Elkarrizketak

Ricardo Mutuberria: "Edonork eduki behar du aukera zientzia lantzeko"

Unai Brea 2019ko eka. 13a, 08:00

Bilbon egunero zabalduko den laborategi komunitarioa sortzea da Ricardo Mutuberriak esku artean dituen proiektuetako bat. HODEI TORRES

Iazko udagoienean ipini zuten martxan Biook proiektua, Ricardo Mutuberria (Algorta, 1968) biologoaren gogoan aspaldi zebilen ametsa. "Jendeak eta jendearentzat egindako biologia" goiburuak laburbiltzen du egitasmoaren funtsa. Zientziak ez du izan behar profesionalen kontua bakarrik, horixe aldarrikatzen du Mutuberriak, Zuk Zeuk Egin nazioarteko mugimenduagaz bat eginez. Haren oinarriak azaldu dizkigu elkarrizketa honetan. 

EHUn hasi zinen biologia ikasten, baina ez zenuen bide luzerik egin bertan, ezta?

Hezkuntza ez zen onena, zoritxarrez. Giro ona zegoen, jai onak, kar kar... baina hezkuntza erdipurdikoa zen. Ez zen inguru ona motibazioa lortzeko. Horregatik atzerrira joateko aukeren bila hasi nintzen, hezkuntza hobetzeko; biologian, ez bazara laborategi batean sartzen eta ez baduzu beka bat lortzen ezin duzu doktoregoa egin. Diru-laguntza bat atera zen AEBetara joateko, baina kazetari-ikasleentzat baino ez. Hala ere, amak bultzatuta eskatu egin nuen, baita lortu ere. Eta hara joan nintzen.

Biologia ikastera, kazetaritza-ikasleentzako beka bategaz?

Eredua desberdina da han, orokorragoa, badago Art & Science esaten diotena, arteak eta zientzia konbinatuta. Nik hasieratik egin nahi izan nituen biologia eta artea; posible izan behar luke hori egiteak, baina zoritxarrez hemen, oraindik, unibertsitatea konpartimentuetan antolatua dago. Hau egin dezakezu, edo hau, edo hau. Bizitza ez da horrelakoa, benetako lanpostuak ez dira horrelakoak, baina unibertsitatea iraganean dago oraindik. AEBetan, berriz, aukera eduki nuen gai ugari jorratzeko: ekonomia, psikologia, artea, laborategiko praktikak... Han lortu nuen diplomatura, 21 urterekin.

Han sortu zitzaizun Biook sortzeko grina?

Urte asko daramat proiektua buruan lantzen, baina benetako lanketa azken hiru urteetan egin dut, eta proiektua bera iazko irailean sortu zen, oso berria da. Ni biologoa naiz, eta zientzia lantzea gustatu izan zait beti, baina ez dut inoiz aukerarik izan. Aukera daukagu kirola egiteko, hizkuntzak ikasteko, arteak lantzeko, alderdi espirituala lantzeko... baina zientzia lantzeko ez dago lekurik. Ez dut ulertzen gizarte teknologiko eta zientifiko honetan herritarrok aukerarik ez izatea bizitzaren edozein momentutan zientzia jorratzeko. Holandan bizi izan nintzen, doktoregoa prestatzen (azkenean ez nuen tesia irakurri eta beraz ez naiz doktorea), eta Googlen bilatzen ibiltzen nintzen ea laborategi komunitariorik ba ote zegoen munduko tokiren batean.

Eta aurkitu zenuen, baina ez Googlen.

Urte askoren ostean zientzia profesionala utzi nuen, zientziaren komunikazioa eta kultura zientifikoa lantzera pasa nintzen, batez ere zientzia-museoetan, eta New Yorken lortu nuen lanpostu bat, bertako historia naturalaren museoan. Han nengoela laborategi komunitario bat aurkitu nuen, Genspace deiturikoa. Eta esan nuen: "Azkenik! Norbaitek sortu du halako zerbait". Boluntario egon nintzen han, hiru urtez lan egiten, orain dela sei urtera arte edo. Laborategi hartan zientzia lantzen genuen mota eta adin guztietako herritarrekin. Jendea ikusten nuen esperientzia barik zientzia lantzen eta izugarrizko gauzak egiten, ondo pasatzen, eta benetan euren bizitzetan inpaktua zuen horrek.

Eredu hura da orain hona ekarri gura duzuna?

Bai. Genspaceren eta Biooken ereduak bat egiten du nazioarteko mugimendu batekin: Do It Yourself (DIY), hau da, zuk zeuk egin. Kasu honetan, zuk zeuk egin biologia. Orain egiten gabiltzana proiektu pilotua da; helburu nagusia da Euskal Herriko lehenengo laborategi komunitarioa sortzea. Genspaceren modukoa, baina askoz hobea. Egunero zabalik egongo den gune bat, diziplina asko landuko dituena baina biologia izango duena ardatz. Azken batean ni biologoa naiz eta horrek motibatzen nau gehien; bestalde, natur zientziek bizitzaren arlo guztiekin dute lotura: diseinuarekin, arkitekturarekin, artearekin, hezkuntzarekin, ingurumena eta osasuna hobetzearekin... Biologia lantzea ezinbestekoa da, aldatu egin behar dugulako beste bizidunekin dugun harremana. Eta zerbait maitatzeko, ezagutu egin behar duzu.   

DIY aipatu duzu. Biooken webgunean, berriz, proiektua Herritarren Zientzia mugimenduaren barrukoa dela esaten da, eta hainbat adibideren loturak ageri dira. Filosofia horrek zabalkundea lortu duela esan daiteke?

Badago Herritarren Zientzia mugimendua, badaukagu Open Science edo Zientzia Irekia mugimendua, badaukagu DIY... Oraingoz txikiak dira zientzia profesionalarekin eta beste mugimenduekin konparatuz, baina gertatzen diren tokietan inpaktu handia daukate komunitatean. Ikerlari amateur asko agertzen ari dira, gai interesgarriak jorratzen dituzte elkarlanean, parte hartzen duten guztien jakintasuna partekatuz eta elkar lagunduz, eta gainera, lantzen dituzten gaiak komunitatearen eta pertsonen interesen araberakoak dira.

Zientzia profesionalean ez da hala gertatzen?

Zientzia profesionala, batzuetan, herritar arrunten nahi eta beharretatik urrundu da. Noski, gauza garrantzitsuak lantzen dira, e? Nik ez daukat ezer zientzia profesionalaren aurka, baina DIY biologia-eredua desberdina da, komunitatearen beharrak lantzen ditu komunitatea delako zientzia egiten duena. Txikienetik zaharrenera, guztiek parte har dezakete, edozein formazio- maila izanda ere, azken batean formazioa laborategian bertan lortzen da. Eta askotan lantzen dituzte komunitatearen nahiak, eta beharrak.

Adibidez?

Oso adibide arruntak izaten dira ingurumena hobetzearekin zerikusia dutenak. New Yorken, Genspacek bazuen proiektu bat Brooklyneko ibai batean, tira, hobeto esanda industria-kanal batean kutsadura eta biodibertsitatea aztertzeko. Kanal hori oso kutsatuta dago, eta haiek hasi ziren bertako mikrobioma aztertzen. Zer bakterio bizi diren hor. Eta kutsadura ere aztertu zuten, zer produktu toxiko dauden eta abar. Zer ikusi zuten? Bada, leku horretan bizidun jakin batzuk badaude, bertako substantzia toxikoekiko erresistentzia dutela esan nahi du. Eta beharbada produktu horiek erabili eta eraldatzen dituzte, elikagai modura. Hortik atera zen proiektu bat aztertzeko ea nola erabil zitekeen mikrobioma hura kanala eta alboko lurrak garbitzeko. Guk geuk ere, Biooken, baditugu ingurumenarekin lotutako proiektuak. Esate baterako, badakigu Getxok eta beste udal batzuek arazoak dituztela Europak ezarritako helburu batzuk betetzeko, besteak beste Natura 2000 Sarea osatzeari dagokionez, eta gazteentzako proiektuak bultzatu nahi ditugu horretan laguntzeko.  

Beste adibide bat Open Insulin izeneko nazioarteko proiektua da. Uste dut munduko intsulina-produkzioa bi farmazia-konpainiak kontrolatzen dutela; helburu ekonomikoak nagusi direnean, produktua ez da heltzen errefuxiatuen kanpalekuetara, gerra dagoen tokietara, herrialde pobreetara... Beraz, zer egin du Open Insulin proiektuak? Aukera eman die herritarrei sukalde txiki batean eta baliabide gutxirekin intsulina ekoizteko. Intsulinaren genea sartu dugu bakterioetan, edo legamietan, eta bakterioek sortzen dute intsulina, giza intsulina. Gero hori purifikatu egiten da, garbitu, eta diabetesa kontrolatzeko erabil dezakegu. Munduan badaude hainbat talde, ikerlari amateurrek osatutakoak, hori egiten.

Edozelan, ezinbestekoa izango da holakoetan ikerlari profesionalak ibiltzea proiektuak gidatzen, ezta?

Ez. Badaude ikerlari profesionalak izandakoak, ni neu adibidez, baina ez da guztiz derrigorrezkoa. Izugarria da, baina askotan zientzia-formaziorik ez duten baina sormenaren aldetik hezkuntza jaso duten pertsonak (artistak, diseinatzaileak...) izaten dira proiektuak aurrera eramaten dituztenak. Hala ere, normalean komunitate horietan beti egoten dira biologoak, fisikariak, kimikariak... 

Zientziaren demokratizazioaz idatzi izan duzu. Hori da, azken batean, honen guztiaren helburua?

Bai.

Eta horrek zer esan gura du, zientzia ez dela demokratikoa?

Horixe bera. Zientzia ez da demokratikoa. Guk bi gauza egiten  ditugu: batetik zientzia desmitifikatu, eta bestetik zientzia demokratizatu. Zientzia demokratizatzeko, edonork eduki behar du aukera zientzia lantzeko, hori lehendabiziko baldintza da. Zientzia demokratizatzeko, herritarrek, gizarteko gizon-emakumeek, aukera eduki behar dute, zientzia egiteko beraien dirua erabiltzen denez gero, zientzia ezagutzeko, diru horri ematen zaion erabileraz iritzi bat edukitzeko. Hori Europak bultzatzen du, Responsable Research and Innovation du izena [Ikerkuntza eta Berrikuntza Arduratsua]. Gizarteak zeresana eduki behar du zientzian lantzen denaz.

Ez dakit hain erraza den; herritar xeheontzat zaila da zientzian egiten diren gauza asko ulertzea.

Gaur egun zientzian eta teknologian jakintza asko daukagu, eta galdera da: nork kontrolatuko du jakintza hori guztia? Nork erabiliko du, eta zertarako? Gaur egun, batez ere, merkatuak kontrolatzen du jakintza hori, eta bere logikaren arabera erabiltzen du, batez ere dirua lortzeko, hori da helburua. Baina ez luke hala izan behar. Helburuak izan behar du gizartearen hobekuntza, eta pertsonen bizitzaren hobekuntza, eta planetaren hobekuntza. Beraz, jendeak iritzi bat edukitzeko, erabakiak hartu ahal izateko jakintza nahikoa izateko, zer gai diren landu beharrekoak erabaki ahal izateko, hau da, zelan eta zertarako erabiltzen ditugun zientzia eta teknologia... Horretarako beharrezkoa da zientzian parte hartzea, zientzia demokratizatzea, eta txikitatik nahi duen orok aukera edukitzea zientzia jorratzeko. Jakintza, hezkuntzan, praktikaren bidez lortzen da, eta praktika horren bidez pentsamendu kritikoa lantzen da eta iritzi bat eduki daiteke. Hori beharrezkoa da, azken batean gure bizitzak izugarri baldintzatzen baitituzte zientziak eta teknologiak.  

"Desmitifikatu", esan duzu. Besteak beste, azaldu beharko duzue zientzia ez dela oso buruargiak diren gutxi batzuen kontua bakarrik...

Bai, hori da zientziaren mitoetako bat. Nik, laborategi komunitarioetan, ikusi ditut institutuetako gazteak, 15-16 urteko neska-mutilak, izugarrizko zientzia-proiektuak aurrera eramaten, oso kalitate handikoak eta oso teknika aurreratuekin. Laborategian sartu baino lehenago, gazte horien zientzia- edo biologia-jakintza oso txikia zen. Teoria baino ez, eta gutxi. Baina zientzia lantzea sukaldaritza bezalakoa da, edo oso antzekoa, edonork egin dezake. Bakailaoa egiten duzunean pil-pil eran, protokolo bati jarraitu behar diozu, eta ez da erraza. Prozesu horretan fisika, kimika eta biologia daude. Eta zuk bakailaoa egiten duzunean bi aukera daukazu: protokoloari jarraitzen diozu eta ez dakizu ezer fisikaz, kimikaz eta biologiaz, edo alderdi biak lantzen dituzu. Laborategi komunitario batean protokolo bat egitea erraza da; gaur egun kit batzuk saltzen dituzte, eta adibidez zure DNA-a aztertzeko aukera daukazu, ez da batere zaila, edonork egin dezake. Baina guk bultzatzen duguna da momentu berean, lan praktikoa egiten duzun aldi berean, alderdi teorikoa ere lantzea. Hala ere, lehenik eta behin praktika behar da, derrigorrezkoa hori da. Eta noski, tailer praktiko horretan behar den jakintza teorikoa egiten dituzun gauzen arabera eskuratzen da. Hori da mitoa: edonork ezin duela zientzia landu, zientzialari profesionalentzat baino ez dela... Gezurra. Zientzia hasiera batean ez zen profesionala, zientzia lantzen zuten asko amateurrak ziren, tira, dirudunak, denbora zeukatenak.

Erraza da Do It Yourself filosofia txertatzea kosmologian, edo fisika teorikoan, edo... biologia baino zientzia "gogorrago" batzuetan, zilegi bada hala esatea?

Interesgarria da galdera, zeren, adibidez, orain arte astronomia asko landu dute zientzialari amateurrek, eta aurkitu dituzte fenomeno astronomikoak, planetak, eta abar. Paleontologian ere bai, aspalditik dago paleontologo amateurren elkarte bat, eta haien produkzio zientifikoa oso interesgarria da. Arazoak sortzen dira, adibidez, fisika kuantikoa lantzeko, behar baldin baduzu CERNen dagoena bezalako partikula-azeleragailu bat, noski, amateurrek ez daukate aukera hori [Suitzan dagoen CERNen Hadroi Talkagailu Handiaz ari da; 27 kilometroko luzera duen tunela erabiltzen du esperimentuak egiteko]. Baina oro har, zientzia lantzea merke bihurtu da arlo askotan. Ni doktoregoa prestatzen nenbilenean, DNA sekuentzia txiki bat irakurtzea 1.000 euro kostatzen zen, gaur egun gauza bera hamar euro ordainduta lor daiteke. Badago DIY erreaktore nuklear txiki bat sortu duenik, izugarria da. Baita ere mikroskopio elektroniko bat. Badaude izugarrizko proiektuak DIY mugimenduan. Ni neu harrituta geratzen naiz baina jende oso dohaintsua dago munduan, eta oso DIY direnak.

Eta zer dio horretaz Zientziak, Akademiak, letra larriz?

Hor bi gauza gertatzen dira. Alde batetik, zientzia profesionala (unibertsitateak, ikerkuntza-zentroak, enpresak) oso sartuta dago bere munduan, apurtxo bat deskonektatuta gizartetik. Baina unibertsitatea eta beste erakunde asko ere bai, e? Erakunde tradizionalak... Gizartea askoz aurrerago joaten da erakunde horiek baino. Orain egon gara hitz egiten zientziaren kosteaz eta zientzia gogorragoak lantzeaz DIY mugimenduaren barruan; bada, begira zer gertatu den informatikarekin: mundu digitala oraintsu arte ezezaguna zen, ni gaztea nintzenean agertu ziren lehen ordenagailuak, eta bat-batean izugarrizko boterea, izugarrizko teknologia daukagu gure eskuetan; oraintxe hemen daukadan mugikorrarekin gauza izugarriak egin ditzaket. Biologian, eta beste zientzietan, antzeko gauzak gertatzen ari dira. Gaur egun saldu egiten dituzte maleta txiki baten tamaina daukaten biologia-laborategiak, biologia molekularra egiteko balio dutenak. Gutxi gorabehera 1.000 euro inguru kostatzen dute, eta denetik egin dezakezu haiekin, laborategi profesional batean behar-beharrezkoa den guztia hor daukazu.

Nik galdetu gura nuena da ea zientzia profesionalak kritika egiten dion DIY mugimenduari, herritarren zientziari.

Ez. Alderantziz gertatzen ari da. Batetik, zientzialari profesionalek ez dute mugimendua ezagutzen, ni apur bat harrituta geratzen naiz mugimendua aurkezten diedanean, beraiek harrituta geratzen direlako: "Baina hau benetan existitzen da? Jendeak zientzia egiten du horrela?". Normalean beraien erantzuna ona da. Izan ere, zientzialari profesionala izatea ez da batere erraza. Sakrifiziozko bizimodua da, beti egon behar duzu diru-laguntzen bila, oso lan prekarioak dira, ziurtasunik gabeak... Laborategi bateko burua izatera heltzea oso zaila da, eta heltzen zarenean, zoritxarrez, zientzia albora utzi behar duzu neurri batean. Zure lanaren parte txiki bat izango da zientzia lantzea, eta gainerakoa burokrazia, diru-laguntzak lortzea... Beraz, batzuetan badauzkagu, boluntario moduan, doktoregoa edo doktorego-ondokoa egiten ari diren batzuk. Gurekin egiten dute lan eta oso pozik daude, bat-batean beste aukera bat agertzen baitzaie zientzia lantzeko. Esan dudan bezala, oraindik mugimendu txikia da gurea, hazten dabilena, beharbada hezkuntzara oso bideratua, baina azken batean sortzen ari den eredu paralelo bat da, eta ziur nago hemendik aurrera zientzialari izateko aukera bat baino gehiago izango dugula. Zientzia profesionalaren bidean pribilegiatu gutxi batzuk sar daitezke gaur egun, batez ere oso ikasle onak direnak eta hezkuntza teorikoa ondo menperatzen dutenak, baina beste eredu paralelo hau alderantzizkoa izango da: alderdi praktikoa jorratuko da, elkarlana...

HIRUKAn ere kolaboratzen hasi zara, eta momentuz idatzi duzun artikulu bakarrean oso kezkatuta agertu zinen ingurumenaz, planetaren geroaz...

Nire helburua, egia esateko, bizi dugun ingurumen-krisi hau aipatzea zen. Niretzat, gaur egungo gai garrantzitsuenak desberdintasun sozialak eta ingurumena dira, eta biak lotuta daude. Zientzialariok badauzkagu froga guztiak jakiteko klima-aldaketa gertatzen ari dela, eta ondorioak dramatikoak direla. Beste guztia, lan-egoera, migrazioak, arnasten duguna eta jaten duguna... guztia dago horri lotuta. Ez badugu berehala zerbait egiten, gure seme-alabek arazo handiak izango dituzte bizimodu normal eta atsegina edukitzeko. Ez daukat seme-alabarik baina bai ilobak, asko gustatzen zait txikiekin lan egitea, eta askotan pentsatzen dut hauei utziko diegun planeta, utziko diegun miseria, ez dutela merezi. Gaur egun zortea izan dezakezu, Algortan jaio zaitezke eta egoera ekonomiko lasaia eduki, hezkuntza, osasungintza... edo jaio zaitezke Ghanan, Nigerian edo Bangladeshen. Zoritxarrez hori gertatu egiten da eta desberdintasun sozialak handiak dira. Baina klimaren eta ingurumenaren arazoak guztiok joko gaitu. Gogortasun desberdinekin, noski, baina denok pairatuko dugu. Gure seme-alabek, nahiz eta Algortan jaio, hemendik 50-100 urtera arazo larriak edukiko dituzte ez badugu zerbait egiten. HIRUKAko artikulu hura idatzi nuen lagunekin hitz egiten harrituta geratu nintzelako, momentu horretan oso eguraldi ona geneukan, ez zen batere normala, eta lagunak entzuten nituen esanez: "klima-aldaketa hau bada, ondo hartuko dut", barre-artean. Ez gara konturatzen daukagun arazo larriaz.

Zientzia modu komunitarioan lantzeak laguntzen du ikuspegi hori garatzen?

Noski. Metodo zientifikoa lantzen duzunean hiru gauza garrantzitsu gertatzen dira: alde batetik sormena lantzen duzu, azken batean zientzia behaketa da, galderak eta probak egitea, zure ideiak egiazkoak ala gezurrezkoak diren jakiteko. Bestetik, gauzak txarto irteten direnean, edo emaitzek ez badute zure ideia berresten, porrota onartu behar duzu, baina ez da benetako porrota; emaitza ez denean zuk uste zenuena prozesuak jarraitu egiten du, hor ere garrantzitsua da aurrera egitea. Eta hirugarrenik, pentsamendu kritikoa eta analitikoa garatzen dituzu, eta adibidez ingurumenari buruzko proiektuak lantzen dituzunean barneratu egiten duzu arazo hori, zure bizitzaren parte bihurtzen da. Ondorioz, zure eguneroko bizimodua ere aldatu egiten da. Nazio Batuen Erakundearen hobekuntzarako helburu gehienak DIY mugimenduak lantzen ditu eta, nire ustez, oso mugimendu garrantzitsua da helburu horiek lortzeko.

 

Joko biotikoak: Pacman-a, paramezioakaz

Biook elkarteak esku artean dituen proiektuetako bat da joko biotikoen jardunaldiak antolatzea. "Bideo-jokoen modukoak dira, baina izaki bizidun mikroskopikoak erabilita", azaldu digu Ricardo Mutuberriak.

"Batez ere paramezioekin egiten da, baina beste izaki batzuekin ere, legamiak esaterako, batzuk zelulabakarrekoak eta beste batzuk handiagoak", dio Mutuberriak. Gakoa da organismo horiek erantzun egiten dietela hainbat estimuluri (argia, elektrizitatea, magnetismoa...), eta horren bidez haien mugimendua kontrolatzen saia daitekeela. Modu horretan, mikroskopioa ordenagailu baten pantailara konektatuta, joko bat sor daiteke. Stanfordeko Unibertsitateko ikerlariek, esaterako, Pacman joko ezagunaren bertsio bat sortu dute paramezioakaz. Izaki horiek dauden likido batean polaritatea aldatuz, jokalariak ahalegintzen dira paramezioak gura duten lekurantz  mugiarazten, eta pantailako bolatxoak "jan" arazten.

Ricardo Mutuberriaren esanetan, mota horretako jokoetan aritzeaz gainera, parte-hartzaileek antzeko beste joko batzuk diseinatuko dituzte Biookek antolatutako jardunaldian. Bestalde, nazioarteko adituak ekarri gura dituzte, joko biotikoek izan ditzaketen inplikazio eta aukerez berba egiteko.

Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakurleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun