Euskaraldia

Arrate Illaro, Euskaraldiako koordinatzailea: "Posible da hizkuntza-ohiturak aldatzea"

Iñigo Fernandez de Martikorena 2018ko aza. 23a, 11:50

Arrate Illaro algortarra da Euskaraldiaren nazio-koordinatzailea. HODEI TORRES

Gaur abiatuko da Euskaraldia, hamaika egunez hizkuntza-ohiturak aldatzeko ekimen kolektiboa. Arrate Illaro egitasmoaren koordinatzaileak nabarmendu duenez, atxikimenduen unea amaitu eta ariketa egitekoa heldu da.

Azken hilabeteotan "atxikimendu handia, babes handia" jaso du Euskaraldiak, ekimenaren nazio-koordinatzaileak, Arrate Illaro algortarrak, azaldu duenez: "Milaka herritarrek eman dugu izena ahobizi edo belarriprest izateko. Eta orain da momentua ariketa egiteko. Daborduko ez da atxikimendurako momentua edo argazkien momentua, gure egunerokoan pauso batzuk eman eta ariketa egiteko baizik. Ahobizi edo belarriprest garen norberak daki, ariketa segitzeko modu bat planteatzen du rol bakoitzak, eta horri eutsi beharko dio".

"Egongo dira momentu hobeak, zailtasun handiagokoak", dio Illarok, "baina asko gara Uribe Kostan ariketa egingo dugun herritarrak, elkar babestuko dugunak. Posible da urratsa egitea, hizkuntza-ohiturak aldatzea eta gure arteko arau sozialak ere aldatzen joatea. Animo, eta ariketa egitera!", adoretu ditu Illarok eskualdeko euskaltzaleak.

Daborduko, euskara-elkarteek, herri-batzordeek eta erakundeek makineria prest daukate. Illarok adierazi duenez, izen-ematea ondo doa, baina ezin du, hau idazteko momentuan, datu zehatzik eman. Izan ere, izena emateko modu bi daude: esku-orrien bidez eta zuzenean webgunean eginda. Esku-orrietan jasotako datuak banan-banan kopiatu beharra dagoenez, ez dituzte denak sartu oraindino. Halere, ekimenaren koordinatzaile nagusiak argitu du "milaka eta milaka" direla. Orain dela hiru aste, Euskaraldiak iragarri zuen 60.000 pertsona bazeudela ordurako inskribatuta, azaroaren 23tik abenduaren 3rako ariketan parte hartzeko. Atzo, berriz, 196.000 pertsona zeuden izena-emanda eta etengabea zen inskripzio berrien jarioa, ekimenaren datu-basea erorarazteraino.

"Gure lehentasuna ez da izen-ematea", argitu du Illarok, "jendeak Euskaraldia egongo dela jakin dezala baizik, hala gura dutenek parte hartzeko aukera eduki dezaten, euren hizkuntza-ohituren gainean gogoeta egin dezaten aldez aurretik, eta erabaki dezaten urratsak eman gura dituzten ala ez; hau ez da izen-emate bat atxikimendu bat adierazteko, baizik eta ahobizi edo belarriprest moduan ariketa bat egiteko".

Rolen jokoa

Euskaraldiak apustu berezia egin du azken hilabeteotan Belarriprest rola sustatzen. Illaroren ustean, "ahobizi rola ziurrenik ezagunagoa da gizartean. Ez izen horrekin, baina euskaltzale aktiboak badaude lehendik ere, saiatzen direnak egunerokoan euskara erabiltzen eta figura hori ezagunagoa da, nolabait". Hala, belarriprest rola "ezezagunagoa" ei da. Eskualdean jende asko dago euskara ulertzen duena eta, arrazoi batengatik edo bestearengatik, erabiltzen ez duena, Euskaraldiko koordinatzailearen arabera.
Pertsona horietako batzuek "jendeari gonbidapena luzatzea gurago liokete, eurakaz euskaraz egiteko. Rol hori apur bat ezkutuago geratu zaigu orain arte. Alde horretatik, ezagutzera eman gura dugu belarriprest rola, iruditzen zaigulako jende asko sentitu daitekeela identifikatuta, ezagutzen badu, eta beste aldetik belarriprest rola ahobiziarena bezala ezinbestekoa delako, urratsak modu kolektiboan eman ahal izateko".

Belarriprestak, "zailtasunen aurrean babesa"

Sor daitezkeen zailtasunen adibide ipini ditu euskarari eustea elkarrizketa elebidunetan; ezezagunei euskaraz egitea, "batez ere gure eremuan"; "gure aurreiritziak, beldurrak"... Hala, beraren ustean, "belarriprestak inguruan izateak babes handia emango die ahobiziei".

Bestalde, belarriprest izateak "aukera emango dio norberari, belarriprest izanda ere, euskararen erabileran urratsak emateko", algortarraren esanetan: "Batak bestea behar du, eta iruditzen zaigu belarriprestaren rola, ezezagunagoa izanda, zabaldu egin behar dugula". Orain arte emandako nazio-mailako datuen arabera, inskribatutakoen % 20k besterik ez du aukeratu belarriprest izatea.

Euskaraldian euskaltzale oso aktiboak daude beharrean, herrietan batzordeak daude eta kide horiek egiten dute Euskaraldia. "Jende horrengana heltzea eta horien inguruko euskaltzaleengana heltzea errazagoa" da, Arrate Illaroren iritziz; "zailagoa da heltzea euskara jakin edo ulertu bai baina egunerokoan alor horri begira ez dauden herritar horiengana denengana. Hemen nork bere lehentasunak eta bizitza-erritmoak ditu", gehitu du: "Egia da kostatzen zaigula gehiago xede-talde horrengana heltzea. Bagenekien aurretik ere, baina iruditzen zaigu horiengana heldu, horien gogoeta eta aktibazioa probokatu eta Euskaraldian parte hartuko baldin badute, askoz kolektiboagoa izango dela ariketa hori. Laburbilduta, figuraren ezezagutza alde batetik, beharrezkotasuna, bestetik, bai belarriprestentzat eta bai ahobizientzat; eta hirugarrena, xede-talde horrengana heltzea gehiago kostatzen da, ez dugulako hain gertu dinamikaren barruko tripa horietan".

"Beste txinparta baten eta beste modu batzuen beharra daukagu"

Oraindino izena eman ez dutenei zer esango zenieke?

Esango nieke ariketa sozial bat egitera goazela, kolektiboan, Euskal Herri osoan, eta parte hartuko dugunon helburua dela, ahobizi eta belarriprest izanda, gure eguneroko hizkuntza-ohiturak aldatzea. Rol biakaz aldatzen dira, probokatzen dira aldaketak, modu batean edo bestean eta esango nieke beraiek baldin badaukate bizitzako esparruren bat edo orokorrean ohitura batzuk aldatzeko beharra edo gogoa sentitzen dutenak, hizkuntzari dagokionez, bada gonbidatuta daudela ariketa gugaz batera egin dezaten. Horretarako, erabaki dezatela, nahiz eta daborduko egun asko geratzen ez den, baina erabaki dezatela ahobizi edo belarriprest moduan hartuko luketen parte.

Abenduaren 3ra arte eman dezakete izena?

Herriaren arabera da. Kontua da izen-ematea egitea abenduaren 1ean, pertsona horrek ez dauka tarterik ariketarako... izena ematearen helburuak ziren, alde batetik, herritar horiek prestatzea, 11 egunotako dinamika egin dezaten ahalik eta tresna gehienagaz eta hainbat eta erosoen. Momentu batzuetan deserosoa ere izan daitekeelako, ez gaude ohituta kontu batzuetara. Orduan, amaiera-aldera izena emanda guk ez daukagu aukerarik aholku horiek eta tresna horiek emateko herritarrei, eta gero, ikerketa bat egiten gabiltza, ekimenaren eragina neurtzeko eta eurekaz ere ez genuke aukerarik edukiko, baina hor azkenean, izena emanda zein ez, ariketa egin daiteke. Pertsona askok ez dute izena eman, eta igual azaroaren 23an ezagutu dute Euskaraldia. Eman daiteke lehenengo egunean izena, baina garrantzitsuena da, egin gura baldin badute, egin dezatela. Euskaraz berba egitearen aukera hortxe dago, eta azkenean ahobizi joka dezatela edo belarriprest joka dezatela, gainontzekoei gonbidapen aktibo bat egiten eurekaz euskaraz jarduteko.

Herrietan badago mesfidantzarik gatazka politikoak utzitako arrastoagatik?

Euskaraldiaren oinarrian lankidetza-sare bat dago. Lankidetza zabal horrengatik heldu gara gauden lekura eta horrek aukera ematen digu, Euskaraldiaz gainera, aurrera begira beste pauso batzuk emateko. Azkenengo kale-erabilerako datuetan ikusten da beste txinparta baten beharra daukagula eta kontu berriak egiteaz gainera, beste egin-molde batzuk probatzeko beharra ere badaukagula. Egia da bide luze batetik gatozela, kasu batzuetan harremanak ez direla errazak egon diren kontuengatik, baina gutxieneko helburu komun bat baldin badaukagu, hortik egin dezakegu lan, aldian aldiko ekimenetan. Herrietan ikusten gabiltza azken urteotan egon diren dinamikek eragiten dutela. Kasu batzuetan lankidetza bazegoen lehendik ere, eta horietan erraza izan da. Beste batzuetan ez da egon lankidetza-ohiturarik, hainbat faktorerengatik, eta kostatu izan da, baina orain dabiltza pausoak ematen elkarregaz eta beste kasu batzuetan gehiago kostatzen da eta gehiago kostatuko da. Bagabiltza pauso batzuk ikusten. Elkarlan handiagoa behar dugu herri honetan.

Getxoko Ciudadanosek iragarri du Euskaralditik kanpo dagoela, argudiatuta Onintza Enbeita EH Bilduko diputatu ohiak barreterapia-saio batean parte hartuko duela. Baloraziorik horren inguruan?

Ez dut ezer entzun horren gainean, halandaze, ezin dut iritzirik eman. Uste dut Euskaraldia eragile-sare zabala dela. Hala frogatu dugu hasieratik. Jende asko sentitu da identifikatuta Euskaraldiagaz, jende asko gerturatu da, lehen gai horren bueltan hain aktibo ez zegoena, eta hori da ekimenaren balio garrantzitsuetako bat, zalantzarik gabe.

Euskaraldia prestatzeko zenbat jende dabil?

Milaka: milaka dira eragileak eta norbanakoak. Ekimena plano bitan antolatzen da; alde batetik dago koordinazio orokorra: ekimenaren ildo orokorra lantzea, euskarriak, epeak, prestakuntza-lanak, herrien arteko koordinazioa eta horrelakoak, eta hor momentu honetan eragile asko dago; eta gero, herriz herri, herri-batzordeak daude: kasu batzuetan indartsuago, eta beste kasu batzuetan ahulago, baina herri-batzordeak daude eta herri-batzorde horietan euskaltzale-norbanako piloa dago. Pentsa: 400 udalerritan egingo da Euskaraldia eta herri-batzordeak, batzuk eskualde-mailako batzordeak dira baina milaka pertsonak dira. Ez daukagu datua momentu honetan eta ez dakit eduki ahal izango dugun, datu zaila delako. Saiatuko gara ekimena baloratzen lasaiago, amaituko denean, baina jende asko dago lanean eta jende horri esker helduko gara azaroaren 23an ariketa egiteko prest, ezinbestekoa da, horrelako ekimen bat ezin da bulegoetatik soilik mobilizatu, jendea ezin da horrela mobilizatu eta ezinbesteko lana dabiltza egiten.

Jende hori ohiko euskara-elkarteetako militanteak dira ala jende berria da?

Biak ditugu. Euskara-elkarte askotatik aipatu digute nola ikusi duten jende berria hurreratu dela batzordeetara, modu aktibo batean lan egiteko, izan modu jarraian edo laguntza puntuala emateko, eta hori oso pozgarria da. Hasieratik ikusi genuen, urteko lehen hiruhilekoan edo, hainbat aurkezpen egin ziren herrietan Euskaraldia bera aurkezteko eta herri-batzordeak sortzea bultzatzeko eta jada hor ikusi genuen jende berria, ez ohiko jendea gerturatu zela aurkezpen horietara eta ilusioa nabaritzen zela. Eta geroko batzordeen eraketan ere hori igarri da. Ez dakit esaten, egia esan, justu Getxon, Sopelan edo gure eskualdeko beste herrietan zer egon den, baina behintzat jasotzen dudana hori da. Betikoak daude, baina jende berria ere gerturatu da, lanera, ez soilik ahobizi edo belarriprest izatera.

Zein espero duzue izatea Euskaraldiaren eragina?

Tentuz neurtuko dugu. Horretarako dago ikerketa bat martxan, Soziolinguistika Klusterrak egingo duena. Gainera, horretarako bidaltzen ditugu galdetegiak herritarrei, bete ditzaten. Azkenean, herritarrek beraiek esango digute hemen zer urrats ematen den hizkuntza-ohituretan eragiteko, baina ez zait iruditzen 11 egun horietako ondorioa bakarrik aztertu behar dugunik eta hori bakarrik jasoko dugunik. Alde batetik, baloratuko dugu lehen aipatu dugun egiteko modu berri hori, berria edo, elkarlana ez da berria, baina Euskaraldian darabilgun modu hau. Horrek emango digu zerbait. Eta bestetik, jende asko dabil bere hizkuntza-ohituren gainean hausnartzen, ariketa egin aurretik, eta hori bera ere bada emankorra. Ezin da hainbeste aztertu baina horren emaitza iruditzen zait dela gizarteak halako arau sozial bat aldatzeko pauso batzuk emango ditugula, beti ere jakinda hau dela ekimen bat, ekimen garrantzitsu bat, oihartzuna eduki duena baina ekimen bat da eta beste ekimen asko beharrezkoak direla, hizkuntza-plangintza asko, urrats asko eman beharra dago herritarren nahia entitateek baldintza ez dezaten, aukera eduki dezagun euskaraz bizitzeko gure eguneroko esparru denetan. Hala ere, Euskaraldiak lor ditzake kontu batzuk, aldaketa txiki batzuk, epe luzerako bidea ireki dezaketenak beste kontu batzuetarako, baina hemen, euskalgintzan, lan asko dago egiteko, esparru asko dago lantzeko eta egiten den beste denak ere garrantzia dauka eta Euskaraldia ere marko orokor horren baitan kokatu beharra dago. Horrek ez du hizkuntzaren biziberritzea konponduko egun batetik bestera, ez horrek bakarrik. Hala, uste dugu baietz, balio duela kontu batzuk lortzeko eta igarriko ditugula, baina kontuan edukita lan asko daukagula egiteko soilik Euskaraldiari begiratuta. Eta ezin diogu orain fokua bakarrik Euskaraldiari ipini.

Euskaraldiko formakuntza-saioetan, Pello Jauregi irakasleak, berbarako, aipatu izan du horrelako ekimen bat agian 30 bat urtez egin beharko litzatekeela erabateko eragina lortzeko. Momentuz, datorren urterako pentsatuta daukazue egitea ala ez egitea?

Hori da. 11 eguneko ariketa bat da eta egingo dugu urratsen bat baina asko dago egiteko, bai Euskaralditik eta bai gainontzeko euskalgintzako eragile denetatik. Hasieratik esan izan dugu arnas luzeko bidea dela Euskaraldiarena. Euskarak 365 egun izan ditzan delako gure azken helburua eta hasieratik esan dugu baita ere progresiboa izan behar duen ariketa bat dela, moldagarria egoera soziolinguistiko denetarako, erabilera daukala ardatz, eta herritarren hizkuntza-ohiturak aldatzen joatea, baina oinarri bi zituela: norbanakoen urrats horiek eta aurten batez ere horretan daukagu fokua, eta entitateen urratsak gure eguneroko bizitza euskaraz izan dadin posible egingo dutenak eta orain dauden egoera oztopatzaileak gainditzeko lan egingo dutenak. Eta orduan, bagabiltza lan bat egiten hurrengo edizio bati begira, oraindino ez daukagu erabat zehaztuta, iruditzen zaigulako 11 egun horietan gertatzen dena baloratzeko tartea ere behar dugula eta horrek emango dizkigula pista batzuk. Baina bai, buruan daukagu entitateen urrats horiek ere probokatzea, ez soilik norbanakoenak. Hau ez delako herritarron ardura bakarrik, motxila ez dagokigu guri soilik hartzea. Hala, segitzen dugu hasierako planteamenduagaz: etorriko da beste zerbait baina neurtzen gabiltza tempus egokia ere zein izan daitekeen, bai herritarrentzat eta bai lanean dauden batzordeetako kide denentzat ere, Halandaze, pasatuko dira 11 egun hauek, digestio-lan txukun bat egingo dugu eta segida izango du, baina beharren eta aukeren arabera definituko dugu.

"Entitateak" diozunean zertaz zabiltza? Erakundeak, enpresak, kuadrillak...

Egon daitezke beste definizio batzuk, baina guk geure burua argitzeko "entitate" deitzen ditugu  erakunde publiko, enpresa, kultur elkarte, kirol-arlokoak... herritarrak batzen dituzten mota-denetako talde horiek. Gero daude talde naturalak ere: kuadrillak, familiak eta abar, baina entitate gehiago lirateke herritarrez osatutako multzo antolatu horiek. Baina hor sartzen ditugu denak, bai. Eta jakinda entitate motaren arabera erantzukizunak eta betebeharrak ere ez direla berdinak.

Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakurleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun