Udal-hauteskundeak 2019

Zuzenean emango ditugu domekako udal-hauteskundeen emaitzak

Erredakzioa 2019ko mai. 24a, 11:40

Espainiako hauteskunde orokorretatik hilabete bat ere igaro ez dela, berriro hautesontzietarako bidea egingo dute domekan Uribe Kostako milaka herritarrek. Oraingoan, hirukoitza da hitzordua: Europako Parlamentuaren, Bizkaiko Batzar Nagusien eta udalen osaketa dago erabakibide. Hirugarrenari parajetik begiratuko dio HIRUKAk; domekan bertan, emaitzak ezagutu ahala zuenganatuko ditugu.

Sigletan ez bada, izena-abizenetan behintzat aldaketak ekarriko dituzte domekako udal-hauteskundeek. Uribe Kostako hamar alkateetatik sei ez dira hautagai modura aurkeztu, eta horrek esan gura du asko jota lauk eutsiko diotela karguari (irabaziz gero, jakina): Roberto Muñozek Barrikan, Anabel Landak Berangon, David Crestelok Plentzian eta Javier Bilbaok Urdulizen. Alde handiz, Landa da zeregin horietan beteranoena: bosgarren agintaldia egingo du, alkatetzan jarraitzekotan. Irabazteko faborito argia da izan ere, eskualdeko ia udal denetan EAJren hautagaiak diren legez.

Inkognita handiena, gaur egun, Plentzia da. Amaitzear dagoen legegintzaldian Uribe Kostan jeltzaleek izan ez duten alkate bakarra da David Crestelo, 2015ean bigarren geratu arren Independenteek emandako babesari esker. Horiek ez aurkeztea erabaki ostean, inor ez da ausartzen hiribilduaren panorama aurreikustera. Nora joango dira independenteek jaso ohi zituzten botoak? Azken legegintzaldietan kanpoan geratu diren indar konstituzionalistek (PSE-EE eta PP) Udalbatzara itzultzeko aukera izango ote dute? Erantzuna, domeka gauean. 

Plentziaz gain, azken hamarkadan hegemonia jeltzalea kolokan ipini duen beste udala Sopela da. EH Bildu EAJtik hurbil ibiltzen da zinegotzi-kopuruan, eta 2011-15 agintaldian alkatetza izan zuen, ezustean irabazita. Hain zuzen, Josu Landaluze orduko galtzailea da EAJren oraingo apustua, Gontzal Hermosillaren lau urteko parentesi gorabeheratsuaren ostean. Ez dirudi etxekoek ere haren falta izango dutenik.

Alderdi "moreen" oilategia

Sorpresa gutxikoa izaten den gure eskualdean, aipatzeko moduko zenbait gorabehera egon dira gaur amaituko den hauteskunde-kanpainan. Batetik, Espainiako Konstituzio Auzitegiak aurkezteko eskubidea ukatu dio Ganemos Erandiori, hau da, lerro hauek idazteko momentuan udalerri horretako bigarren indarra denari. Ironia da hasiera batean Ganemos Erandio izan zela izen beragaz (Ganemos) erregistratutako hautagaitza inpugnatu zuena. Azkenean, ordea, salatzailea izan da kanpoan geratu dena. Bien jatorria orain lau urte Podemosek bultzatutako herri-hautagaitzen sorreran dago. Bide batez, Elkarrekin Podemos ere aurkeztuko da oraingoan.

Dena biribiltzeko Solidariaren zerrenda dago: haren burua, Rafael Vaquero, Ganemos Erandioren kide modura ailegatu zen Udalera 2015ean, talderik gabeko zinegotzi modura eman du ia azken agintaldi osoa, eta Solidariako alkategaia da orain, Elkarrekin Podemosen primario batzuetan parte hartu (eta galdu) ostean. Ondorioz, eta hala esatea zilegi bada, espektro bereko lau alderdi aurkeztutako ziratekeen Erandion Konstituzio Auzitegiak hartutako erabakia hartu ez balu. Hark kanpoan utzitako Ganemos Erandiok hartuko zituzkeen botoak norentzat izango diren domeka gaueko beste jakingarrietako bat da.

Uribe Kostan Solidaria aurkeztu den beste udalerria, Erandioz gain, Getxo da, baina hor zeresana Elkarrekin Podemosek eta GUKek sortu dute, kartelak kentzeagatik ipinitako salaketa judiziala eta guzti. Azken lau urteetan Udaleko hirugarren indarra izandakoa zatituta dago orain, eta horrek zer emaitza ekarriko duen ere ikusteko dago. 

Emakumezko alkate gehiago?

Emakumezko hiru alkate daude gaur egun Uribe Kostan: Anabel Landa Berangon, Arantza Etxebarria Gorlizen eta Mari Carmen Urbieta Leioan. Etxebarria eta Urbieta ez dira berriro aurkeztuko. Zelangura, oraintxe alkatetza duten alderdiek botereari eutsiz gero, datozen lau urteetan lau izango dira andrazko alkatedun udalak: Berango, Erandio, Getxo eta Gorliz. Momentu honetan eskualdeko udalerri denetan ordezkaritza duten alderdien artean, hau da, EAJ eta EH Bildu, jeltzaleek bost emakume aurkeztu dituzte zerrendaburu modua (%50), eta EH Bilduk hiru (%33). Denera, gizonezko 45 alkategai aurkeztu dira Uribe Kostan, eta 21 emakumezko.

 

Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakurleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun