Urriaren erdian hasiko dira Kukularrako bigarren faseko obrak

Kukularra lotunea, artxiboko irudian.

Lanen iraupena 21 hilabetekoa izango da eta nabarmen hobetuko dira segurtasuna eta denbora BI-637 eta N-637 errepideen arteko konexioan.

Kukularrako lotunea birmoldatzeko bigarren faseko lanak urriaren erdian hasiko dira eta obra horien iraupena 21 hilekoa izango da. Horrela iragarri du Imanol Pradales Azpiegituretarako eta Lurralde Garapenerako diputatuak, egunero 135.000 ibilgailuko zirkulazioa duen Bizkaiko komunikazio-lotune nagusienetakoan eragina duen jarduketa oso konplexua dela gogorarazi ondoren.

BI-637  eta N-637 errepideen arteko konexioaren birmoldaketa fase bitan zatitu den obra da eta horri esker "nabarmen" hobetuko dira erabiltzaileen segurtasuna eta bidaien denborak, arduradunek azaldu dutenaren arabera. Izan ere,  Imanol Pradalesek azpimarratu duen bezala, "lehen faseko obrak apirilean amaitu ziren eta nabarmenak dira hala kapazitatean nola arintasunean izan dituen eragin positiboak".

Hobekuntza eta eraginak

Bigarren fase horri esker oraindino ere gehiago hobetuko da lotune hori. Foru diputatuak eta Lurralde Garapenerako zuzendari nagusiak, Gorka Estebezek, azaldu dutenaren arabera gaur egun Kukularrako lotuneak zailtasunak ditu derrigorrezkoa delako ibilgailuak erreien artean gurutzatzea bertara ibilgailuak iristen direlako La Avanzadatik eta Arrontegitik Txorierriko saihesbiderantz egiteko. Egoera hori hobetu egin daiteke segurtasunaren ikuspegitik eta, aldi berean, eraginak ditu bidearen kapazitatean. Egoera konpontzeko errei osagarri bat gehituko zaio La Avanzada-Txorierri mugimenduari, horrela BI-637 errepidearen gainean dagoen zubibidea zabalduz. Aldi berean, beheko igarobide bat sortuko da Arrontegitik Txorierri-Erletxeetara ibilbidea egiten duten ibilgailuentzat gaur egun derrigorrezkoa den ibilgailuen gurutzatzea saihesteko. Eta, azkenik, Arrontegitik ihes-bide bat egongo da Enekurira abiatzen direnentzat.

Lanak urriaren erdian hasiko dira obren tarteen seinalizazioakaz, eta, ondorioz, abiadura-mugak murriztuko dira; muga hori 60 kilometro ordukoa izango da obraren tartean. La Avanzadatik Txorierri-Enekurirantz irteteko adarrean muga hori 40 kilometro ordukoa izango da.

Ohikoa den moduan beharrezkoak izan daitezkeen bidearen eta erreien mozketak gaueko ordutegian egingo dira ahalik eta eragin gutxien izan ditzaten. Era berean jaiegunak eta opor-aldiak aprobetxatuko dira.

Lanak Balzola eta Asfaltos Uribe enpresek eratzen duten Kukularrabi ABEEri adjudikatu zaizkio eta zenbatekoa 9.051.019 eurokoa da (BEZ barne).

Erlazionatuak

Aldundiak Kukularrako lotunea egokitzeko proiektuaren bigarren fasea esleitu du

Erandio

Erandioko Kukularrako lotunearen birmoldaketak "trafikoa arindu egingo du N-637 errepideko lotunearen inguruko tarteetan, bai Avanzadan, bai Arront...
Kukularran, lotunea egokitzeko obrak

Erandio Getxo

Kukularrako lotunearen hasierako lanen seinalizazioak hasi dira gaur, Aldundiak jakinarazi duenez. Erandioko obren lehen faseari ekiteko aurretiazk...