Elkarrizketak

"Larrialdi-egoera hau amaitu ondoren gure lana gehiago aitortu beharko luke gizarteak"

Iker Rincon Moreno 2020ko api. 6a, 11:12

BM supermerkatuetako bat, barrutik. CC-BY EIDER YOLDI

Konfinamenduaren laugarren astea hasi dugu eta, denbora tarte horretan, erosketak egitera joatea izaten ari da herritarron aukera bakarrenetarikoa kalea zapaltzeko. Ez da arraroa jendea poltsez gainezka joan-etorrian ikustea han eta hemen, supermerkatura, farmaziara, fruta-dendara edo auskalo norako bidean. Gorka —izen asmatua da— BM supermerkatuetako langileetako batek azaldu digunez, jende asko egunean behin baino gehiagotan joaten da erosketak egitera, "adineko jendea batez ere". Egunotan supermerkatuetan bizi den egoeraren nondik norakoak kontatu dizkigu behargin horrek.

Konfinamendua hasi zenetik, hasiera-hasieratik lanera joaten segitu behar izan duzuenok supermerkatuetako eta elikagaien dendetako langileak izan zarete, besteak beste. Zelan egin diozue aurre egoera horri?

Nire ustez, arlo honetan lan egiten dugunok bagenekien zein den gure funtzioa eta argi genuen lan egin behar izango genuela.

Hasieratik gaur egunera aldaketa handia egon da jendearen partetik? Hau da, hasierako erosketa-konpultsiboek hor segitzen dute edo egoera baretu egin da?

Hogei egun pasatxo daramatzagu egoera honetan eta badirudi normaltasun bat sortu dela; bezeroak ohitu egin dira egoera honetara. Hasierako erosketak oso konpultsiboak ziren eta dagoeneko molde horiek desagertu dira; hala ere, asko erosten da oraindik ere. 

Hasieran komuneko papera… Orain zeintzuk dira gehien erosten diren produktuak?

Garbiketarako produktuak batez ere: desinfektatzailea, lixiba, eskularruak eta xaboiak, besteak beste. Olioa eta kontserbak asko saltzen dira baita ere. Gainera, tabernak itxita dauden heinean, asko areagotu egin da garagardoaren eta ardoaren kontsumoa.

Supermerkatuetara eta dendetara joatea da jendearen aukera bakarrenetarikoa kalera irtetzeko. Beldur zarete kutsatu zaitezketelakoan? 

Nik ez diot beldurra horri, baina bai errespetua. Ardurarekin jokatu behar dugu, baina nire iritzia da edonori tokatu ahal zaiola. Lanean ari garenok, eta jendaurrean gaudenok, are gehiago, noski. 

Zeintzuk neurri hartu dituzue Covid-19ari aurre egiteko? 

Hasiera-hasieratik ezin izan dira hamabost pertsona baino gehiago egon supermerkatu barruan. Horretarako, pertsona bat dugu sarreran, kaleko ilara kontrolatzeko eta bezero denei eskularruak emateko. Kutxetan, gainera, plastikozko itxitura batzuk jarri dizkigute, baita eskuetarako gelak ere. Era berean, datafonoak urrunago jarri ditugu. Maskarrillei dagokienez, joan den astean ailegatu ziren. 

Neurri nahikoak direla uste duzu?

Ez dakit, nire ustez inork ez dauka argi ezer. Instituzioek egunero aldatzen dituzte teoriak eta protokoloak… Baina zerbaiterako balioko dute neurriok, uste dut. 

Zelakoa da jendearen jarrera Alarma Egoera honetan erosketak egiterako orduan?

Bezeroek arauak betetzen dituzte, baina kontsumistak garen heinean, supermerkatua oasi bat da egunotan. Jende asko egunero etortzen da; ez dakigu zer den beharrezkoa eta denetarik nahi dugu.

Egoera arriskutsu edo bitxirik bizi izan duzue egunotan?

Orain arte ez, egia esan. Baina jendea gehiegitan hurbiltzen ari da supermerkatuetara, adineko jendea batez ere. Nire ustez ez dute informazio gehiegi, ez dute argi zer gertatzen ari den eta urduritasuna nabaritzen zaie. 

Zer eskatuko zenioke erosleei? Zelako jarrerak hartu beharko genituzke?

Pazientzia. Adineko jendea etxean gelditu behar da, eta horretarako dugu telefono-zerbitzua. Askok egunero birritan etortzen dira eta haien eguneroko produktuak nahi dituzte. Ez dute ulertzen egoera honetan ezin dugula eman nahi duten dena, atentzioa batez ere. Toperaino gaude. 

Zer-zelako garrantzia du egunotan zuen lana?

Gure lana behar-beharrezkoa da, funtzio sozial bat betetzen ari gara. Jende askori laguntzen ari gara, bezero asko ezagutzen ditugu eta badakigu zer falta den haien etxeetan. Hau dena amaitzen denean, gure lanaren garrantzia ez da ahaztu behar. Gure lana gehiago aitortu behar da hemendik aurrera, jendearen janaria gure eskuetan dago eta....

Erlazionatuak

Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakurleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun