Aurten ere, Edestiaurre Arkeologia Elkarteak Barrikako Historiaurreko Jardunaldiak antolatu ditu. Hala, 2019an zehar lau ekimen izango dituzte jardunaldiok, eta hurrengo saioa Getxon izango da, Romo Kultur Etxean, hain zuzen ere.
Antolatzaileek iragarri dutenaren arabera, aurtengo saioa historiaurreko garai ezezagun baina "liluragarrian" oinarritu dute: Neolitoa eta Kalkolitoa. Gogoratu dutenez, duela 6.000 urte Uribe Kosta leku "oso garrantzitsua" izan zen, eta garaiko gizon-emakumeek utzitakoak gaur egunera arte heldu dira, inguruotan aurkitu diren aztarnategien bitartez. Horiek Uribe Kosta osoan aurkitu dira, baina oraingoan Barrikakoetan eta duela gutxi Getxon aurkitutakoan oinarrituko dute berbaldia.
Hala, aztarnategi horietan azken urteotan aurkitutako lanabesak erakutsi, azaldu eta aztarnategien inguruko informazioa helaraziko diete bertaratuko diren lagunei. Aizkorak, geziak, eskuzko errotak, kobrezko piezak, zeramikak... askotariko elementuak ikusi ahal izango dira Romo Kultur Etxean, den-denak arkeologia esperimentalaren bitartez egindakoak.
Berbaldia Iñaki Libano historiazale eta historiaurrean adituak eskainiko du.