Elkarrizketak

“Erabili, komunikatzeko; garbituko dugu gero”

I. Sagarminaga 2019ko abe. 3a, 13:23

Luze eta lasai jardun du euskararen gainean, pasioez eta eginbeharrez, zuzentzekoez eta lasai hartzekoez.

Aspaldi Getxon bizi den Eunate Muruaga Amondarain (Berango, 1982) biologian lizentziaduna da eta Uribe Kostako AEKn irakasle jardun du azken 15 urteotan; gaur egun, C2 maila gorena irakasten. Zorte handikoak hirukatarrok: Hizkuntzaren Zalantzategian euskara zuzen erabiltzeko aholku-jarraibideak eskaintzen dizkigu eta. Azterketez, tituluez, zuzentasunaz, komunikazioaz, euskararen gure keriez eta pasioez berba egin dugu beragaz.

Titulua hain da garrantzitsua?

Duena baino handiagoa ematen zaiola uste dut, gehiegi sartu garela “titulitis” honetan. Garrantzia norberak ematen dio. Azterketarik prestatu nahi ez duten ikasleak ere etortzen zaizkigu, besterik gabe euskara ikasteko, eta ematen du dugun sisteman ia ezinezkoa dela, nolabait azterketen mundura edo “bideratzen” ditugu. Nik ez dut baloratzen pertsona baten euskara duen mailagatik; pertsonekin lan egiten dugu, eurekin harremanetan, eta horren arabera neurtzen dugu. Kontua da jende askok ematen diola garrantzia, euskara tituluarekin lotzen duela; horrek euskaldunoi kalte egiten digula uste dut. Euskara ez da bakarrik titulua ateratzea ala ez.

Titulua lortzeko azterketa gainditzeko ondo egin beharretako bat da hizkuntza zuzen erabiltzea: gramatikaren alorra, arauena...

C1/EGA mailan batez ere, zuzentasunari garrantzia ematen zaio; orain beste arlo batzuk ere garrantzia hartzen ari dira, behingoz. Baina, zuzentasunak beti eduki du pisua, bai. Zutabeetan halakoak lantzen hasi nintzen zuen eskariz, eta jende nahikotxok askotan galdetzen didalako... Baldin badakit, ez daukat inolako arazorik erantzuteko; gustura egiten dut. Beharrezkoa da, baina ez nago zuzentasunarekin obsesionatua; halere, zenbat eta garbiagoa, hainbat eta hobeto guretzat ere. Batzuetan sentsazioa dut egitura oker batzuk onartu egin ditugula erabili direlako; horregatik bakarrik?! Zuzenak belarrira txarto ematen didalako?! Horrek min apur bat ematen dit. 

Lanetik kanpoko doako beharra, sarri, orduan?

Bai! Baina, galdetu eta baldin badakit, ez daukat inolako arazorik erantzuteko; gustura egiten dut. Beharrezkoa da, baina ez nago zuzentasunarekin obsesionatua. Halere, iruditzen zait zuzenak izan behar garela; zenbat eta garbiagoa hizkera edo hizkuntza, hainbat eta hobeto guretzat ere. Batzuetan sentsazioa dut egitura batzuk gaizki erabili, eta, azkenean, onartu egin ditugula erabili direlako, txarto egon arren; horregatik bakarrik onartu behar ditugu?! Zuzenak belarrira txarto ematen didalako?! Horrek min apur bat ematen dit.

"Gehiegi handitu da 'titulitis' hau; kalte egiten digu euskaldunoi"

Zuzentasuna kalitateari lotutako faktoreetako bat da. Kalitatearen ala kantitatearen (erabilera) artekoen lehian, zeu zeinen alde?

Kantitatea bultzatuko nuke: nahiago dut erabiltzea, txarto egin arren, ez egitea baino, lotsa ematen diolako edo akatsak egitearen beldur delako; gero zuzenduko edo garbituko dugu. Askotan ikasleei esaten diet: “Ez lotsatu, euskaldunok benetan eskertzen dugu halako ahalegin bat”. Batzuetan ematen du txarto esaten duten oro zuzentzen gabiltzala, ez gara horretan ari!

Euskaldun berri batekin elkarrizketa bat badut, eta ikusten badut saiatzen ari dela, nahiz eta kosta, lagundu ahal diot, baina ez dut zuzenduko; eta benetan pozik entzuten ditut halakoak! Erabilera da garrantzitsuagoa; baina, behin erabilera horretan sartuta, gero, zergatik ez garbitu? Hurrengo urratsa izan daiteke, pixkanaka...

Hedatutako ustea da euskaldun “zaharrok” “berriei” eten barik zuzentzeko joera handia dugula.

Gaur egun, ez dut uste horrela denik; bestela, ez genuke elkarrizketa naturalik izango. Edozein hizkuntzatan gertatzen da: denok ez daukagu maila bera, ezta gaztelaniaz ere! Zenbat akats ez ote ditugun entzuten horretan?! Eta ez gabiltza une oro zuzentzen! Halere, euskaldun “berriek” sentsazio hori badute, horrek eragiten badu ez egitea, horrekin amaitu beharko genuke. Utzi natural egiten, eta, erosoago sentitzean, pixkanaka, garbituko dute.

Garbitze-prozesua nork onartzen du errazago?

“Zaharrek”, nagusiak direnek, gehienek, ez dute akats askorik, euskara garbia erabiltzen dute. Beste kontu bat gazteena da: euskaldun “zaharrak” izan arren, testuinguruaren eraginez, ohitura (txar) batzuk dituztelako, kalko okerrak erabiltzeko joera handiagoa dute. Ostera, euskalduntze-prozesu batean sartuta dagoena une oro ari da zuzenketa-lan horiek egiten. Euskaldun “zahar” hori ez da prozesu horretan sartuta egongo, beraz... Esango nuke errazagoa dela euskalduntze-prozesuan dagoen batek garbitasun hori lortzea.

Gazteen artean gaztelaniaren eragina handia da, ez bakarrik hitzak, gaztelaniaz esateko modua bera erabiltzen dugu, ez dugu errespetatzen euskararen beraren modua edo izaera; euskarak berezkoak ez balitu bezala! Hori garbitzea gehiago kosta daiteke, ohitura kontua delako.

“Ez gaitezen horrenbeste obsesionatu, eta erabil dezagun behar denerako: gure artean komunikatzeko, elkar ulertzeko...”

Uribe Kostan, “zaharrak”, gutxi; “berriak” edo alfabetatuak, gehienak. Euskararen kalitatea?

Kalean gero eta gehiago entzuten dut, adin ezberdinetakoei gainera; pozgarria da! Nahiz eta jende askok esaten didan giro erdalduna dagoela, denetarik dago: Uribe Kosta handia da; inguru ezberdinak daude, eta, batetik bestera, desberdintasunak ere bai. Euskararen aldeko mugimendua badagoela sumatzen dut, jendea saiatzen dela; nahiz eta egia den oraindik badela kopuru handi bat oso erdalduna dena. Baina, positiboa naiz! Nahiz eta asko eduki egiteke eta erraza ez izan. 

Euskalkiak vs Batua; gogokorik baduzu?

Euskalkia ez nuke sekula galduko. Ez dut inoiz esango Batuak euskalkiaren gainetik egon behar duenik, baina, Batuak euskararen erabilera hedatu egiten du; gurean, behintzat, argi dago. Agian, guk ere hala irakatsi dugulako: Batua irakasten da beti. Azterketen saltsan sartuta gaudenez, horrelako erregistroetan Batua eskatzen da, eta indar handiagoa hartu du. Halere, ezin da ahaztu euskalkiak hor ditugunik; gainera, oso aberasgarriak dira. Ez nuke inoiz baztertuko; ez nituzke lehian jarriko euskalkia eta Batua.

"Uribe Kostako euskalkia nahiko galduta dago; nik jende nagusiari entzuten diot, batez ere, eta euren artean"

Baina, irakasten edo ikasten ez badira...

Euskaltegietan lan egiten dugunok gehiago bultzatu beharko genituzke, halakoetarako erraztasun handiena dugulako. Baina, ikastetxeetan ere bai. Euskalkia familiatik ez badatorkie, ume askok entzun ere ez dute egiten. Horretan lan handia dago! Uribe Kostako euskalkia, adibidez, nahiko galduta dago; nik jende nagusiari entzuten diot, batez ere, eta euren artean.

Hurbilera etorriz, lagunartekoan: WhatsApp-mezuak horrela dio: “Eskerrik! Gero etorriko?”. Zer sentitu duzu?

Dagoeneko, sentitu, gutxi! Askotan ikusi dudalako, etsita nago. Ez dut onartzen uste dudalako hizkuntzaren izaera bera galdu egiten dugula: ‘eskerrik’ horren atzean ez dago ‘gracias’. Berriro ere, gaztelania dugu oinarrian, ez euskararen izaera bera. “Mila esker” natural esaten dugu, baina “esker” bakarrik ez, ezta? Beste kalkoetako bat da, txarto erabilita, gainera.

“Euskaltzaindikoak afaritara batu dira eta araua aldatu dute atzera ere?”, zenbatetan entzun duzu?

Euskaltzaindia ez dago oztopoak jartzeko, ez du arau bat aldatuko gogoa duelako. Gehienetan ez dira aldatu ere egiten. Moldaketak ematen badira, euskararen mesedetan da, eta zerbaitetan oinarritzen direlako, normalean, tradizioan, edo komunikazioan. Uneren batean tradizio hori galdu egin dugu, eta bueltatzeko beharra ikusten da, euskararen berezko izaera hori berreskuratzeko. Askotan entzuten ditut halakoak, edo “nire garaian ez zen hala”... Orain bada, eta arrazoi bat dago horren atzean, eta ez da “nahi izan dutelako”.

“Gero garbituko dugu; izan ere, behin ikasten hasita, hobe dugu ondo ikastea, ezta? Ahalegin bera eskatzen du eta!”

Eta “hobesten da” (h.) horri zer deritzozu?

Euskaltzaindiak zati bat araututa du; bestea, gomendioak dira; azken horiei jarraitu ahal diegu ala ez. Erreparatu beharko diogu erregistroari, hizkuntza zein esparrutan erabiliko dugun: formalean, hobespenari jarraitu; bestean ez dugu hainbeste neurtu beharrik.

Zintzometroa martxan ipinita. Noizbait erlaxatzen zara?

Euskaldun arruntzat edo euskararen zorotzat, frikitzat, duzu zeure burua? (Kar, kar) Zerbaitek arreta ematen badit, komenta dezaket, edo neure buruarekin hitz egin, arakatu; baina, ez naiz une oro neurtzen ari! Arruntzat, erabatekoa! Ez naiz zoratzen, erraz deskonekta dezaket. Gustatzen zait eta gustura egiten dut; edozein gauza gustatzen zaigunean, gehiago aztertzen dugu, besterik gabe. Badakit noiz ari naizen hizkuntzarekin lanean, eta noiz hizkuntzarekin bizitzen. Ez gaitezen horrenbeste obsesionatu zuzentasunarekin, eta erabil dezagun hizkuntza behar denerako: gure artean komunikatzeko, elkar ulertzeko, eta, ikasten hasita, hobe ondo ikastea; ahalegin bera eskatzen du eta! 

"Gramatika-zalantza bada, Euskaltzaindiaren web-orrira jo; bertan, araua bada, denak aurki daitezke"

Zalantzategi horretatik salbu, noizbait ziur zaude?

Ziur-ziur, inoiz ez! Ematen du erantzun bakarraren bila gabiltzala, ez dago gauzak esateko modu bakarra, asko baizik. Garrantzi handiegia ematen diogu zuzentasunari, eta ez horrenbeste komunikazioari. Hizkuntza komunikatzeko ere bada; helburu nagusia, beti, komunikazioa izan beharko litzateke. Noizbait gertatu zait euskarazko testu bat irakurtzea, erabat zuzena, baina ez dago nork ulertu! Komunikazio hori galdu duelako. Halako testuek amorrua eman didate; euskarazko testua ulertzen ez dudalako gaztelaniazkora jo behar izatea! Euskalduna izanda, zergatik ez naiz gai esan nahi duena ondo ulertzeko? Komunikazio-falta dagoelako, erabat zuzena izan arren. Mezua helaraztea da niri interesatzen zaidana, eta horretarako bide ezberdinak daude; horietako bat, zuzentasuna, baina ez da dena. Horri buelta eman behar diogu: kalitatea, bai, baina hobe da erabilera pixka bat gehiago bultzatzea, gero egingo dugulako garbiketa hori.

Zalantzaren aurrean, nora jo? Zer tresna erabil ditzakegu? Gomendiorik?

Gramatika-zalantza bada, Euskaltzaindiaren web-orrira jo; bertan, araua bada, denak aurki daitezke. Garai batean ez bezala, gaur egun, Interneten eskura ditugu baliabide guztiak: hiztegiak, IRALEren web-orria, eta abarrak. Zalantza gehien-gehienak erraz argi daitezke Euskaltzaindiaren web-orrian, adibidez.

Euskaldun arruntzat edo euskararen zorotzat, frikitzat, duzu zeure burua?

(Kar, kar). Arruntzat, erabatekoa, gainera! Ez naiz zoratzen, kontua da gustatzen zaidala eta gustura egiten dut. Edozein gauza gustatzen zaigunean, gehiago aztertzen dugu, besterik gabe. Baina erraz deskonekta dezaket; badakit noiz ari naizen hizkuntzarekin lanean, eta noiz hizkuntzarekin bizitzen. Baina, oso gogoko dut! Asko irakurtzen dut, eta ikasi; hizkuntza bat beti da ikastea, beti dago berriren bat. Ez gaitezen horrenbeste obsesionatu zuzentasunarekin, eta erabil dezagun hizkuntza behar denerako: gure artean komunikatzeko, elkar ulertzeko; ahalik eta ondoen elkar ulertzeko, eta errazen. Ez dut uste beti hainbeste neurtu behar dugunik; baina, egia da, behin ikasten hasita, hobe dela ondo ikastea, ezta? Ahalegin bera eskatzen du eta! Baina ondo eta erabilgarria den horren artean badago bestelakorik... Komunikatzeko erabili, eta zuzentasuna etorriko da!

Erlazionatuak

Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakurleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun