Koronabirusa Uribe Kostan

Jaurlaritzak Hezkuntzako langileei kontziliazio-neurriak ukatzen dizkiela salatu du ELA sindikatuak

Erredakzioa 2020ko mar. 13a, 16:23

ELA sindikatuaren arabera, "erabat inkoherente eta larria" da Eusko Jaurlaritzak enpresa pribatuei eskatzea langileen kontziliazioa erraztea eta, aldi berean, erakunde horretako langileak direnen zenbait eskubide "ukatzea", hala nola ordutegi-malgutasuna edo lan-ordutegien egokitzapena.

Koronabirusak eragindako osasun-krisiaren kudeaketari dagokionez, ELAk uste du "erabat onartezinak" direla Eusko Jaurlaritza bere mendeko langileei buruz hartzen ari den zenbait erabaki. Izan ere, Hezkuntza Sailak EAEko ikastetxe guztietan eskolak eteteko agindua eman du, baina ikasgelak irekita ditu eta langileak beren lanpostuetara joatera behartzen ditu, "kontziliatzeko eskubidea ukatuz". Izan ere, Hezkuntza Sailaren aginduaren arabera, etenaldiak irauten duen bitartean, Hezkuntzako langileek ezin izango dute beren ordutegia modu jarraituan bete, ezta bestelako malgutasunik aplikatu ere.

ELAren ustez, larria da Eusko Jaurlaritzak enpresa pribatuei eskatzea beren langileen kontziliazioa errazteko eta, aldi berean, zenbait eskubide ukatzea, hala nola ordutegi-malgutasuna edo lan-ordutegiak egokitzea bera enplegatzailea den eremuetan. Egoera horren aurrean, Hezkuntzako langileen kontziliazioa bermatzeko beharrezkoak diren neurri guztiak hartzeko eskatzen dio Jaurlaritzari.

Era berean, Sukaldaritza eta Garbiketako ordezko langileen kontratua eteteko agindua eman dela jakin da. Antza denez, ikastaro batzuetarako liberatutako langileei beren lanpostuetara itzultzeko agindua eman zaie, eta horregatik eskatu zaie beren lanpostuak betetzen dituzten ordezkoen kontratua etetea.

"Erabaki hori ere guztiz onartezina iruditzen zaigu. Behin-behineko langileen egoera prekarioa ikusita, horrelako erabakiek egoera larriagotzea dakartela uste dugu, eta, horregatik, behin-behineko langileei kalte handiagorik eragingo ez dien irtenbide alternatibo bat planteatzeko eskatzen dugu ", gaineratu dute sindikatutik.

ELAren ustez, Jaurlaritzaren ardura da salbuespenezko egoera honen aurrean langileen bizi-baldintzei eta eskubideei kalte gutxien egiten dieten neurriak hartzea.

Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakurleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun