Klima-larrialdia esamoldea asko entzuten gabiltza egunotan. Zer esan gura du?
Herritarrak, gazteak... mundu osoan mobilizatzen ari dira egoeraren larriaz ohartuta. Zientziaren mezuak aditzen dituzte, eta konturatzen dira dagoeneko klima-aldaketaren eraginak jasaten ari direla, larriak direla, eta konponbiderik bilatu ezean are larriagoak izango direla. Gainera, denbora laburra dago zerbait egiteko, horregatik da larrialdia. Ekintza zehatzak, irmoak eta premiazkoak behar ditugu, eta ez epe luzeko planak bakarrik, orain arte bezala.
Ekintza irmoak, diozu. Ekonomia deskarbonizatzea da gakoa?
Hori alde batetik, eta bestetik klima-aldaketari egokitzea. Azken urteetan klima-aldaketaren muturreko efektuak gero eta sarriago gertatzen direla ikusten gabiltza: lehorteak, urakanak... Klima-aldaketa hemen dago honezkero, ez da etorkizuneko kontua. Eta gainera, herrialde pobreenei eragiten die gehien, aurre egiteko gaitasun txikiagoa dutenei. Egokitzen hasi behar dugu, lehenbailehen. Egokitzapenak gure politika guztien osagaia izan behar du, etorkizuneko efektuek ez gaitzaten hain gogor kolpatu. Bestetik, premiazko ekintzak behar ditugu CO2 eta bestelako berotegi-efektuko gasen igorpena murrizteko.
Epe laburrean egin beharreko lana, zientzialariek ohartarazi dutenez...
Batzuetan oso epe luzeko helburuak ipintzen dira. Parisko Hitzarmenak dio 2050ean gas-emisio netoak, hau da, igortze denaren eta Lurrak xurgatzen duenaren arteko balantzeak, zero izan behar duela. Modu horretan lor liteke Hitzarmenaren helburu nagusia betetzea: Lurraren beroketa globala, industrializazioaren aurreko garaietatik, ez dadila izan 2 ºC baino gehiagokoa, eta ahal bada 1,5 ºCtik gorakoa ere ez. Baina horretarako egin behar dugun aldaketa ikaragarria da, transzendentala. Energia-sistema inoiz ez bezala aldatu beharra dago. Eta 2050erako promesa asko egin ditzakegu, baina zer ari gara egiten 2030ean, edo datozen bost urteetan, bide onetik joango garela ziurtatzeko? Klima-aldaketa aztertzen duen IPCC zientzialari-taldearen arabera, datorren urtean ailegatu beharko genuke emisioen gailurrera, eta 2030erako erdira jaitsi. Aldaketa izugarria da hori, era premiazkoa da ekitea.
Zelan lor daiteke hori, zelan jaitsi emisioak erdira?
Aste honetan egin den NBEren gailurraren aurretik, António Guterres idazkari nagusiak lau eskari egin zituen. Bata, herrialdeek 2050ean emisioak gutxitzeko plan zehatzak eraman zitzatela gailurrera. Nire ustez hobe litzateke epe laburragoko planak eskatzea, baina... Guterresen beste eskariak oso zehatzak izan dira. Batetik, erregai fosiletarako dauden diru-laguntzak ezabatzea, eskergak dira eta, iturri berriztagarrietarako daudenak baino askoz handiagoak. Bigarrenik, erregai fosilen gaineko zergak sortzea, eta hortik ateratako etekinak estatuek herritarrei itzultzea nolabait (beste zerga batzuk gutxituz, adibidez), energia berriztagarrien eta energia-eraginkortasunaren alorrean inbertitzeko. Azkenik, oso epe laburreko eskari garrantzitsu bat egin zuen NBEren idazkariak: 2020tik aurrera ez dadila ikatz-zentral gehiagorik eraiki.
Garraioa da gakoa? Ibilgailuetarako erregaiak iturri berriztagarriakaz ordezkatzeak dirudi gaitzena.
Garraioa arlo garrantzitsuenetako da, noski. Alde batetik, energia elektrikoa sortzeko ikatz-kontsumoa, Asiako zenbait herrialdetan oraindik goraka doana, gutxitu behar dugu. Datuek diote energia berriztagarrien prezioa honezkero ikatzarena baino merkeagoa dela munduko ia herrialde guztietan. Prozesu hori azeleratu behar dugu, eta ikatz-zentral gehiago eraikitzea saihestu. Eta bestetik, diozunez, garraioa da gakoetako bat; herrialde garatuetan arlo horretan ari da gertatzen emisioen gorakada. Politikak egin behar dira mugikortasun-eredua jasangarriagoa izan dadin. Garraiobide publikoak, oinez ibiltzea, auto elektrikoak masiboki zabaltzea... Eta hori guztia, oso denbora laburrean.
Bestetik, ez litzaizkieke mugak ipini behar gehien kutsatzen duten eta alternatiba gutxiago duten garraio-motei? Abioia, itsaso bidezko trafikoa...
Gaur egun ez dago irtenbide teknologikorik garraiobide horientzat. Uste dut bide biak uztartzea dela egokiena: batetik, garraiobide horiek modu arduratsuagoan erabiltzea, eta bestetik, irtenbide teknologikoak bilatzen jarraitzea, sektore horiek nekez deskarbonizatu ahal izango baitugu erabat. Emisio horiek basoek xurgatutako karbonoarekin orekatu beharra egongo da, adibidez. Baina horrek ez du esan nahi ahal den heinean bidaia-kopurua murriztu behar ez dugunik.
Auto elektrikoari dagokionez, ahots kritiko ugarik diote nekez izango dela alternatiba gaur egungo mugikortasunaren parametroetan. Ez dela nahikoa izango, alegia.
Ni baikorra naiz epe laburrean auto konbentzionalekin lehiatzeko izango duten gaitasunari dagokionez, kostuen alorrean. Gaiari buruz egindako azterketa tekniko gehienek diote 2023-2025erako auto elektriko baten eta konbentzional baten kostua berdintsuak izango direla. Eta gainera, elektrikoa eraginkorragoa da energiaren erabileraren ikuspuntutik, eta beraz merkeagoa alde horretatik. Zein da erronka? Gaur egun oraindik eskura ez dugun birkarga-azpiegitura sortzea. Baina uste dut epe laburrean konpondu ahal izango dela. Eta kasu honetan ere, mugikortasuna eraldatzea ez da auto batzuen ordez beste batzuk ipintzea bakarrik, garraio publikoa sustatzeko eta bestelako neurriekin osatu beharko dugu hori.
Aipatu dugu New Yorken egin berri den NBEren goi-bilera. Zer emaitza izan du?
Ez dira aurreikuspenak bete, baina hitzordu garrantzitsua izan da lider politikoak, sozialak, enpresetakoak.. han elkartu dutelako, ea zer egiteko asmoa duten azaltzera. Ezin esan ezertarako ere balio izan ez duenik. Egia da, nolanahi, gailur asko egiten dela eta ekintza irmoagoen falta sumatzen dela, horixe dabil eskatzen gizartea, eta zientzialariok. Ekintza eraginkorrak behar ditugu, edo ondorioak jasango ditugu.
Klima-aldaketari aurre egiteko nazioartean dagoen akordio nagusia 2015eko Parisko Hitzarmena da. Baina ez da loteslea.
Goitik beherako ikuspegiz hartutako akordioa da. Organismo batek herrialdeak behartu ordez helburu bat lortzera (Kyotoko Protokoloan bezala), erabaki zen gobernuei galdetzea ez zer egiteko prest dauden klima-aldaketaren alorrean, eta gero neurtzea konpromiso horiek nahikoak diren beroketa bi gradutik gorakoa izan ez dadin, edo, ahal balitz, gradu eta erditik gorakoa. Markoa funtzionatzen ari da herrialdeak ekintzak proposatzen ari diren heinean, baina ekintza horien batura, orain arte, ez da nahikoa Parisko helburuak betetzeko. Momentuz, gobernuek egindako promesak kontuan hartuta, hiru graduko beroketa izango genuke, eta hori hondamendi ikaragarria litzateke. Horregatik egin da NBEren gailurra aste honetan, ausardia falta sumatzen delako.
Momentu honetan, Lurraren beroketa industrializazioaren aurreko arotik 1,1 gradukoa da.
Eta ez badugu ezer egiten 1,5ekoa izango da 10-15 urte barru.
Langa hori ez gainditzea posible da oraindino? Badago ezetz uste duenik.
IPCCren esanetan posible da fisikoki, baina berotegi-efektuko gasen emisio guztiak eten beharko genituzke 2050 baino askoz lehenago. Ikuspuntu sozial eta teknologikotik, hori lortzeko beharko genukeen aldaketa ikaragarria litzateke. Oso zaila da.