Izena duen guztia omen da

Ilargia, hildakoen arimak argitzeko argia

Aritza Bergara 2020ko api. 6a, 12:04
Ilargiaren artxiboko irudia. CC-BY ISALBIDEA

Zelan daramazue konfinamendua? Uste dut aipatzen ari naizen gaia, natura, egoera gogor honetan faltan botako duzuela askok, ezta? Ba, momentuz, naturaren indarra eta eragina azaltzen jarraituko dugu, zuen etxeetara ahal den heinean hurbiltzeko asmoz.

Amalurrarekin hasi genuen bidaia eta, geroxeago, Eguzkia aipatu genuen. Orain, berriz, Ilargiaren momentua heldu da. Hasteko ,esan beharra dago Eguzki eta Ilargia, biak, Amalurraren alabak direla eta zeruan zehar ibilbidea egin ostean, Amalurraren barnerantz bueltatzen zirela sinesten zela. Eguzkia jainkoaren begia bada, Ilargia, berriz, bere aurpegia dela esan ohi da leku askotan.

Ilargia

Hilargia, Hilazki, Ilazki… izen horiek eta gehiago ditu, eta emakumezkoa delakoan zeuden euskaldunak. Horrela, berari zeozer eskatzeko edo otoitzetan “Ilargi amandrea” esaten zaio.

Eguna bukatzen denean, ilargiaren momentua heltzen da. Sinesmen baten arabera, Ilargiren izenak “hilen argia” esan nahi du; hauxe da hilda daudenei, edo beraien arimei, argitzen duen argia. Ohitura baten arabera, pertsona hiltzen denean hilobiaren gainean argizagia piztu behar da. Horrela, beren gorputzak han dauzkaten arbasoei argi egiten die, etor daitezela beraiekin batera hildakoen arima eramatera.

Eta Ilargiak heriotzarekin duen loturan sakontzeko, beste datu bat: hildakoen arima etorkizun ona edo txarra izango du ilargiaren momentuaren arabera; norbait ilgoran hiltzea seinale ontzat jotzen zen eta beste bizitza ona izango du bere arimak.

Ilargia zein fasean dagoen gugan beste eragin garrantzitsuak ditu: aurreko ohituran bezala, ilgoran ernetako pertsonak edo abereak, arak izaten omen ziren. Emeka, berriz, ilbeherakoak. Horrela jaso zuen Barandiaranek Eibarren edo Saran.

Kondaira

Toti Martinez de Lezak Euskal Herriko Kondairak liburuan azaldu zuen moduan, hona hemen orain arte aipatutako elementu naturalak elkartzen dituen legenda bat:

Aspaldian, gizakiok munduan agertu zirenean, bakarrik zeuden eta iluntasunean bizitzen ziren, ez zegoelako ez Eguzkirik, ez Ilargirik. Iluntasun horretan mamuaz eta bestelako izaki gaiztoen presentziaz beldurturik bizi ohi ziren.

Orduan Amalurrari eskatu zioten laguntza eta hauxe Ilargia oparitu zien. Horrela Ilargia zeruan egonda, seguruagoak zeuden.

Baina denbora pasa ahala ohitu ziren eta, beraiek bezala, iluntasunean ibiltzen ziren gaiztoek. Berriro jo zuten Amalurrarengana eta, nola ez, hauxe indartsuagoa izango zen zerbait sortuko zuela erantzun zien. Eta Eguzkia agertu zen. Ilargiak baino argi gehiago sortzen zuenez, lurpeko jeinuak ez ziren haien kontra egiten, ez ziren ausartzen.

Eguzkiak sortzen zuen berotasunarekin zuhaitzak eta landareak agertu ziren munduan eta, zeruan zehar ibiltzen zen bitartean, sorginak, mamuak eta jeinu txarrak ez ziren ateratzen. Baina gauez, Eguzkia ezkutatzen zenean, berriro azalarazten ziren, gizakien kontra egiteko.

Amalurrarengana joan ziren hirugarrenez, eta hauxe azken oparia egin zien. Lore bat sortu zuen eta gizakiei oparitu zien. Eguzkilorea zen. Eta gaueko mamuek, sorginek, lamiek eta bestelako jeinu gaiztoek, ikusterakoan, Eguzki bera dela uste dute. Eta ospa egiten dute, baserria edo etxea babestuz. Horregatik, gaur egunean oraindik, gure etxeko sarreretan ikusten dugu sarritan.

Erlazionatuak

Eguzkia, Amalurraren alaba

Aritza Bergara 2020 mar 30 Uribe Kosta

Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakuleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun