Sindikatuak (besteak beste) gogor zabiltzate protestan milaka pertsona lantokietara joan beharragatik, osasuna arriskuan ipinita.
Dikotomia absurdo bat eraiki dute, osasuna versus ekonomia, eta hartu dituzten erabakiak horren araberakoak izan dira, gauza biak bateraezinak balira bezala. Baina ekonomiaz hitz egiten dutenean ere, ez dute benetan ekonomiaz hitz egiten, baizik eta enpresa handien irabaziez. Beraz dikotomia faltsua da, inor ez da gogoratzen komertzio txikiaz, autonomoez, enpresa txikiez… Automozioko enpresa multinazional handiez eta halakoez bakarrik. Horien beharren araberako erabakiak hartu dituzte gu lanera bueltatzeko. Beste kontu bat dira aurretik ABEEEan (Aldi Baterako Enplegu Erregulatzeko Espedientea) zeudenak.
“Erabaki guztiak langileen osasuna kontuan hartu gabe eta batzuen irabazien mesedetan hartu dituzte”
Zertan da hori?
Hiru erabaki-mota nagusi hartu dituzte: telelana (hori ez da aldatu), ABEEEak, eta egun batzuez eduki dugun errekuperatu beharreko baimen ordaindua. Batzuk hasieratik egon dira ABEEEan eta beste batzuek baimenetik bueltan ezarriko dute, komeni zaienaren arabera. Baina gure agintariek langileen osasuna kontuan izan gabe eta batzuen irabazien mesedetan hartu dituzte erabaki guztiak. Legean zirrikituak bilatzen ibili dira enpresa handiek aberastasuna metatzen jarraitzeko, eta ez hainbeste, esaterako, pertsonak zaintzen dituzten langileen aldeko neurriak hartzen. Aurrekoan gure egoitza bateko ordezkariek esan zidaten borrokan dabiltzala norberaren babeserako ekipo nahikorik ez dutelako, nola da posible oraindik horrela ibiltzea? Eta Tapia esaten ari da AHT egitea lehentasuna dela.
Uribe Kostan zein da egoera?
Lanean dago jende asko, enpresa handiak irekita daude. Eta kutsatze-kasuak izan dituzte.
Baina babes-neurriak daude…
Orain ari gara horiek aztertzen. Industria-arloan asko joan den asteartean bueltatu ziren, eta gure delegatuak enpresei bilerak eskatzen ibili dira, prebentzio-neurriak gurekin adosteko. Gehientsuenak gurekin ezer adostu gabe martxan jarri dira, jakinarazi dizkigute baina ez dute gurekin adostu. Ikusteko dago nahikoak diren. Jakina, Osalanek atera duen irizpide-gida betetzea enpresa handi batzuei nahiko erraza zaie, oso inbertsio txikiarekin neurri batzuk har ditzakete, baina eztabaida da administrazioak ipinitako baldintzak nahikoak ote diren. Gure iritziz ez.
“Zero kutsatzea ezinezkoa da 200 pertsona lanean dauden enpresa batean, nahiz eta Osalanek adierazitakoa bete”
Zergatik?
Hasieratik LABek esan du zero kutsatzea ezinezkoa dela 200 pertsona lanean dauden enpresa batean, nahiz eta Osalanek adierazitakoa bete. Leku batzuetan aztertzen ari dira lan-agintaritzaren aurrean enpresa salatzeko aukera, baina enpresetan nahiko egoera latzak daude, beldurra dago, mehatxu egin digute jada etorriko dena are txarragoa izango dela.
Txarragoa?
Birusa gainditzen dugunean ekonomiaren alorrean etorriko zaiguna hain latza izango dela, nolabait beldurra sortzen ari direla enpresaz enpresa: hurrengo ABEEEa, kaleratzeak, doiketak, soldata-jaitsierak… Mehatxu horiek guztiak egin dizkigute dagoeneko. Bitartean, administrazioak ez ditu enpresak ezertara behartzen. Sustatzen du, izan ere, neurri kolektibo horiek hartzea, sustatu du errekuperatu beharreko baimen ordaindua, ABEEEeak... Diru publikoz ordainduko ditugu neurri kolektibo horiek, langabeziatik edo dena delakotik. Eta gure ustez, kapitalak ordaindu behar luke krisi hau.
Gaztelaniaz permiso retribuido recuperable esan diote, baina recuperable ez, derrigorrez errekuperatu beharrekoa da…
Hala da, legeak ez dionez betekizunik jarri enpresari, enpresak eska diezaguke ordu horiek guztiak bueltatzea. Gure eskualdean adibidez, industrian gehiengoak txandaka egiten du lan eta ezin du ordutegia luzatu, zure txanda bukatzen denean sartzen da hurrengoa. Noiz errekuperatuko dituzte orduak, egun libreetan? Irailetik abendura jendeak egunero egin beharko du lan? Hori industrian, baina beste sektore batzuetan ere ezarri da ordaindutako baimena. Eta administrazioak ez duenez ezer esan, ez ditu enpresak ezertara behartu, errekuperatze hori nola egin langileak eta enpresak adostu beharko dute, eta adostasunik ez badago enpresak berak erabaki ahal izango du zer nahi duen. Gure eskualdean seguruenik telelanean dabiltza asko eta asko. Ahal duten guztiek etxetik egin dezatela lan, ondo. Baina nork ordainduko ditu internet, telefonoa, argindarra, kalefakzioa? Langileok. Telelanera bideratu gaituzte kondizio txarretan, eta enpresarentzat kosturik ez. ABEEEetan berdin, ABEEean sartuz gero langabeziara zoaz aldi baterako, hau da, diru publikoz ordainduko zaizu eta ez dituzte enpresak behartu osagarririk ematera; bide batez, ez duzu opor-denborarik metatzen, ezta aparteko ordainsarirako aukera ere. Eta gainera, koronabirusagatik ABEEEra doazen enpresak salbuetsita daude Gizarte Segurantzaren kuota ordaintzeaz, ABEEE arruntetan egiten den bezala.
"Oso enpresa zehatz batzuei begirako erabakiak hartu dituzte, eta herritarron ekonomiaz ez dira hitz egiten ari"
Neurri horiek ez dira mesedegarriak enpresa txikientzat, langileak kontratatuta dituzten autonomoentzat…?
Guk gutxi landu dugu autonomoen arloa, ez delako sindikatuetan egoten den sektore bat, badituzte euren elkarteak. Baina langile bat edo bi dituen tabernari baten arazo nagusia ez da langileari ezin pagatzea, baizik eta ez daukala dirurik bere burua sostengatzeko ere, alarmak dirauen bitartean. ABEEEen neurria ez da ipini enpresa txikiei begira, automozioko enpresa handiei begira baino. Autonomoak hilabetekoarekin bizi dira, langileak langabeziara joatea ez da nahikoa haientzat, eurak bizitzeko diru-iturririk ez dute eta. Are gehiago, kuota pagatzeko beharra atzeratu diete baina pagatu beharko dute gerora. Laburbilduz, oso enpresa zehatz batzuei begirako erabakiak hartu dituzte, eta herritarron ekonomiaz ez dira hitz egiten ari. Eta ez ahaztu zuzenean langabeziara joan direnak; horiek ez dituzte albistegietan aipatzen, aurretik ere prekaritate handiena zutenak, azpikontratetakoak, behin-behinekoak... Horientzat, ez ABEEErik, ez telelanik, ez ezer. Kale gorrian daude, eta asko dira, baina ez dituzte aipatzen enpresa handiei buruzko albisteetan, ez direlako enpresa horietakoak, baizik eta enpresa horien atzean dagoen azpikontrataren azpikontratakoak. Eta batzuek langabezia kobratzeko eskubiderik ere ez dute. Ez dut Uribe Kostako kopururik eta ez dakit kalkula genezakeen ere.
“COVIDak adierazi digu daukaguna dagoeneko ez dela nahikoa, miseria banatzen jarraitzea baino ez dela”
Etorkizun iluna dator, honenbestez?
Jokoan dagoena ez dira gaur egun ditugun soldatak edo lan-baldintzak bakarrik. Erabateko eskubide-murrizketa baterantz goaz, eta erabaki behar dugu joko-zelai horretan zer egin: orain dugun eta balekotzat ematen dugun miseria defendatu, edo beste eredu batzuen alde borrokan hasi enpresaz enpresa. Erantzuten badugu, gaur egungoa defendatzea ez da nahikoa izango, exijitu beharko da zerbitzu publikoak garatzea behar sozialei benetan erantzuteko, eta hori zerbait berria eraikitzea da. Nahitaezkoa izango da zaintzaren krisiari erantzutea, zaintzari merezi duen aitortza soziala ematea eta gizarteari egiten dion ekarpenaren arabera saritzea eta arautzea. COVIDak adierazi digu daukaguna dagoeneko ez dela nahikoa, miseria banatzen jarraitzea baino ez dela. Eta herriz herri sortu diren babes eta elkartasun-sareek demostratzen dute Euskal Herrian behintzat eredu komunitarioak eta auzolanak badutela egiteko berezia. Birusak mahai gainean jarri ditu ezkutuan zeuden egia asko. Honetatik ez baditugu denok ikasgai inportanteak ateratzen, jai dugu.