Martxoaren 13 hori bera izan da Bizkaia eta Gipuzkoako ikastetxeetan klase presentzialak eman ez diren lehen eguna eta goiz horretan aritu dira irakasleak ikastetxeetan bilduta hurrengo asteko lan-martxa antolatzen. Irakasleei etxetik lan egiteko aukeraren berri iritsi zaienerako (arratsaldean), irakasleek gurasoei emailez bidalia zieten hurrengo asteko plangintza (eguerdian). Hezkuntza sailaren araubideak zabaldu die irakasleei etxetik lan egiteko aukera, baina hau praktikara eramateko dagoeneko egina duten plangintza aldatu behar balitz?
Araubideak “ahal izango dute” aditzarekin definitzen du irakasleek etxetik lan egitea, alegia, aukera bat dela. Ikasleen kasuan betebeharra da ikastetxera ez joatea, baina ez irakasleen kasuan. Herrialde garatutzat dugun lurralde batean, eta Isabel Celaa sailburu zenez geroztik ikastetxeak arbela digitalez beteak direnean eta 12 urtetik gorako ikasle bakoitzak bere ordenagailua duenean, kontraesankorra dirudi irakasleek ez izatea baliabiderik etxetik lan egiteko. Irakasleen kasu batzuetan hala balitz ere, araubideak ez du osasun larrialdia oinarri hartuta lehentasunik markatzen. Edo hobeto esanda, hezkuntza kalitatearen bermeari balio handiagoa ematen dio osasun publikoaren bermeari baino: “Ikastetxeko zuzendaritzak uste badu telelanaren bidez kalitatezko irakaskuntza-jarduera baterako berme nahikorik ez dagoela, irakaskuntza jarduera telematikoa ikastetxean bertan egingo da, eta, horretarako, lanpostura joan beharko da”.
Zuzendaritzak erabaki dezala osasun larrialdi egoera batean nola jokatu
Osasun larrialdi egoera iragarri zuen martxoaren 13an bertan Urkullu lehendakariak. EAEko hezkuntza publikoan irakasleen mugikortasuna handia da, lasai asko egin ditzake irakasle batek egunero 100 kilometro etxetik lanerako joan-etorrian. Milaka dira irakasleak eta ikastetxe batzuetan ehun kidetik gorakoa da lantaldea, beraz, martxoaren 13an Hezkuntza Sailak ikastetxeetara bidalitako araubidearen helburua bada “birusaren hedapenari eusten laguntzea”, sektore garrantzitsua da irakasleena. Zergatik delegatu du Hezkuntza Sailak zuzendaritzengan honen kontzientzia hartu eta neurri eraginkorrak planteatzea? Ez al dagokio hori osasun larrialdi egoera izendatu duen Jaurlaritzari, eta ez ote lukete zuzendaritzek nahikoa lan, Jaurlaritzak markatutako lehentasun edo irizpide horiek beren ikastetxeetan nola aplikatu zehaztearekin?
Nork zaintzen ditu irakasleen familiak?
Irakasleek bere umeak eta zaharrak etxean utzita joan behar dute ikastetxera. Beraz, zuzendaritzen esku dagoen erabaki horrek, alegia, telelana egiteak edo ez egiteak, milaka etxetako zaintzan ondorioak dakartza.
Formek ere badute bere garrantzia
Hezkuntza sailburuak martxoaren 12an jakinarazi zuen aldi baterako eskola presentzialak eten direla eta beraz, ikasleak ez direla ikastetxera joan behar. Lehenik komunikabideen bidez jakin zuten neurri honen berri zuzendaritzek, irakasleek eta familiek, eta ondoren iritsi zen ikastetxeetara jakinarazpen ofiziala, eta ikastetxeetako zuzendaritzek jakinarazpen hori bera zabaldu zuten familietara. Hedabideetan albistea azaldu eta jakinarazpen ofiziala jaso bitarteko tarte horretan, irudikatu gurasoen waxap taldeak: “Diario” honek hau esan duela, besteak zera espero duela… zurrumurruz jositako gai larri honetan, ez ote luke ordena eta eraginkortasun handiagoa adieraziko barne kanal ofizialen bidez jasotzea hasieratik informazioa irakasle eta gurasoek? Ez al du errespetu falta adierazten erabaki horrek biharamunetik bertatik zuzenki eragingo dien irakasle eta hezkuntzako profesionalekiko, kanpotik edonork beraiek baino lehen jakiteak?
Hona hemen ikastetxeetara zabaldu duten araubidea:
Albiste hau Argia.eus-ek argitaratu du eta CC-by-sa lizentziari esker ekarri dugu HIRUKAra.