Joan den martitzenean, azaroaren 27an, Zentsurarik Ez plataformak mozioa aurkeztu zuen Sopelako udal-batzarrean. Honako hauek eskatzen zituzten:
- Eusko Jaurlaritzari Mozal Legea edo adierazpen askatasuna mugatzen duen legedi "errepresiborik" ez dezala aplikatu.
- Herri-mugimenduen jardun askea bermatzea; ez daitezela ekintza aldarrikatzaile parte-hartzaileak epaitegietara eroan.
- Ez ditzala herri-mugimenduen adierazpen politikoak eta sozialak oztopatu edo zentsuratu.
Gobernu taldearen (EAJ eta PSE-EE) bozkak kontra egon arren, mozioa onartu egin zen. Hala ere, Zentsurarik Ez plataformak salatu duenez, "alkateak oso argi utzi zien udal-batzarrera gerturatu ziren pertsonei, ez zituela onartutako puntuak aurrera eroango. Berak ez zuela zentsurarik ikusten, nahiz eta jarrera hori defendatzeko argudio argirik ez eman". Beraz, epaiketek aurrera segituko dutela adierazi zuen Gontzal Hermosilla jelkideak.
Epaiketa bi eta hamar auzipetu
Hori dela eta, Zentsurarik Ez plataformako kideek mobilizazioetan parte hartzeko deia luzatu dute; izan ere, 10 pertsona epaituko dituzte. Batetik, eguazten honetan, abenduaren 5ean, lagun bat epaituko dute Getxoko Justizia Jauregian, irailaren 29an egindako Zentsuraren Kontrako Eguneko mural denen egilea delakoan; hori salatzeko, kontzentrazioa deitu dute 10:45ean, epaitegien aurrean.
Bestalde, isuna ordaindu behar izateaz gainera, urtarrilaren 15ean epaituko dituzte Sopelako hondartzan maiatzaren 5ean egindako horma-irudiengatik identifikatutako bederatzi lagunak, Getxoko Justizia Jauregian; muralen garbiketa eurek ordaintzea gura du Udalak.