Gorakada nabarmenik egin barik, udal denetan irabazi eta bostetan gehiengo absolutua lortu du EAJk (lehen bitan baino ez zuen, Lemoiz eta Urduliz). Oro har gorantz egin dute EH Bilduk eta PSE-EEk (sozialistek oso boto gutxigatik ez dute lortu aspalditik ordezkaritzarik izan ez duten udal batzuetan sartzea), eta PPk, berriz, Uribe Kosta osoan zazpi zinegotzi baino ez ditu izango, bost Getxon eta bana Leioan eta Berangon. Hau da, ordezkaritza galdu du Erandion.
Elkarrekin Podemosek, zelan edo halan, eutsi egin die orain lau arte olatu morea ordezkatu zuten tokian tokiko indarrek izandako emaitzei, baina haiekaz konparatuta behera egin du udal handienetan. Gorlizen independenteek ere eutsi, zinegotzi bat galdu arren, eta iBarrikak zeukana mantendu. Sopelan zinegotzi bati eustea lortu du Denok Baterak, Elkarrekin Podemosek bi lortu arren, eta Getxon kanpoan geratu da GUK. Plentzian, berriz, inork ez du bete Independenteek utzitako hutsunea, eta EAJ eta EH Bildu bakarrik egongo dira udalean. David Crestelok bertako alkatetza galduko du, eta honenbestez erabatekoa izango da EAJren hegemonia Uribe Kostan.