Erandioko Udaleko Euskara Zerbitzuak antolatu du ekimena; adierazi dutenez, helburua da "euskaraz ez dakiten helduak euskarara hurbiltzea txikien laguntzagaz". Beraz, tailerrean nagusiek umeekin batera parte hartuko dute.
Saio bakoitzean, Sorgina Txirulinak eguneroko gai bat landuko du: otorduak, parkean jolastea, eskola, bainu-ordua, oheratzeko unea, eta abar. Ipuina gai horren gainekoa izango da; gero etxean, tailerrean ikasitakoa erabili ahal izango dute.
Saioek ordubete iraungo dute: lehenengo zatian ipuin-kontaketa izango da; eta bigarrenean, tailer praktiko bat. Saioa amaitutakoan, ikasitakoa bilduko duen materiala banatuko dute, etxera eramateko.
Parte hartuko duten umeek 4 eta 8 urte bitartekoak izatea gomendatu du Euskara Zerbitzuak.
Izen-ematea online egin beharra dago Euskara Zerbitzuaren webgunean: Erandiokoeuskarazerbitzua.eus. Inskripzioa egiteko epemuga izango da tailer bakoitzeko aurreko astelehena. Lekuak mugatuak direnez, leku guztiak betez gero, zozketa egingo da. Argibide gehiago gura izanez gero, honako bitarteko hauek erabil daitezke: euskara@erandio.eus posta elektronikoa eta 944 890 128 telefonoa.
Tailerren egitaraua
Urriak 20, zapatua
- 17:30 "Ama, aita, euskara koloreztatu!" solasaldia eta tailerra, Astrabuduko Josu Murueta kultur etxean. Saio berezi horretan, umeek nagusiei euskara irakasteko ideiak landuko dira.
Urriak 27, zapatua
- 17:30 "Nerearen Musika jostailua", Altzagako ludotekan.
Azaroak 3, zapatua
- 17:30 "Eta gaur, zer jango dugu?", Astrabuduko Josu Murueta kultur etxean.
Azaroak 10, zapatua
- 17:30 "Plisti-plasta", Altzagako ludotekan.
Azaroak 24, zapatua
- 17:30 "Bazen behin...", Altzagako ludotekan.
Abenduak 1, zapatua
- 17:30 "Euskararen Musika", Astrabuduko Josu Murueta kultur etxean.
Abenduak 15, zapatua
- 17:30 "Gabonak", Altzagako ludotekan.