Beken eskaerak aurkez daitezke Internetez, Leioako Behargintzan edo Leioako Udaleko Herritarren Arretarako Zerbitzuan. Zalantzak izatekotan, Barrika, Berango, Gorliz, Leioa, Lemoiz, Plentzia, Sopela eta Urdulizko gazteria-zerbitzuetara jo daiteke informazio-bila.
Bekak jasoko dituzten pertsonek bete beharreko eskakizunak honako hauek dira:
- 18 eta 25 urte bitartean izan eskaria aurkezten den unean; edo 26 eta 29 urte artean izan, eskaria aurkezteko unean, Gazte Berme Sisteman alta emanda egonez gero.
- Bizkaiko Foru Aldundiagaz batera, Gaztedi Uribe Kosta hitzarmena sinatu duten udalerrietako batean erroldatuta egotea (Barrika, Berango, Gorliz, Leioa, Lemoiz, Plentzia, Sopela, Urduliz).
- Lanbide Heziketa (gradu ertaina edo goi mailakoa), arte edo kirol irakaskuntzako goi mailako titulazioa, profesionaltasun ziurtagiria edo unibertsitateko titulazio ofiziala izatea.
- Gazte Berme Sisteman izena emanda egotea, behar denean.
- Egindako prestakuntzagaz zuzenean erlazionatutako lanpostuetan aurretiazko lan esperientzia hiru hilabetetik gorakoa ez izatea.
- Langabezian eta Lanbiden enplegu eskatzaile gisa inskribatuta egotea.
- Zigor zehapenik edo administratiborik ez izatea.
Eskaria eta dokumentazio guztia, ahal izanez gero, Internetez aurkeztuko da, Leioako Behargintzaren webgunearen bitartez. Zuzenean ere entregatu ahal izango da Leioako Udaleko Herritarren Arretarako Zerbitzuan (udaletxean edo Gaztelubiden), edo Leioako Behargintzaren bulegoetan, Leioako Mendibil kaleko 3. zenbakian.