-EEgaz. Modu berean, Zaituko presidentea izan zen; ETAk Eragindako Jazarpen, Mehatxu eta Erbesteen Biktimen Aldeko Elkartea da Zaitu.

Familia abertzalean jaiota, gaztetik inplikatu zen politikan. Hala, hamasei urtegaz, ETAko kideak lagundu zituen Abran ontziratzen Donibane Lohitzunerantz, 2010ean aitortu zuenez: "momentu hartan koherentea zen pentsatzen nuenagaz". Euskadiko Ezkerrako militantea izan zen eta, 1993ko bat-egitearen ondorioz, PSE-EEn sartu zen. Ordutik aurrera, "espainiartzartzat" hartu zutelako kexu zen. 2000. urtean, jauzia eman zuen politika publikora, Getxoko Udalbatzan sartzean.

Markaidak molotov koktelez egindako hainbat eraso bizi zituen Azkorriko etxean. 2001eko otsailaren 19an, bere emazteak eta seme batek erredurak jaso zituzten, hainbat ezezagunek jaurtitako molotov-koktelek eragindako sua itzaltzean. Handik aurrera, bizkartzainak ipini zizkioten. 2002ko irailean, Markaidaren kontrako heriotza-mehatxuak zituzten pintadak salatu zituen PSE-EEk. 2005ean, berriz, botatako sei molotov-koktelek kalte arinak eragin zituzten etxeko fatxadan. Azkenik, 2007an, Uribe Kostako hamaika gazteren aurkako sarekada argudiatzeko autoan, Baltasar Garzón Espainiako Auzitegi Nazionaleko epaileak lau haizetara zabaldu zuen Markaidaren etxearen aurkako "eraso-saiakera" bat zapuztu zuela Poliziak. 2009an, sortu egin zuen Zaitu, ETAk Eragindako Jazarpen, Mehatxu eta Erbesteen Biktimen Aldeko Elkartea.

Beharrean, merkantzia-nabigatzailea eta Itsas-salbamenduko teknikaria izan zen.

Erreakzioak

Anabel Landa Berangoko alkateak, berriz, nabarmendu du pertsona "oso zuzena" izan zela eta "konbentzitua zegoen bere lanaren bidez Berango hobetzen zuela". Bere ustean, "askotan, bere ideia politikoen gainetik" ipini zuen udalerria, Landaren iritzian. "Berangok beti gogoratuko du udaletxean eman zuena", laburbildu zuen alkatea.

Txefo Landa Getxoko Ingurumen zinegotzi eta PSE-EEren eledunaren arabera, Markaida "pentsalari askea zen, bizitzaren optimista bat, begirada zabala zuena".

Paul Riosek goraipatu du Markaidaren jarrera: "Berba egiteko, partekatzeko eta elkarlanean ibiltzeko beti prest zegoen pertsona zen", azaldu du Lokarriko koordinatzailea ohiak.

Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakurleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun