Eraso matxistei aurre egiteko antolatuta daudela jakinarazi dute Uribe Kostako neska* gazte feministek

Iker Rincon Moreno 2018ko urr. 18a, 14:17

Joan den irailaren 21ean Uribe Kostako neska* gazte feministek Getxoko Azkorri aldean egindako ekintzaren nondik norakoak azaltzeko bideoa eta irakurketa kaleratu dute. Salatu dutenez, uda honetako jaietan ere askotariko erasoak jasan dituzte, eta argi utzi gura izan dute "antolatuta eta eraso horiei aurre egiteko prest" daudela.

Uribe Kostako neska* gazte feministen irakurketa:

Uribe Kostako neska* gazte feminista antolatuok irailaren 21ean Azkorrin burututako ekintzaren harira eta komunikabide hegemonikoetan zabaldutako mezuarekin ados ez gaudela berresteko asmoz, ekimenaren bideoa eta ondorengo irakurketa zabaltzen dizuegu.

Uda honetako jaietan zehar kalimotxo eta parrandez gain, emakumeonganako* erasoak ez dira falta izan: "si quiero te violo" bezalako esaldiak, txosna-guneetan ukituak, mehatxuak, ezetza ez onartzea, txiza egitera joatean jasandako jazarpenak, bortxaketa eta emakumeen objektibazioa normalizatzen duen musika jartzea, LGTBIQ+ kolektiboak sufritutako erasoak eta bazterkeria… Zerrenda amaigabea litzake jasan ditugun eta kontatu dizkiguten eraso guztiak idatziko bagenitu, zeresanik ez ez dakizkigun guztiak gehituko balira. Gure borrokaren helburuetako bat hain normalizatuta dauden jokaera hauen desnormalizazioa da. Jaietan ematen diren matxismoaren eta erasoen azentuazio eta inpunitatearekin amaitzea.

Kapitalismo suntsitzaile heteropatriarkalari esker emakumeak* kontsumorako gorputzak direla ikasi du gure gizarteak. Gutako bakoitzaren ardura da egoera hau aldatzea. Argi izan erasotzaile bat babesten duzuen bakoitzean eraso horren konplize bihurtzen zaretela. Zuen matxistometroak puntuak irabazten ditu.

Askok pentsatuko duzue “berdintasunaren” alde zaudetela baina hau ez dela bidea. Estatuak, justiziak eta gizarteak babestutako biolentzia patriarkal estrukturalaren aurrean ezer ez egitea al da bidea? Azkenaldian emandako egoerek argi utzi digute gure aukera bakarra autodefentsa eta ekintza zuzena direla. Ekimen honen bidez hauen legitimotasuna berresten dugu.

Honetaz gain, medio hegemonikoek euren lana egiten jarraitzen dute. Jaietan eman diren erasoei ezikusiarena egin eta feministon ekintzak kriminalizatu dituzte.

Milaka aldiz entzun behar izan ditugu "zoroak", "ahohandiak" eta  "histerikoak" bezalako adjektiboak, baina oker daude: Uribe Kostako neska* gazteok antolatuta gaude eta ez gara zuen beldur. Soilik antolatutako herriak salba dezake herria. Jaietan jasandako 11 erasoen aurrean hau da gure 12. erantzuna. Hurrengoetara gehitzera gonbidatzen zaituztegu. Gora borroka feminista!

Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakuleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun