Udal-hauteskundeak 2019

EAJk denetan irabazi eta gehiengo absolutua du udalen erdian; EH Bildu eta PSE-EE gora, eta PP gainbeheran

Unai Brea • Iker Rincon 2019ko mai. 26a, 21:05

Boto-paperak Getxon hauteskunde-mahai batean. IKER RINCON

EAJk nagusigoari eutsi dio eskualdean eta udal denetan lortu du boto-kopururik handiena. Azken orduko aldaketarik ezean, jeltzaleek gehiengo absolutua izango dute Barrikan, Berangon, Plentzian, Urdulizen eta Lemoizen, eta ikusi beharko da zer-zelako paktuak dauden beste udaletan. Parte-hartzeak gora egin du oro har, 2015egaz alderatuta.

Gorakada nabarmenik egin barik, udal denetan irabazi eta bostetan gehiengo absolutua lortu du EAJk (lehen bitan baino ez zuen, Lemoiz eta Urduliz). Oro har gorantz egin dute EH Bilduk eta PSE-EEk (sozialistek oso boto gutxigatik ez dute lortu aspalditik ordezkaritzarik izan ez duten udal batzuetan sartzea), eta PPk, berriz, Uribe Kosta osoan zazpi zinegotzi baino ez ditu izango, bost Getxon eta bana Leioan eta Berangon. Hau da, ordezkaritza galdu du Erandion.

Elkarrekin Podemosek, zelan edo halan, eutsi egin die orain lau arte olatu morea ordezkatu zuten tokian tokiko indarrek izandako emaitzei, baina haiekaz konparatuta behera egin du udal handienetan. Gorlizen independenteek ere eutsi, zinegotzi bat galdu arren, eta iBarrikak zeukana mantendu. Sopelan zinegotzi bati eustea lortu du Denok Baterak, Elkarrekin Podemosek bi lortu arren, eta Getxon kanpoan geratu da GUK. Plentzian, berriz, inork ez du bete Independenteek utzitako hutsunea, eta EAJ eta EH Bildu bakarrik egongo dira udalean. David Crestelok bertako alkatetza galduko du, eta honenbestez erabatekoa izango da EAJren hegemonia Uribe Kostan.

Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakurleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun