Koronabirusa Uribe Kostan

EUDELek 300.000 maskara erosi ditu EAEko udalerrietan banatzeko, horietatik 24.300 Uribe Kostan

Unai Brea 2020ko api. 22a, 15:24

Maskarak kamioiak sartzen, banaketa hasteko. © EUDEL

EUDEL Euskadiko Udalen Elkarteak jakinarazi du 300.000 maskara kirurgiko banatuko dituela doan EAEko udalerri denen artean, udal-gobernu bakoitzak gura duen moduan erabiltzeko. Biztanle-kopuruaren arabera egindako banaketan, 24.300 egokitu zaizkie Uribe Kostako hamar udalerriei. Banaketa gaur bertan hasi da.

EUDELeko elkarteburu eta Gasteizko alkate Gorka Urtaranek azaldu du udal askoren eskariari erantzun guran erabaki dutela "ezohiko ekimen hau" aurrera ateratzea. Urtaranek zehaztu du batez ere udal txikiak dabiltzala laguntza eske, eta azaldu du EAEKo udal gehienek ez dutela maskarak erosteko baliabiderik, ezta haien merkatura ailegatzeko autonomia nahikorik ere.

“Alkateak, borondate onez, maskarak lortzen saiatzen ari dira", esan du EUDELeko buruak, "baina zalantza handiak dituzte, ez baitituzte hornitzaileak ezagutzen (ez dira udal-zerbitzuetako ohiko hornitzaileak), ezta eskainitako produktuaren kalitatea eta erabilgarritasuna ere”. Izan ere, gaur egungo atakan, sektorean dagoen espekulazioak arriskuak eta zailtasunak sortzen du horrelako erosketa bat egiteko orduan, aditzera eman dutenez.

Prezioa zahaztu barik, baina "merkea"

Maskarak EUDELen bitartekoakaz finantzatu direla azpimarratu du elkarteak (ez dute ordaindutako zenbatekoa adierazi gura izan). Oraingoan dohainik emango zaizkie udalei, eta etorkizunean, beharra balego, erosketak EUDELen bitartez koordinatzeko eta lana errazteko bidea irekita dagoela nabarmendu dute, kasu horretan udal bakoitzak berea ordainduz. Gaurtik banatuko den partidari dagokionez, prezio zehatza adierazi ez badute ere, nahiko merkea eskuratu dituztela azaldu dute, eskariaren tamainagatik (izan ere, Eusko Jaurlaritzagaz batera erositako sail handiago baten barruan dauden 300.000 maskarak).  

Bestalde, udal batzuk beren kasa dabiltza herritarrei emateko maskarak erosten. Uribe Kostan, hain zuzen, hala egingo dutela iragarri dute egunotan Leioak eta Sopelak. EUDELeko iturrien esanetan, hori kontuan hartu barik egingo da 300.000 maskaren banaketa, "nork bere aldetik lor dezakeenari gehitzea" baita oraingo dohaintzaren helburua. 

Bizkaian 145. 000 alde banatuko dituzte, Araban 43.750, eta Gipuzkoan 107.000. Uribe Kostako udalerri bakoitzari kopuru hau egokituko zaio:

  • Barrika: 250
  • Berango: 1.200
  • Erandio: 4.000
  • Getxo: 10.000
  • Gorliz: 1.200
  • Leioa: 4.000
  • Lemoiz: 250
  • Plentzia: 700
  • Sopela: 2.000
  • Urduliz: 700
  • DENERA: 24.300

   

Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakurleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun