[BIDEOA] Bendeja masiboa Romoko elizan

Hodei Torres 2019ko abu. 20a, 10:10

Uribe Kostako Agroasanbladak deitutako bendeja masiboa babesteko 100 bat pertsona batu ziren atzo, astelehenean, Itzubaltzeta/Romoko elizako arkupetan. Baserritarrek postuak muntatu eta ordu erdira udaltzainak agertu ziren; gerturatutakoak identifikatu eta burutzen ari ziren kale-salmenta ilegala zela ohartarazi zieten bildutakoei.



Uribe Kostako Agroasanbladak irakurritako oharra:

Pasa den astelehenean, abuztuaren 12an, Uribe Kostako baserritar bat eta bere berduren kontra oldartu ziren Getxoko Udal poliziak, eta bertan zituen barazkiak atxilotu zituzten. Erromoko elizaren arkupeetan zortzi urtez egon da, jeneroa dagoen sasoietan, azokatxoa herrian eskaintzen. Barazki hauek gertukoak, garbiak, agroekologikoak eta ederrak dira, zapore berezikoak. Ez dugu benetan hausnartu, antikapitalistak, iraultzaileak, antisistema eta bestelako nortasunik jasotzen zituztenik gure barazkiek, beraz, familia berekoak jarraitzen dugu izaten. Gora tomate txerri harresia!!

Gertakizun honen aurrean Uribe Kostako agroasanbladak erantzun bat eman behar du. Jendearen babes handia jaso bada ere, ezin gara isilik egon eta izandakoa salatu barik gure soloetan sartu. Izan ere, Getxoko udalak zabaltzen duen diskurtsoa elikadura arduratsu, osasungarri eta gertuko baten alde egiten du. Zero kilometro kanpaina burutzen du, azoka ekologikoak babestu, San Lorentzo azokarekin eskuak garbitu eta abar, euren politikagintza eta zurikeriaren babesera. Gerora interes politiko, ekonomiko eta komenientziazkoak bideratzen dituzte errukirik gabe, kontsumo masibo, elikadura gaixotuak eta gizarte eredu indibidualista garatzen dituzten merkatal zentroak eta halakoak babestuz. Horren adibide dugu Getxoko udalak 18.000€ bideratu zituela lehenengo sektorearen diagnotisko bat egiteko, eta Udalak berak lehenengo sektorerik ez zegoela esan ziola kontratatutako enpresari. Lotsagarria benetan! Ez hanka ez buru.

Gure bidea egiten jarraituko dugu, lurrak lantzen, zuhaitzak landatzen, animaliekin elkarbizitzen eta amalurrarekin batera sentitzen. Hori guztia eta gehiago, elikadura benetakoa, arduratsua, gertukoa, garbia, osasungarria eta etengabe hobetzeko gogoarekin. Kontsumo taldeetan lan egiten dugu gehienbat, baina beste bide batzuk jorratu nahi ditugu jeneroak soberan daudela herriari eskaintzeko: Erromoko noizean noizko azokatxoa adibide.

Ez gara droga banatzaileak, horiek non dauden ondo dakiten arren, gure kontra oldartzen dira. Ez gara delinkuenteak, gure barazkiekin osasuna eman eta gosea asetzen dugu. Ez gara handikiak, Uribe Kostako baserritar txikien talde bat gara, herritar xumeak, zuen auzokoak, gertukoak. Horrexegatik ez gara atzera kikilduko eta hurrengo astelehenetik aurrera, astelehenero, beste baserritarren babesa jasoko du Uribe Kostako agroasabladako kide den baserritar txikiak. Txikitik egiten garelako handi!!

HALA BAZAN EDO EZ BAZAN, SAR DADILA KALABAZAN ETA AGERTU DADILA ERROMOKO PLAZAN

Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakuleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun