Artatzako errotondaren alboan, Getxo eta Leioaren arteko mugan egin dute agerraldia Unai Rementeriak eta Erandio, Getxo eta Leioako EAJren alkategaiek. Eurakaz egon da Itxaso Atutxa Bizkai Buru Batzarreko presidentea ere.
"Bizkaiko errepideetan dabiltzan hiru ibilgailutik bi inguru honetako igarotzen dira", esan du Rementeriak, "eta Supersurren bigarren faseak eta itsasadar azpiko tunelak lagundu egingo dute egunero gidari asko lotzen dituzten hiru korapiloak askatze: La Avanzada errepidea, Arrontegiko zubia eta Max Centerren pareko A-8aren zatia".
Uribe Kostari dagokionez, itsasadar azpiko tunelak 38.000 ibilgailu kenduko dituela Avanzadatik, (gaur-gaurkoz egunero 115.000 igarotzen direla adierazi du Rementeriak). Tunelak egunero 53.000 ibilgailu hartuko ditu, Ahaldun Nagusiak aipatu duen aurreikuspenaren arabera.
Itsasadar azpiko lur-laginak hartuta daudela eta lehorrekoak hartzen hasita daudela esan du Rementeriak, eta gaineratu du txosten informatiboa hiru hilabete barru amaituta egotea espero duela. Ondoren, eraikuntza-proiektua etorriko litzateke, zehaztu ez den datan. Itsasadarraren eskumako aldeko lanak gaur EAJren hautagaik elkartu diren lekutik oso hurbil hasiko lirateke, Artatzan, eta ezkerrekoak, berriz, Ballontiren ardatzea, Sestaon. Denera, 600 milioi euroko kostua aurreikusi zaio Supersur handitzeko eta tunela egiteko proiektu bikoitzari. Egitasmoaren bultzatzaileek 2023an eduki gura lukete amaituta lehenbizikoa, eta 2027an itsasadar azpiko tunela.