Abra itsasoaren eragina Getxoko kostaldean

Jon Ormaza 2019ko eka. 12a, 08:25
Abra itsasoa, goitik ikusia. CC-BY-SA HARESGOD

Getxoko jatorriez aritu nintzen lehenengo artikuluan eta Portu Zaharraren historiaz bigarrenean. Baina, aurreko atalak ezin dira guztiz ulertu Getxoko udalerriko lurrak bustitzen dituzten urei buruz ezer esan gabe. Kantauri itsasoaz ari naiz eta nola ez, Abrako itsasoaz.

Abrako itsasoari buruz ditugun aipamen historiko gehienak bere mugetako herrien dokumentuetan aurki ditzakegu. Hala ere, horrek gaur egun bizi duen egoerara heldu arte egin duen ibilbidea zertxobait argitzea beharrezkoa da. Erdi Aroan eta Aro Modernoaren hasieran Bilboko komertzioaren garrantzia handituz joan zen, itsas-komertzioari esker, hein handi batean, besteak beste. Hala ere, horrek hainbat oztopo eta behar izan zituen bere garapenerako, hala nola itsasadarreko herrien arteko talkak (Getxo eta Portugaleteren artekoez hitz egin genuen aurreko artikuluan), kai edo portu egokien beharra eta nabigatzeko erraza izango zen bidea.

Azken puntu horri helduta, azaldu beharra dago Getxoren kasuan, Gresaltzu (gaur egun Gobela izena duena) ibaia izan zela arazorik handiena. Nerbioi ibaian itsasoratzen zen eta berarekin alubioi-lurrak eta hondarrak zeramatzan, Portugalete parean barra bat sortuz. Horrek zaildu egiten zuen kanal horretan nabigatzea, eta berau ixteko arriskuaren beldur, ikerketa bat abiarazi zuten egoera hori konpontzeko. 1502. urtea zen eta ikerketaren ondorio nagusia Gresaltzu ibaia desbideratzea izan zen, zuzenean itsasoan amaitzeko eta ez Nerbioi ibaian (Zabala, 1990). Getxoztarrak proiektuaren kontra azaldu ziren: «ibai baten bidea aldatzea ez da kristauena, naturaren kontra lan egitea zen» (Zabala, 1990). Hala ere, erabaki hori hartzearen benetako arrazoia haien eskumenetan Portugaleteren eta Bilboren esku-hartzea izan zen.

Momentu horretan Gobela ibaia desbideratzeko ekimena bertan behera gelditu zen arren, egoera aldatu egin zen 1545ean. Getxoztarrek baldintza berriak ezarri zituzten urte horretan (kai bat eraikitzea eta hura erabilerarako eskumena) eta baiezkoa eman zioten ibilgua desbideratzeari. Hala ere, ibaiaren bidea moldatzeko lan horiek egiten ziren bitartean, Algortako portua ez zen gutxienez 1570era arte eraiki, Bilbo eta Portugaleteren interesek sortutako oztopoengatik seguruenik. Beraz, XVI. mendearen amaierarako Gobela desbideratu eta kai berri bat eraiki zuten Portugaleteko barra ez areagotzeko. Zabalak (1990) adierazita, «mendearen amaieran, gaur egun Areeta den lekuan, gutxi gorabeherako 400 brazako kai jarraitua zegoen (668 metro inguru)». Horren denaren onurak azaldu zituen elizgizon batek karta batean: «Azken urteetan hura altxatzeko eta luzatzeko egindako lanak eragina izan du eta onurak ekarri ditu barraren hasieran».

Eraikuntza-lan horien ostean, hainbat alditan berreraiki edo moldatu behar izan zuten kaia, hala nola 1712, 1763-69, 1775, 1790-95, 1806 eta 1809-1814 urteetan. Beraz, argi geratzen da Abrako itsasoan eragin zuzena izan zutela garai hartako eraikuntzek, zehazki Nerbioi ibaia eta itsasoa batzen ziren inguru horretan.

Itsasoarekin zerikusia izan zuten berezitasun historiko modura, aipamen gutxi batzuk erakusten ditu Beascoecheak (1992) bere ikerketan. Horretan, 1629ko Algortako San Nikolaseko marinelen kofradiaren ordenantza batzuk azaltzen ditu. Getxoko marinelek debekatuta zeukaten arrantzatutakoa Santurtziko portuan saltzea (Beascoechea, 1992); hala ere, itsasadarrarekiko eta naufragioekiko eskumenak lortu zituzten. Hala, 1715 eta 1797 urteen bitartean, hamabost ontzik hondoa jo zutenean, horien erreskateengatik sariak jaso zituzten marinelek. Kontsulatuak erreskate horietan nola jokatu zehazteko ordenantza bat zuen ezarrita, eta lapurrei zigor gogorrak jartzen zizkieten (Zabala, 1990).

Beraz, Abrako itsasoak paper erabakigarria jokatu zuen Portu Zaharraren eraikuntzan, baina baita Gobelaren desbideratzean ere. Nabigazioa errazteko helburua egon ez balitz, beharbada jatorrizko bideari jarraituko lioke gaur egun ibaiak, batek daki. Hala ere, aldaketak aldaketa, oraindik gizakioi naturaren fenomeno eta inertziak ulertu eta haienganako botere-gabezia onartzea falta zaigu. Nahi ala ez, urak beti topatzen du bere bidea.

Erlazionatuak

Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakuleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun