Eskualdeko lantegietan grebaren eragina apala izan da; hala ere, aldarrikapenakaz bat egin duen komertzio txikien eta tabernen kopurua nabarmen handia izan da hainbat lekutan; Algortan, Sopelan eta Berangon, berbarako. Arrastiko mobilizazioak nabarmentzekoak izan dira, ehunaka pertsona batu baitira eskubide sozialak, lan eskubideak eta pentsio publiko duinak aldarrikatzeko. Besteak beste, Algortan 600 pertsona inguru manifestatu dira, Itzubaltzeta/Romon 110, Erandion 300, Leioan 200, Sopelan 150 eta Plentzia-Gorliz 300.
Egun "historikoa" Algortan
Algortan egindako arrastiko manifestazio jendetsuaren amaieran agerraldi publikoa egin dute San Nikolas plazan; lekua leporaino bete dute grebalariek, inguruko establezimendu denak itxita zeudela. Algortako greba batzordeko kideek azaldu dutenez, "gaur egun historikoa izan da; udalerrian zailtasunez elkartzen diren sektoreak batzea lortu dugu eta gaur ez da ezer bukatu". Bizitza erdigunean kokatzen duen mugimendu baten sorrera izan dela gaur aldarrikatu dute, "eskubide sozialak, lan eskubideak eta pentsio publiko duinak erdigunean jarriko dituena". Era berean, hitzetatik ekintzetara pasatzeko deia egin dute.
Era berean, lan eta giza prekarietatea deitoratu dute, "gero eta orokorragoa" delakoan. "Aste honetan bertan, Getxon gertatutako lan istripu baten berri izan dugu. Kasu honetan langileak ez du bizia galdu, baina urtea hasi eta 30 egunera, Euskal Herrian, 9 langile hil dira jada", salatu dute. Horrez gainera, emakumeek eta zaintza lanetan dihardutenek bizi duten egoera mahaigainean jarri dute, horien lan-prekarietatea are handiagoa delakoan, baita udalerriko gazteena ere.
#U30GrebaOrokorra zaintza lanak aitortzeko, feminismoaren aldeko eta prekarietatearen kontrako oihuak Algortan pic.twitter.com/H8Ch6Vmp17
— Hiruka (@HirukaEus) January 30, 2020
Horren denaren aurrean, sektore denak saretuz, beste irtenbiderik ez dagoelakoan erasora ekiteko aldarria egin dute Algortan bildutakoek, "Euskal Herriko eta espainiar Estatuko erakundeei eta patronalei erabaki konkretuak har ditzatela bermatzeko, jendearen bizimodua hobetze aldera, Euskal Herri justuago eta solidarioagorako bidean". Izan ere, azpimarratu dutenez, gaurko aldarrikapen asko "bihar bertan" aplika daitezke, "borondate politiko hutsa baino ez da". Era berean, lan- eta bizi-baldintzei buruz erabakitzeko eskubidea aldarrikatu dute: "herritarrak izan daitezela erabakitzen dutenak, eta ez transnazionalak".
Askotarikoak helburu berdinari ekiteko, Erandion
Erandioko kolektibo anitzen presentzia izan du arrastiko manifestazioak Altzagan; denera, 300 lagun inguru batu dira auzo horretako kaleetan Euskal Herriko Eskubide Sozialen Kartaren aldarrikapenak ozen oihukatzeko. "Gaurko mobilizazioa ez da bakarrik langileona izan; pentsionistak, emakumeak, transmarikabolloak, nekazaritza alorrekoak... ere bildu dira hemen, eta horrek borobildu egiten du irakurketa osoa", azaldu dute Erandioko grebalariek.
Jarraipen zabala Leioako irakaskuntzan, ez ordea merkataritzan
Grebaren sustatzaileen esanetan, Leioako ikastetxeetan ia erabatekoa izan da greba. Herri-guneko negozioetako askok, berriz, ohi bezala zabaldu dituzte ateak goiz zein arratsaldez. Iluntzeko mobilizazioari dagokionez, 200 pertsona inguru elkartu dira Bulebarrean hasi eta amaitu den manifestazioan. Horre osteko ekitaldian bertsoak kantatu dituzte, eta agiri bat irakurri dute mugimendu feministako kideek.
Manifestazioa eta performanceak Plentzian eta Gorlizen
300 lagun inguru batu dira arrastiz Plentzian eta Gorlizen egindako mobilizazioan. Manifestazioaz gain, panpina bati su eman diote hainbat gaztek, "prekarietatea, hiltzailea!" oihu egiten zuten bitartean. Manifestazioagaz bat egiteko zain, hainbat kolektibotako kideek euren pankartak zabaldu dituzte bide ertzean: pentsiodunek, emakumeek, gazteek... Amaieran ez dute agiririk irakurri.
Plentzia-Gorlizko beste bideo bat #U30GrebaOrokorra #U30GrebaOrokorraUribeKosta pic.twitter.com/4bcmBpac12
— Hiruka (@HirukaEus) January 30, 2020
Sopela: "Erabateko aldaketa sozial eta politikoa ari gara galdegiten"
Manifestazio-piketea egin dute Sopelan 150 lagunek. Herriaren erdiguneko kaleetatik ibili dira, "gaur greba orokorra" oihukatuz eta zabalik zeuden zenbait denda eta tarbenaren aurrean (asko egon dira itxita) geldituz. Amaieran, idatzi bana irakurri dute gazte-mugimenduko ordezkariek eta pentsiodunek, Udaletxeko eskaileretan. "Mundurik hoberenean bizi garela esaten dute, baina lan-munduan eta arlo sozialean prekarietatea gero eta zabalduago dago", adierazi dute gazteek; "erabateko aldaketa sozial eta politikoa ari gara galdegiten, eta Euskal herri justuago eta solidarioagoa lortzeko, erabaki batzuk bihar bertan aplika ditzakete; borondate politiko kontu hutsa da". Pentsiodunek, berriz euren aldarrikapenakaz segitzeko inoiz baino arrazoi gehiago daukatela adierazi dute.
"Apustu-etxeak kanpora" oihuka Sopelan #U30GrebaOrokorra #U30GrebaOrokorraUribeKosta pic.twitter.com/aZmVNgxFyl
— Hiruka (@HirukaEus) January 30, 2020
Berango eta Urduliz
Berangon ez da greba-batzorderik eratu, baina goizez behintzat itxita egon dira negozio ugari, hainbat lekukoren esanetan. Areneko industrialdan, berriz, denetik egon da: lantegi handietatik, batean, Fundizioan, ez da ia igarri greba; Alconzan, aldiz, lanera joan dira bulegoko behargin gehienak, baina tailerreko erdiak baino ez. Astelehenean mobilizazioak egingo dituzte Alconzakoek, hain zuzen.
Urduliztarrak, berangoztarrak bezala, Sopelako ekintzetan parte hartzera deituta egon dira. Han jarraipen eskasa izan du greba orokorrak, diotenez.