Euri-jazarrari eta hotzari aurre egin zieten atzo 300 bat bertsozalek, errima inprobisatuakaz gozatzeko asmoz. Hala, Jai Alai frontoiaren bidean zaparradaren batek harrapatu ostean, pilotalekuaren tenperatura baxuak eraso egin zien bertsozaleei. Horren aurka, antolakuntzak ipinitako berogailu industrialak eta bertsolarien lanak izan zituzten aliatu. Hala onartu zuen Peru Vidalek bere lehenengo agurrean: "San Simon eta San Juda / Kolpez joan da uda / ta abestiak dion bezala / negua heldu da /entzutera zein kantura / gatozen frontoi barrura / ia giroa berotzen dugun / guztion gustura (bis)".
Publikoak ere erakutsi zuen berotzeko gogoa zuela eta bertso distiratuenak, balekoak eta kalekoak saritu zituen, txaloka. Bestalde, Plentziako eta inguruetako hainbat lagunek baliatu zuten frontoirako bisita Euskaraldian izena emateko.
Saioa Aitor Bizkarra Ruizek irabazi zuen, lehenengo momentuan aurrea hartu eta ateratako distantzia mantendu baitzuen. Bere lanak izan ziren ondoen baloratuenak epaileen aldetik zortziko handian zein txikian eta puntu-erantzunean. Handik aurrera, Julen Ibarguengoitia (bigarren geratu zen) nagusitu zen hamarreko txikiko ofizioan eta Peru Vidal (laugarren, hirugarrenagaz berdintuta), kartzelako bertsoaldian. Bizkarrak eta Vidalek HIRUKAri azaldu ziotenez, ez ziren gustura geratu egindako lanagaz.
Kontuak hala, Aitor Bizkarrak finalaurrekoetarako txartel zuzena lortu zuen atzo. Plentziako saioan parte hartu zuten beste bertsolaririk ez da igaroko finalaurrekoetara, horretarako nahiko puntu ez zituztelako lortu atzokoan. Unai Mendiburu algortarra daborduko sailkatuta dago finalaurrekotarako, Jone eta Imanol Uria legez.
Vidal eta Bizkarra, zirkuan
Ofizioak estreinatu zituzten Peru Vidalek eta Aitor Bizkarrak, zortziko handian. Zirkuko langileen azaletik kantatu zuten Vidalek eta Bizkarrak. Lehenengoa bizimoduagaz gustura zebilen eta abadiñarrak nomada-bizitza atzean uzteko erabakia hartuta zeukan. "Non biziko zaren zu, Aitor / karabanan baino hobeto?" galdetu zion Vidalek Bizkarrari. "Hau lanbide on bat izango zela / egin zidaten behin promes / (...) / denean dago gure etxea / denean eta inon ez" erantzun zuen abadiñarra. Orduan bota zuen Plentzian jaiotako leioaztarrak saioko bere bertso onenetarikoa: "Zu ezagutzen zaitudalako / iruditzen zait hain bitxi / baina hipoteka hartu ezazu / zure gizarte eta krisi / orain hemetik jaitsi zaitezke / atea kolpean itxi / agur, Aitor ta hurrengora arte, nik nahiago aske bizi".
Gorka Pagonabarragak ere atarramendua atera zion zortziko nagusiari, ikasle ohien bilkurara joan gura ez zuela Arkaitz Zipitriari argi eta garbi esanda: "Zure lagunak izango dira / ni ez naiz horretarako gai / adar jotzeko bai bai zeukaten / beti hainbeste dohai / garai zaharrak aipatu eta zu / hain gustura nolanahi / garai hartako sufrimendurik /ez dut birgogoratu nahi".
Erosle konpultsiboa
Zortziko txikian ere, Gorka Pagonabarraga izan zen protagonistetako bat, Peru Vidalegaz batera. Plentzian jaiotako leioaztarrak Internetez denetarik erosten zuen auzokidearen rola hartu zuen, eta Pagonabarragak ondoko apartamentuko eroslea etxean inoiz ez zenez, erositako paketeei korridorean aterpea ematen zien auzokide jatorrarena. Baina korridorea beteta, jatortasuna amaitu zitzaion Pagonabarragari: "Beraz gauzak erosten zabiltza (...) / itxuraz diru asko zuk daukazulako / beraz poltsiko hori ez dabil txarto / ta gero ezer ez duzu igogailurako". Ez entzunarena egin zion Vidalek: "(...) / hobe internetik erosi tarteka / pasilloa libratu ezazu lasterka / biharko beste hamar kajak datoz eta".
Puntuari erantzuten, barre algarak eragin zituen Julen Ibarguengoitiak. Zihara Enbeita aurkezleak botatako "Hildakoen eguna dogu ate joka" hasierari, horrela eman zion erantzuna gernikarrak: "Bada egia esanda niri ez doste inporta / ez dut alde egingo ez dut egingo kontra / zorionez oraindik bizirik nago eta". Pagonabarrarena bertsoak ere entzungarriak ziren, bertoko gaiei egokituta: "Gorliz eta Plentzia udan jendez lepo / nik behartu nuen busa honantz etortzeko / kostan eguzkiaz daudenez perfekto / uda etorri dadila berriro joateko" eta "Gaur hondartzan inor ez denez dago lasai / eta han dagoenak ditu mila dohai / hobeto gaude hemen gu bertsotan alai / eta sofa ertzean dagoena be bai".
Jokoa ez da errenta
Hamarreko txikian, Julen Ibarguengoitia nabarmendu zen, Vidalen ludopatia-arazoa azaltzen: "Kontzientziak sarritan eiten du mar-marra / jokoa ez da jolasa eta ez da edarra / aspaldi pasau gendun guk arrisku marra / (...) / alperrik izengo da geroko negarra". Etxekoak fin erantzun zion: "Guk badugu burua badugu adina / kontrolatzen ditugu hainbeste makina / ez daukagu zulorik kritikaezina / bale ez da onena badakit jakina / baina apustu gabe hau ez da berdina".
Kartzelan, Peru Vidalek asmatu zuen sendoen, "Kotxea trastez bete eta bazoaz, abiada baten" gaiari erantzuten. Ruandako migrante baten azalean ipini zen leioaztarra: "Duela hamar urte / nentorren bertara / orduan gazte nintzen / ta ez zen ikara / mugak pasatzeko zen / oztopo ta traba / Euskal Herrira zenik ta a zer ilara / ahalegindu gara ta / ederra izan da / orain kotxea hartu ta hartu abiada / eta banoa berriz ere Ruandara". Bigarren bertsoan azaldu zituen alde egiteko motibazioak: "Euskal Herria izan da nire abaro / ta hemen ondo egon naiz gainera luzaro / gutxi kobratzen nuen hori argi dago / baldintzak txarrak ziren, han txarrago klaro / zuen artean ez nago bat ere arraro / ondo hartu nauzue guztiok zeharo / eskerrik asko baina ezin dut gehiago". Aitor Bizkarrak, ostera, tratu txarrak jazotzen dituen emakume bati eman zion ahotsa, erabaki irmoa hartzeko. "hemen ezin dut gehiago segi ta ez dut gehiago segi nahi".
Euskaltzaleei gorazarre
Azken agurretan, Peru Vidalek mezu indartsuagaz erretiratu zen: "Txapelketaren eskutik berriz iritsi naiz Plentziara / ni hemen jaio nintzen aspaldi, duela hiru hamarkada / Gurasoek hesi gintuzten euskara hutsean hara / ta hemen oso ohikoa ez zen kalean entzutea euskara / orduko euskaldun burugogorrei musu ta besarkada / militantziaren lanari esker ze aurrerapen ze pasada / ta gaur euskaraz gozatu nahian frontoia beteta geratu da / zertaz nabilen dakigunontzat hau ikaragarria da".
Plentziako kanporaketaren sailkapena
- Aitor Bizkarra Ruiz 461,5
- Julen Ibarguengoitia Ordorika 440,5
- Gorka Pagonabarraga Agorria 433
- Peru Vidal Gurrutxaga 433
- Peio Ormazabal Villanueva 421,5
- Arkaitz Zipitria Mendizabal 365,5
Bizkaiko Bertsolari Txapelketako sailkapena
Iazko finalistak, sailkatutakoak
- Ibon Ajuriagojeaskoa
- Miren Amuriza
- Onintza Enbeita
- Xabat Galletebeitia
- Nerea Ibarzabal
- Etxahun Lekue
- Beñat Ugartetxea
- Jone Uria
Saioa irabazita, sailkatutakoak
- Malen Amenabar, 480.50
- Txaber Altube, 478.00
- Aitor Bizkarra, 461.50
- Imanol Uria, 451.50
Puntuazioagatik ziur sailkatutakoak
- Ander Elortegi, 472.00
- Unai Mendiburu, 466.00
Puntuazioagatik momentuz sailkatutakoak
- Eneko Abasolo “Abarkas”, 460.00
- Arrate Illaro, 458.50
- Julen Erezuma, 449.00
Sailkatu bakoak
- Asier Galarza, 448.50
- Ander Ucelay, 447.00
- Julen Ibarguengoitia, 440.50
- Garikoitz Sarriugarte, 439.00
- Gorka Pagonabarraga, 433.00
- Peru Vidal, 433.00
- Iñaki Iturriotz, 427.50
- Peio Ormazabal, 421.50
- Inazio Vidal, 419.50
- Aitor Esteban, 418.00
- Paule Ixiar Loizaga, 414.00
- Imanol Arrutia, 394.00
- Ekaitz Larrazabal “Katxo”, 391.50
- Ion Barrocal, 382.50
- Arkaitz Zipitria, 365.50
Abesteko falta direnak
- Asier Alcedo
- Ibai Amillategi
- Itxaso Paya
- Josune Aramendi
- Lander Ibarluzea
- Oihana Bartra