Kulturaren munduko profesionalak izan zarete Osasun Larrialdi honek eragindako arazoak pairatzen lehenak, ekitaldi eta ikuskizun denak bertan behera gelditu baitira, epe mugagabean. Zelan bizi izan duzue zuek egoera hori?
Bai, hala da. Konfinamendua dekretatu aurretik, agintariek hartu zuten lehenengo neurria jendea batzen zuten antzerki, kontzertu eta abarreko ikuskizunak debekatzea izan zen. Egoeraren menpe egon gara, hasiera-hasieratik, bagenekielako gure sektoreari lotutako ekimenak izango zirela lehenak bertan behera gelditzen. Hori esanda, nahiz eta neurri horiek guri zuzenean kaltetzen diguten, derrigorrezko betebeharrak direla deritzogu; horiek bete eta denon artean birusaren hedapenarekin bukatzea ezinbestekoa dela uste dut.
Nire ustez, neurri horiek lehenago hartu behar izan ziren; adibidez, joan den otsailean Bartzelonan egin behar zen Mobile World Congress ekimena bertan behera geratu zenean, epidemia (orain pandemia dena) honek ekarri ahal zuenaren aurrerapen bat izan zen.
Zeintzuk neurri hartu behar izan dituzue zuen enpresan kalte horiei aurre egiteko?
Konfinamendua ezarri aurretik datozen hilabeteetarako adostuta genituen lan denak bertan behera gelditu dira. Hori ikusita, kooperatiba bat garen heinean, asanblada bat egin eta ERTEa (Aldi Baterako Erregulazio Espedientea) egitea erabaki genuen langileok. Guk bide hau hartu dugu lanpostu denak mantendu ahal izateko; enpresa "hibernazio" moduko fase batean sartu dugu, larrialdia pasa ondoren denok lanean jarraitu ahal izateko.
Gobernuak onartutako babes-neurrietatik baten bat baliagarria da zuontzako? Zer deritzozu horiei?
Neurri orokor batzuk hartu ditu, eta horiek, hein batean, lagundu egin dezakete. Hala ere, uste dut ez direla errora joan eta partxeak baino ez dira. Neurriok enpresa batzuen interesetara eginda daude, eta ez dituzte pertsonak erdigunean jartzen. Ez dute bermatzen pertsona orok diru-iturri duin bat edukitzea, adibidez. Beste herrialde batzuetan, berbarako, errenta minimoak ezarri dira familientzako; hala, egoera honek desoreka izugarriak sortuko ditu gizartean.
Bestalde, ezinbestekoak diren lanez aparte, beste lanpostuetara joatea ez dute ekiditen, langileekiko eta gizarte osorako sortzen duen arriskuarekin. Hartutako neurriak zorrotzagoak izan behar dira, eta hartutako babes-neurriak baita ere. Derrigorrezkoak ez diren lanak bertan behera gelditu behar dira eta gizarte osoak duintasunez bizirauteko baliabideak eskuratzeko aukera eduki beharko luke. Egia da gaur egun bizi dugun egoera honetan zailagoa dela beste herrialde batzuetan hartutako erabakiak gurera ekartzea, Espainiako Estatuan hainbat enpresen pribatizazio-prozesua eman delako. Egoera honetan agerian geratzen da zer nolako garrantzia duen lehen-mailako beharrak asetzeko enpresa hornitzaileak publikoak izatea, hala nola ura, elektrizitatea eta telekomunikazioak kudeatzeko. Sektore publiko indartsu bat izateak erabakiak azkarrago, sakonago eta eraginkorragoak izatea ahalbidetzen dio Estatuari.
Behin konfinamendua amaituta (printzipioz, apirilaren 11n) zer egoera aurreikusten duzue kultura eta ikuskizunen munduan?
Ikusi beharko da noiz bueltatu ahalko garen lehenengo egoerara. Uste dut konfinamendua azken neurria izanda, hori bukatzerakoan oraindino jende asko biltzen duten ekimenak egitea debekatuta egongo dela, denbora batez. Bestalde, ikusi beharko da egunotan bizi dugun egoera honek zer nolako eragina izango duen jendearen mentalitatean.
Azkenik, kontutan izan behar dugu kultur eta ikuskizunen munduari lotuta dauden lanpostuak askotarikoak direla: lokalak, sortzaileak, managerrak, aretoak, diskoetxeak, ekoizleak, teknikariak... Horiei denei modu oso ezberdinetan eragingo die krisialdiak.
Beraz, Osasun Larrialdi honek sektorean krisialdi-ekonomiko bat sortuko duelakoan nago. Hori dela eta, neurri zehatzak planteatu beharko dira industria denerako. Krisi honetatik ateratzea ez da azkar egingo den gauza bat izango, eta sektore guztiaren ezaugarriak eta beharrak kontutan hartuta baino ezin izango da egin.
Zein da hartu behar den norabidea?
Eragile ezberdinen kanpaina bat ikusi dut Euskal Herrian. Horretan, denbora tarte honetarako iragarrita zeuden kultur-ekimen denak bertan behera ez geratzeko eskatzen zaie eragile ezberdinei, ekimenak aurrerago beste data batera aldatzeko baizik. Nahiz eta hori ez den irtenbide bat, norabide onean joan daitekeen neurri bat izan daiteke.