Peio Fuente baserritarrak azaldu digunez, 2013an hasi zen Itzubaltzetako elizako arkupeetan udako bendeja saltzen. Urte horretan hurbildu zitzaizkion udaltzainak lehenengo aldiz bertatik botatzera; hala ere, bertan jarraitu eta normaltasun osoz jarraitu du urtez urte 2018ra arte. Iazko abuztuan udaltzainak etorri zitzaizkion eta Getxon kale salmenta debekatuta dagoela ohartarazi zioten. Aldi bitan hurbildu zitzaizkion udaltzainak baserritarrari, "baina horietako batean ere ez zidaten ezer konfiskatu", jakinarazi du Fuentek. Atzo, ordea, polizien jarrera bestelakoa izan zela kexatu da baserritarra: "Ortuariak saltzeari uztea agindu zidaten udaltzainek, eta, hori egin ezean, den-dena konfiskatuko zidatela ohartarazi zidaten. Nik esan nien bertan jarraituko nuela, astelehenero, bendeja saltzen, irailaren 15era arte; hala, egin beharrekoa egin zezatela esan eta barazkiak eraman zituzten".
Getxoko Udalak jakinarazi duenaren arabera, kale salmenta guztiz debekatuta dago udalerrian eta oraindino ez dago aurreikusita bendeja arautzeko araudirik.
Itzubaltzetako baserritarrak ohartarazi duenaren arabera, bendeja legeztatzeko modu bat Udalari baimen bat eskatzea da: "Baimen bat izatea eskatzen digute, baina ez dut eskatu ezinezkoa zaidalako Udalak eskatzen duenari aurre egitea. Gizarte-Segurantzan doakion errejimenaren barruan alta eman behar dugu, aseguru bat kontratatu... Ez du merezi gastu horiei denei aurre egin behar badiegu".
Bendeja arautzeko proposamena
Fuentek azaldu duenez, orain dela sei urte sinadura bilketa egin zuten Itzubaltzetan, Udalaren baimena ez ezik, saltokiena ere eskatzeko. Denera, 400 izenpe eta 60 merkatariren baimen lortu zituzten; hala ere, udal-agintariek erantzun zuten kaleko salmenta zela bendeja eta ez zegoela hori baimentzerik. Hala ere, horren gaineko proiektu bat prestatuz gero, aztertzeko prest zeudela esan zuten, eta horretan dabil Uribe Kostako Agroasanblada. Bendeja arautzeko eta urte osoan Algorta eta Itzubaltzeta auzoetan indarrean egoteko proposamena du talde horrek mahai-gainean; hala ere, Fuentek jakinarazi duenez, momentuz baztertuta utzi dute.