Izena duen guztia omen da

Zeintzuk ziren gure arbasoentzako zuhaitz magikoak eta zergatik?

Aritza Bergara 2020ko api. 20a, 09:49

Aurreko asteetan bezala, gure naturari buruz arituko naiz hurrengo lerroetan. Hala, Amalurra, Eguzkia, Ilargia eta Ekaitzei tartetxoa egin ostean, zuhaitz bereziei buruz berba egiteko unea heldu da.

Zuhaitzak gurtzea (dentolatria) ohikoa izan da Europako baso-zonetan, baita Euskal Herrian ere. Horrela, basoarekin edo basoa osatzen duten zuhaitzei lotutako sinesmen eta erritu batzuk pasaden mendearen hasierara arte irauten zuten. Eta hortik sortzen da zuhaitz sakratua, santua edo monumentala izenez ere ezagutzen diren gure sinbolo politiko-erlijioso begetalak. Azken finean, zuhaitzak ere naturaren parte garrantzitsua dira eta orain, sartuta gauden udaberri izugarri honetan, inoiz baino politagoak daudelakoan nago.

Zeintzuk ziren gure arbasoentzako zuhaitz magikoak eta zergatik? Non kokatzen dira? Zer nolako ohiturak eta erritoak burutzen zituzten arbola edo landare hauekin?

Zuhaitzak

Betidanik entzun dugu haritza euskaldunen zuhaitz berezia dela. Berak ematen duen hostoa gure herriaren sinbolotzat hartzen dugu askotan. Baina, zer dakigu haiei buruz? Zuhaitz ederra da, bai. Baina, dirudienez, baditu ahalmen misteriotsu batzuk. Esate baterako, baldintza batzuk bete ezkero, pertsona edo animaliak sendatzeko ere kapazak dira zuhaitz hauek.

Adibide bat ikusiko dugu, joan den mendearen hasieran oraindik egiten zena. Horretarako Zornotzaraino joango gara. Bertan, etendurak (herniak) konpontzeko, errito berezia egiten zuten. San Juan ermitaren ondoan kokatzen den harizti batera eraman behar zuten gaixo zegoen pertsona ekainaren 23tik 24rako gauean, San Juan bezperan. Bertoko haritz gazte bat erditik pitzatzen zioten eta ziriekin, pitzatua irekita mantendu behar zuten. Zabaldutako zuloa etenduraren irudia bihurtzen zen. Eta gero itxaron behar izaten zuten, gaueko hamabiak jo arte. Momentu horretan, bi anai ondokoak eta ama berarenak lana burutu behar zuten. Etendura zuen pertsona altxatzen zuen batek eta, zuhaitzaren zuloetatik, besteari pasatzen zion, honako esaldia esanez: “Eutsi anaia”. Eta besteak jasotzen zuen bitartean erantzun behar zuen: “Ekatsu anaia”. Eta berehala lehenengoari itzuli behar zion, zuhaitzaren kanpoaldetik. Ekintza hiru aldiz errepikatu behar zen, hamabiak jotzen zuten bitartean. Gaixoaren alkandora zuhaitzean zintzilikatzen zuten eta zuhaitzaren bi zati ebakiak elkartzen zituzten berriz, lotuz. Eta bukatzeko burutu zuten ekintzaren ondorioa: haritzak bizirik jarraitzen bazuen, gaixoa sendatuko zen; hiltzekotan, berriz, gaixotasunak erremediorik ez zuen seinalea zen.

Saran, Larraunen, Urbinan eta beste lekuetan ere hantzeko ohitura zuten.

Beste zuhaitz babeslea lizarra da eta, gainera, abereentzat jana sortzen du. Bere adarrak bedeinkatutzat jotzen dira eta ez da arraroa etxeko ate nagusietan ikustea, San Juan goizean kokatzen baitira.

Erramuarekin hantzeko erritoa burutzen zen. Etxe ondoan landatutako erramutik elizara eramaten ziren bedeinkatzera eta gero etxean gordetzen ziren. Ekaitzak hurbiltzen zirenean sutara botatzen zen, etxea tximistetatik babestuta egoteko. Etxe batean ezbehar bat gertatu ezkero, hala esaten zen: “Erramu gabeko etxea da hau”. Baina, gainera, erramua sendatzeko duen ahalmena ezagutzen zen ere eta herri-sendakuntzan erabili da askotan.

Elorri zuria ere zuhaitz magikotzat hartzen zen. Batzuetan bedeinkatzen zen eta, San Juan goizean etxeko ate nagusian zein leihoetan zintzilik jartzen zen. Kasu honetan ere, tximisten aurkako ahalmena omen zuela esaten zen eta, modu horretan, etxea babestuta geratzen zen.

Etxearen kanpoaldean ekaitzak harrapatu ezkero, elorri baten azpian babestu behar zen. Eta hantxe egonda, ondo legoke elorri-arantza adar bat hartu eta buru gainean kokatu ekaitza irauten duen bitartean.

Honako hauek adibide batzuk baino ez dira. Gure herriko ohituretan badaude landare eta zuhaitz berezi asko. Arrosak ere baditu sendatzeko propietateak, Gernikan, Bermeon eta Goizuetan esaten zuten moduan. Eta errito bereziak burutzen zituzten berton; baina hori beste egunerako utziko dugu.

Amaitzeko...

Zuhaitzen azpian elkartzen ginen, herri moduan izaera izateko. Ez da arraroa beraiek ere gure mitologiaren parte izatea, ezta? Zuhaitz jainkoa, sinesmen magikoak eta kondairaz betetakoak, mugarriak izan direnak, sinbolo politikotzat ere… Zaindu ditzagun gure basoak eta bertan bizitzen diren zuhaitz, landare eta izaki magikoak!

Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakuleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun